Salem Ahmedu. Iruñean bizi den sahararra

«Haur batzuek hona etortzean izaten dute beren gaitzen berri»

Haurra zelarik, Ahmedu lehen aldiz atera zen Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetatik, Oporrak Bakean programari esker. «Osasuna da garrantzitsuena, ongi pasatzeaz eta halako beroa ez jasateaz gainera».

IKER TUBIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Iruñean bizi den sahararra da Salem Ahmedu (Dakhla, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentua, Aljeria, 1993), baina errefuxiatuen kanpamentuetan sortu eta hazi zen. Oporrak Bakean programari esker, 8 urterekin aukera izan zuen basamortuko bero itogarria atzean utzi, eta Galizian udak pasatzeko. Han igarotako «sekulako esperientzia ederra» kontatu du, eta pena adierazi iaz bezala aurten ere haur sahararrek ezin izanen dutelako udan etorri.

Noiz atera zinen lehenbiziko aldiz kanpamentuetatik?

Oporrak Bakean proiektuarekin Galiziara joan nintzen 2001ean. Bi hilabete pasatu nituen han. Lehenbiziko urtean harritu egin nintzen, haurra nintzelarik uste bainuen mundu guzian errefuxiatuak bizi garen bezala bizi zirela. Eraikinak, komunak, itsasoa... Flipatu egin nuen itsasoarekin!

Zenbat urtez parte hartu zenuen Oporrak Bakean programan?

2005ean izan zen azkena. Beti Galizian, baina bi familiarekin.

Helduaren ikuspegitik zer garrantzia zuen udan kanpamentuetatik ateratzeak?

Gehienbat, osasuna. Haur batzuek eta haien familiek ez dakite gaixotasun batzuk dituztela kanpamentuetatik ateratzen diren arte. Osasuna da garrantzitsuena, ongi pasatzeaz eta hainbeste bero ez pasatzeaz gainera. Oporrak Bakean izan da nire bizitzako proiekturik onena, sekulako esperientzia ederra. Beti buruan iltzatuta geratuko zait.

Haur baten begietatik, zer zen gehien erakartzen zintuena?

Parkeak ikusten dituzte han ez daude edo belarra han soilik dunak daude. Hemen igerilekuan eta itsasoan gozatzen dute haurrek. Nik hemen ezagutu nuen Play Station jolasa.

Lehen urtea gogorra izan zen?

Bai, kostatu zitzaidan. Lehen hilabetean familiaren falta sumatzen nuen; tarteka negar egiten nuen, oihu... Baina normala da.

Bigarren aldia ezberdina izan al zen?

Bueltatzeko esperoan egoten nintzen, eta beste familia ikusteko gogotsu, alai. Gogoratzen nituen aurreko urtean bizitako uneak, itsasoa... Pentsa, kanpamentuetan ez dago deus ere.

Eta familiak nola egoten dira seme-alaba udan hona bidalita?

Familiak kontent daude seme-alabek ez dutelako uda han pasatuko, beste hizkuntza bat ikasiko dutelako eta beste errealitate bat ezagutuko dutelako. Han jende asko ez da sekula atera kanpamentuetatik. Noski, haurraren falta sumatzen dute.

Nolakoa da uda han?

Uztailan 11:00etatik aurrera ezin duzu kalera atera; sekulako beroa egiten du, baita gauez ere. Ur gutxi dago, basamortua da, 2019an 61 gradu baino gehiago egin zuen... Oso gogorra da denentzat; beraz, pentsa haurrentzat!

Galiziara joan aurretik nola igarotzen zenituen udak?

Garai haietan ez zegoen aire giroturik ez deus, ezta arnasa hartzerik ere. Melfa hartzen nuen, nire amaren jantzia, pixka bat busti pixka bat, ez baita ur askorik eta soinean janzten nuen. Horrela eguzkia ezkutatu arte.

Haur horiek uda txarra pasatuko dute, beraz?

Bai, niri sekulako pena ematen dit. Batzuk ez dira inoiz atera handik, beste batzuk behin etorrita ezin dute itzuli, eta batzuei azken uda edo azken biak tokatu zaizkie pandemiarekin.

Gaur egun egoera hobea da kanpamentuetan?

Orain, pixka bat hobea da. Ni txikia nintzenean, ez zegoen errepiderik Dakhlan. Orain, errepideak daude, aire girotua etxe askotan, elektrizitatea, wifia, datuak... Bizitzeko badago, baina, hala ere, ezin dugu atzendu errefuxiatuen kanpamentuak direla.

Dakhlara zoaz. Itzuliko zara?

Familia ikustera noa, baina itzuliko naiz, noski. Ni hemengoa naiz, hemen ikusten dut neure burua. Hemen lan egiten dut, familia laguntzen dut, gozatzen dut, eta, batez ere, osasuna zaintzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.