«Gure gobernu programa beteta dago, hein handi batean»

gotzon hermosilla
Gasteiz
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Zaldibarko hondakindegiaren auziaz gain, abagune politiko eta sozialaren beste zenbait gai ere jorratu ditu Erkorekak; esaterako, EAEn amaitzear den agintaldiaren balantzea edo Martxoaren 8a dela-eta mugimendu feministak plazaratutako aldarrikapenak.

Zer irizten diozu amaitzear dagoen agintaldiari?

Gure gobernu programa, hein handi batean, beteta dago, eta hartutako konpromiso gehienak beteta daude, edo betetze bidean; hori, gobernuaren menpe zeuden konpromisoen kasuan. Badago konpromisoen beste atal bat legebiltzarraren bidez egin behar zena, eta hor helburuak ez dira maila berean bete. Legebiltzarrean jarrera aldekorik ez badago, edo legeak egiteko bere funtzioari uko egiten badio, legebiltzarraren kontua da. Gobernuak bere esku zituen konpromisoen artean, gehien-gehienak beteta daude.

Aurten ere, Martxoaren 8an mugimendu feministak interpelazio zuzena egingo die erakundeei. Jaurlaritza ere interpelatuta sentitzen da? Zertan?

Inor ezin daiteke eskakizun horretatik kanpo gelditu; inork uste badu ez dela interpelatua arlo horretan, denboratik kanpo dago.Gure gobernua da orain artekofeministena; emakumezkoak gehiago daude gizonezkoak baino. Legealdi honetan bagenuen proiektu bat: Berdintasun Legean —bere garaian aitzindaria izan zen— aldaketa nabarmenak sartzea eta tresna juridikoak eskaintzea, esaterako, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, baina legealdia amaitu da eta ez da onartu. Hurrengo legealdirako egin beharreko lehenengo gauzetako bat izango hori da.

Martxoaren 8a, dudarik gabe, borroka eta mobilizazio eguna da, baina, horrez gain, nik uste dut itxaropen eguna ere badela. Gizadiaren historiaren orrialderik emankorrenak oraindik idatzi gabe daude, emakumeek inolako mugarik gabe eman dezaketen guztia emateko aukera oraindik gauzatu ez delako. Lan egiteko gaitasunean, talentuan eta balioetan, emakumeek ekarpen handia egingo dute etorkizunean.

Espainiako Gobernuarekin egutegi bat hitzartu berri duzue, oraindik jaso gabe gelditzen diren eskumenak transferitzeko. Orain arte izan dituzuen harremanetan nolako aldartea sumatu duzue Espainiako gobernu berrian?

Egutegia maila politikoan kudeatu dugu, eta maila horretan sintonia eta borondatea daude. Orain arte ez dago kexurako motiborik. Nire zalantza beste bat da: ea konpromiso politiko hori gauzatzeko gai izango diren, kontuan izanik estatuko administrazioan badagoela goi mailako funtzionariotza bat, bere irizpide zentralistak oso errotuta dauzkana. Azkeneko urteotan ikusi dugu hori sendotuz doala, eta erabaki politikoak baldintzatzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.