Sanrokeak Laudion

Hamabi egun, hamaika jardun

Ruperto Urkijo bolari taldeak irakurriko du pregoia gaur Laudion. Bihar, Kuxinak Tripotxan kuadrillak botako du suziria, jaiei hasiera emateko
Jende ugari elkartu ohi da txupinazo egunean.
Jende ugari elkartu ohi da txupinazo egunean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Igor Galarza -

2019ko abuztuak 14
Festa giroa heldu da Laudiora (Araba). Gaur hasiko dira herriko jaiak, sanrokeak, eta atseden egun batzuk tarteko, hamabi egunez herria eraldatu egingo da. Kontzertu ugari, herri bazkariak, txapelketak... Eskaintza zabala edukiko dute egun hauetan Laudion. Aurten Ruperto Urkijo (1875-1970) poeta eta abeslari laudioarra jarriko dute jaiaren erdigunean. Izan ere, haren izena daraman bolari taldeak irakurriko du gaur pregoia. Horren ostean, Urkijoren hainbat kantu gogoratu eta abestuko ditu herriko Arlote taldeak.

Ruperto Urkijo bolari taldeko kide Jose Luis Sanchezek adierazi duenez, «sorpresaz» hartu zuten pregoia irakurtzeko proposamena, ez baitzuten espero. Otsailean helarazi zion eskaintza Laudioko Udalak bolari taldeari. «Guk pozik hartu genuen, eta asko eskertzen diogu udalari gu kontuan hartu izana». Esan du oso harro daudela «Urkijoren ondarea» euren gain hartzeaz.

Bihar hasiko dira ofizialki jaiak, ordea: Andre Maria egunean. Agenda bete-betea edukiko dute herritarrek. Goizetik hainbat txapelketa eta ekintza egingo dituzte. Baina eguneko eta jaietako momentu garrantzitsuenetako bat suziria jaurtitzea izango da. 12:00etan izango da, eta Kuxinak Tripotxan jai kuadrillak piztuko du aurtengo suziria, jaiei ofizialki hasiera emateko.

Urte eta mende askotako tradizioa duten ekintzak egingo dituzte. Felix Muguruza Laudioko kultura ondarearen arduradunak nabarmendu du, ordea, «berrikuntzarik» proposatzen bada «gustura» hartzen dituztela ideia berriak. Eragileekin harreman «ona» dagoela gaineratu du: «Denok nahi badugu jaiak ondo ateratzea, erraza da elkar ondo eramatea».

Jaiei hasiera ofiziala emanda, eguerdian erromeria, kalejira eta jolas mota ugari antolatuko dituzte, baita txapelketa batzuk, ohikoetatik urruntzen direnak: eski-taula txapelketa eta aire zabaleko pintura lehiaketa dira horietako batzuk. Bigarren txapelketa horretan, herriak dituen eremuen barruan pinturak margotu behar dituzte partaideek, eta arratsaldean garailearen izena emango dute. Gauean, jaiak ez du etenik izango, eta Ertzak eta Akerbeltz taldeen kontzertuak egongo dira.

Hurrengo egunetan ere goizetik zer egin izango dute laudioarrek eta Laudiora joan nahi dutenek. Etzi goizean, San Roke egunez, kalejirak egongo dira herriko kaleetan, eta musikak koloreztatuko du Laudio. San Roke kofradiako kide Jose Luis Navarrok azpimarratu du «egun handietako bat» dela, eta herritarrek asko gozatzen dutela. Eguerdian, beteranoek, bazkaria egin, eta taldeko argazkia aterako dute. Arratsalde aldera, kalejirek berriz hartuko dituzte kaleak, eta umeek, gazteek eta helduek gozatzeko musika emanaldiak egongo dira. Gauean, Kaleko Urdangak, KOP eta Tinko taldeek jarriko dute martxa txosnetan.

Larunbatean, Atzoko Gazteen Eguna antolatuko dute. Herriko kuadrilla beteranoei edo historikoei bideratutako eguna izango da. Arrautzopil eta Untxi Gisatu Lehiaketan parte hartuko duten kideak goizetik hasiko dira janaria prestatzen. «Jaietako ekintzetatik, ezagunenetarikoa eta jende gehien biltzen duenetarikoa» dela esan du Angela Marañonek. Laudioko baserritar azokan postua jarriko du aurten, beste baserritar batzuen artean.

Jaiak, atseden egunekin

Hiru eguneko etenaldia egingo dute festek larunbataren ondoren. Gaur zortzi, berriz ekingo diete jaiei herritarrek. Kofradia Eguna eta Baserri Eguna dira atsedenaldiaren osteko egunik esanguratsuenak. Marañon ez dago ados etenaldia egitearekin: «Askoz hobeto izango litzateke jaiak zazpi edo zortzi egunekoak izatea. Orain, jaietan lau katu besterik ez gara biltzen». Hala ere, baserri eguneko azoka tradizionalean «jende ugari» biltzen dela esan du, eta aurten ere «jendetza» biltzea espero du. Navarrok ulertzen du herritarrak «haserre samar» egotea jaiegun kopuruarekin: «Arrazoirik ez zaie falta. Izan ere, hainbeste egun hartuta, hirietako eta beste herrietako jaiekin elkartzen dira gure jaiak, tamalez».

Baina aurtengoari, aurtengoa. Eta ez da gutxi. Pregoia irakurtzea eta suziria piztea besterik ez da falta festak has daitezen. Hamabi egunez, hamaika jardunez gozatzeko aukera izango du Laudiora joan nahi duenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna