Tubos Reunidosek 64 milioi euro galdu zituen iaz, baina badu lana

Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Tubos Reunidosek 64,7 milioi euroren galerak izan zituen iaz. 2020ko emaitzak hobetu zituen: 98 milioi euro galdu zituen pandemia betean. Halere, espero baino txarragoak izan ziren, hein handi batean energiaren prezioa ezustean garestitu zelako. Egoitza nagusia Araban duen hodigintza enpresak 337 milioi euroren galerak izan ditu azken zazpi urteetan.

2021. urtea mugarri handi bat izan zen Tubos Reunidosen ibilbidean. SEPIk 113 milioi euroren erreskatea eman zion, eta Euskal Herriko azpiegituren berregituraketa hasi zuen, ekoizpena Amurrio inguruan biltzeko asmoz. Urte luzeko galerei aurre egitea da mugimendu horien helburua, baina oraindik goizegi zen eragina sumatzeko.

243 milioi euroren fakturazioa izan zuen iaz, 2020an baino 1,3 milioi gehiago. Antzeko fakturazioa izan arren, galerak asko murriztu zituen, eta gehiago murriztuko zituen energia hainbeste garestitu izan ez balitz. Izan ere espero baino 16,3 milioi euro gehiago gastatu zituen energia horniduran.

Zenbakiak ez dira onak, baina enpresa baikorra da 2022ra begira. Iazko azken hilabeteetako joera aldatu egin zen, eta eskaerak asko handitu ziren. Horiek hala, 177 milioi euroren eskaera zorroarekin bukatu zuen urtea. Hamabi hilabete lehenago zuen eskaera kopuruaren %250 da hori.

Lan arloari dagokionez, enpresari kosta egiten ari zaio berregituraketako pausoak ematea. Iragan astean Amurrioko lantegiko langile batzordearen gehiengoak (CCOO, UGT eta LAB) akordio bat sinatu zuen zuzendaritzarekin, baina langile gehienek aurka bozkatu zuten (%55ek).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.