Frantziako Tourra

Gelako bizkorrena, berriz ere

Kragh Andersenek bigarrenez irabazi du Tourrean, amaieran osatu den ihesaldian sartu eta aurkariak ezustean harrapatuta. Hirugarren etapa garaipena du Sunwebek. Gaur, erlojupeko erabakigarria

Gelako bizkorrena, berriz ere.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Eman metro erdia Soren Kragh Anderseni (Sunweb), eta zureak egin du. Danimarkarra errematatzaile petoa dela ari da erakusten aurtengo Tourrean. Pedal kolpe ahaltsua du, eta, batez ere, oportunista hutsa da. Beti jotzen du unerik aproposenean. Halaxe egin zuen 14. etapan, Lyonera bidean, tropel osoa itsumustuan harrapatuta. Bada, gelako argiena dela berretsi zuen atzo, 19. etapan. Ihesaldi ona hartu zuen bukaeran, eta 15 kilometro falta zirela egin zuen hanka, aurkariek gutxien espero zutenean. Hori horrela, hirugarren etapa irabazi zuen Sunweb taldeak. Lasterketako animatzaile nagusietako bat izan da, eta, ikuskizun handia emateaz landa, emaitza paregabeak lortu ditu Kragh Andersen eta March Hirschirekin. Sailkapen nagusirako liderrik ezean, arrakasta lortu du mosketariz osatutako taldearekin.

Ihesean garaipena lortzeko azken aukera zuten atzo txirrindulariek, eta igarri zitzaien. Etapa bizia eta ikusgarria egin zuten, azken kilometroetan batez ere. Ibilbidea, gainera, aproposa zen jolaserako. Laugarren mailako mendate bat baino ez zeukan, baina, aldi berean, hautsia zen, muinoz josia. Gozatu egin zuten klasikozaleek, eta gozarazi egin zituzten zaleak. Saiakera ugariren ondoren, helmugatik 30 kilometrora osatu zen baleko ihesaldia. Hor zeuden, besteak beste, Greg Van Avermaet eta Matteo Trentin (CCC), Peter Sagan (Bora), Sam Bennett (Deceuninck), Jasper Stuyven (Trek), Oliver Naesen (AG2r), Luka Mezgec (Mitchelton)... eta Kragh Andersen. Maila handiko taldea zen, eta oso zaila zen irabazlea iragartzea.

CCCk bi ziklista zituen, eta abantaila baliatu nahian, Trentinek eraso egin zuen. Kostata iritsi ziren haren gurpilera Sagan eta Bennett. Multzoa batu egin zen berriro, eta ziklistak oraindik arnasestuka zeudela, abaila batean atera zen Kragh Andersen. Elkarri begira gelditu ziren gainontzeko iheslariak, eta zuten erreleboka aritzeko akordiorik lortu. Hartara, danimarkarrak gozatua hartu zuen etapako azken kilometroetan, eta garaipena ospatzeko nahi adina denborarekin iritsi zen helmugara. Mezgec eta Stuyven sartu ziren haren atzetik, 53 segundora. Tropelak, berriz, 7.38ko atzerapena izan zuen; etapa tramite hutsa izan zen sailkapen nagusiko txirrindularientzat.

Saganek amore eman du

Lehen kilometroak ere oso lehiatuak izan ziren. Garaipenik gabeko taldeek ihesaldian egon nahi zuten, baina, era berean, Borak erritmo bizia ezarri zuen tropelean. Lasterketa gogortzea zuen helburu, tarteko esprintaren aurretik Bennett atzean utzi, eta, hala, Saganek urratsa egin zezan maillot berdearen borrokan. Hori horrela, Remi Cavagna (Deceuninck) izan zen aurrera egitea lortu duen bakarra. Frantziarrak 115 kilometro egin zituen lasterketa buruan, ohi duen dotoreziaz; harik eta laukote batek esprintaren aurretik harrapatu zuen arte.

Borak ez zuen muinoetan Bennett atzeratzerik lortu, eta, esprintera iristerako, amore eman zuen Saganek. Zazpi aldiz irabazi du erregulartasunaren sailkapena, baina jada ez du garai bateko sasoirik. Borroka bizia izan zen tarteko helmugaren ostean, eta,36 kilometro falta zirela, 14 lagunek bat egin zuten buruan. Alabaina, harrapatu egin zituen tropelak, eta hortik gutxira sortu zen Kragh Andersenek trebetasunez profitatu zuen ihesa.

Gaur Tourreko erlojupeko bakarra jokatuko da. 36 kilometroko saioa da, eta bitan dago banatuta. Lehen 30 kilometroak lau antzekoak dira, baina amaieran La Plance des Belles Filles (5,9 kilometro eta %8,5eko pendiza) igo beharko dute. Oraindik irekita dago garaipenaren borroka Primoz Roglic (Jumbo) eta Tadej Pogacarren (UAE) artean. Mikel Landa (Bahrain), berriz, bosgarren postuari eusten saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.