Frantziako Tourra

Erasoa du bide bakar

Kwiatkowskik irabazi du Tourreko 18. etapa, Carapaz taldekidearekin batera helmugaratuta. Landa suspertu egin da, eta bosgarren jarri da. Roglic, eroso

Erasoa du bide bakar.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Erasorik gabe, ez dago ziklismorik Mikel Landarentzat (Bahrain). Beti jokatzen du ausart, ondo edo gaizki egon, ondorioetan askorik pentsatu gabe. Herenegun, kemenik ez zitzaion falta izan Madeleinen eta Lozen gora; bai, ordea, indarra. Atzo, aldiz, bi osagaiak uztartu zituen, eta bere onera etorrita, piztu egin zuen onenen arteko borroka Tourreko azken etapa menditsuan. Arabarrak azpi-azpitik jo zuen Glieresen, eta ahalegin errentagarria izan zen: atzean utzi zituen Adam Yates (Mitchelton) eta Rigoberto Uran (Education First); eta hartara, bi koska egin zuen gora sailkapenean. Bosgarren dago orain, Primoz Roglicengandik (Jumbo Visma) 3.28ra. Esloveniarrak eskura du garaipena, azken-aurreko azterketa ere aise gainditu baitzuen atzo.

Etaparen lehian, berriz, jaun eta jabe izan zen Ineos taldea. Izan ere, ihesean nahieran jardun zuten Michal Kwiatkowskik eta Richard Carapazek, eta besarkatuta helmugaratu ziren. Poloniarrak lan neketsua egin zuen egun osoan, eta harentzat izan zen garaipena. Ekuadortarrak, berriz, mendiko elastikoa soineratu zuen. Talde britainiarrak porrot egin du aurtengo Tourrean, eta atzoko etapa irabazi izanak ez du hori aldatzen. Egitura, ahalmen eta ibilbide aldetik, maillot horiaren borrokan egon behar zuen Skyren oinordekoak. Eta kale egin du. Behintzat, nahigabea apur bat arinduko dio atzokoak.

Ibilbidea aproposa zen segadetarako eta lehia taktikorako, bost mendate kateaturekin. Lehenengoa, Roselend (18,6 kilometro eta %6,1eko pendiza), 30. kilometroan hasi ziren igotzen. Bertara 32 txirrindulari heldu ziren lasterketa buruan. Tropel itxurako ihesaldia zen. Faborito batzuek taldekideak sartu zituzten aurrean: adibidez, Landak Pello Bilbao eta Damiano Caruso zituen buruan; Miguel Angel Lopezek (Astana) Luis Leon Sanchez; eta Enric Masek (Movistar) Dario Cataldo, Carlos Verona eta Nelson Oliveira. Etapa ehizarako, berriz, hor zeuden Richar Carapaz (Ineos) eta Michal Kwiatkowski Jonathan Castroviejoren laguntzarekin, Marc Hirschi (Sunweb), Thomas De Gendt (Lotto Soudal) edo Nans Peters (AG2R).

Mehatxu handirik ez zeukan Jumbok. UAEk ez zuen inor sartu ihesaldian, eta oilar guztiak kate motzean zeuzkan lotuta. Hala ere, erritmo bizia ipini zuen. Aurreko taldea, bestalde, mehetuz joan zen lehen igoeran, eta gora hemeretzi ziklistarekin eta bi minutu eta erditik gorako aldearekin iritsi zen. Hirschi eta Carapaz oldartu egin ziren azken metroetan, eta ez zen mendiko puntuak biltzeko saiakera hutsa izan. Ez zuten hanka altxatu, eta Villesen (3,2 kilometro eta %6,6) Bilbao, Kwiatkowski eta Nicolas Edet (Cofidis) batu zitzaizkien.

Porteren matxura

Tropelak balazta sakatu zuen, eta ondorioz, boskotea ia bost minutuko aldearekin iritsi zen Saisieseko (14,6 kilometro eta %6,4) lehen aldapetara. Gainontzeko iheslariak, berriz, ia minutu batera zituzten jada. Aldaketa handirik ezean, aurrean zegoen etapa garaipena, eta faboritoak Carapaz eta Hirschi ziren. Suitzarra, baina, erori egin zen jaitsieran. Maldan behera erakustaldi handiak egin ditu Tour honetan; atzo, ordea, jokoz kanpo gelditu zen gaizki hartutako bihurgune baten erruz. Aravisen (6,7 kilometro eta %7) ahaleginak eta bi egin zituen, baina Kwiatkowskik eta Carapazek ez zioten itzultzen utzi. Bilbaok gurpilean zirauen.

Glieresen (6 kilometro eta %11,2), ordea, atzean utzi zuen Ineoseko bikoteak. Bada, ia une berean, erasoa jo zuen Landak onenen multzoan. Tourrean inkonformista izatea iraultzailea da egun, eta arabarraren saiakerak zirrara eman zion lasaiegi zihoan tropelari. Eta ez hori bakarrik: bistaratu egin zuen Yates eta Uranen ezina. Landak bat egin zuen Carusorekin, eta indartsuenek harrapatu egin zuten gero. Alabaina, aukera itzela zeukan sailkapenean aurrera egiteko. Are gehiago, Richie Portek (Trek) igoeraren osteko lurrezko bidean zulatua izan eta gero. 30 kilometro gelditzen ziren helmugarako, eta Bilbao ere tiraka jarri zen Landaren taldean. Ordea, australiarrak sua itzaltzea lortu zuen, Tom Dumoulinen (Jumbo) laguntzaz.

Roglicek, berriz, aski izan zuen iraute hutsarekin. Tadej Pogacarek (UAE) ez zuen batere artegatu. 57 segundoren aldea dauka La Plancheko erlojupekoari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.