BAKARRIZKETA

Amazonen bigarren egoitza lortzeko lehiaren irabazlea: Amazon

Irune Lasa.
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Seattlen du Amazonek bere egoitza nagusia, AEBetako ipar-mendebaldean. Baina, negozioa etengabe haziz doakiola, Jeff Bezosen konpainiatzarrak beste egoitza handi bat behar zuela erabaki zuen. Ordutik, Amazon erakartzeko lehia bizia izan da azken hilabeteetanAEBetako hiri handien artean.

1. Neurri batean normala izango da lehia hori; besteak beste, lanpostuak sortuko ditu Amazonek. 5.000 milioi dolarreko inbertsioa —4.400 milioi euro— iragarri zuen konpainiak, eta 50.000 lanpostu berri sortuko zirela.

2. Fiu... Eta nork irabazi du? Azkenean ez da egoitza bakarra izango. Amazonek bi egoitza handi egingo ditu, 25na mila langilerekin. Bat New York estatuan ezarriko da, Queensen. Eta bestea, Virginia estatuan, Washington DCko erdigunetik hurbil.

3. Pozik egongo dira hiri horietan. Lanpostu eta inbertsio mordoa. Bada, bi hirietan badago jarrera kritikoa gertatu denarekin. Batetik, beldur dira Amazonen eta bere kualifikazio handiko langileen etorrerarekin garestitu egingo direla etxebizitzak, baita bizimodua bera ere. Halako ezarpenak egin diren hirietan daude etxegabe kopuru handienak AEBetan. Bestetik, konpainia erakartzeko Amazoni eskainitako pizgarriak ere hor daude. Datozen hogei urteetan bi hiri horietan Amazonek zergatan 13.200 milioi dolar (11.600 milioi euro) ordainduko ditu. Baina hurrengo hamar urteetan estatu horietan 2.200 milioi dolar inguruko (1.940 milioi euro) pizgarri fiskalak izango ditu.

4. Ño, dirutza eskainita irabaz daiteke lehia. Izan dira pizgarri handiagoak eskaini dituzten hiriak eta estatuak. Eta gauza askoz gehiago eskaini dituztenak.

5. Esan, esan. Zerga pizgarriak, kenkariak, langileentzako alokairu zergetan salbuespenak... Denetik izan da. Atlanta hiriak, adibidez, bere aireportuan Amazoneko zuzendaritzarentzako areto esklusibo bat eskaini zuen, doako aparkaleku eta guzti, eta hiriko trenean Amazoneko langileek bagoi esklusiboa izateko aukera ere aipatu zuen. Dallasek ere aireportuan hangar berezia eskaini zion konpainiari, eta Amazon unibertsitatearen sorrera, baita hiriko zenbait kalek Amazonen produktuen izenak izatea ere. Amazonen sortzaile Jeff Bezos Star Trek zalea dela jakitun, Chicagok William Shatner (Kirk kapitaina telesailean) hautatu zuen bere eskaintzaren bideoan hizlari izateko...

6. Eta, azkenean, zer hartu du aintzat Amazonek? Dirua eta zerga pizgarriak garrantzitsuak izan arren, itxura guztien arabera, botere guneetan egotea hobetsi du Bezosen konpainiak. Eta, gero, ez da ahaztu beharAEBetan kostaldeetan biltzen ari dela berrikuntzaren eta ekonomiaren indarra, baita langileria kualifikatua ere.

7. Hori jakinekoa bazen, zertarako piztu du Amazonek lehia hori guztia? Nola dio kantak? «Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea». Dena den, orain AmazonekAEBetako hiri nagusien etorkizunerako asmo eta plangintzen berri dauka, hara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.