BAKARRIZKETA

Lan ikuskaritza banpiro ehizan

KPMG aholkularitzak Madrilen duen egoitza. MARISCAL/ EFE.
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
1. Madrilen aholkularitza enpresa handien egoitzetan sarekada bat egon dela entzun dut aste honetan. Gaia trending topic bihurtu da sare sozialetan. Zergatik horrenbesteko zalaparta? Azaroan gertatu zen hori, baina aste honetan jakin da. Big four delakoen—PwC, KPMG, E&Y eta Deloitteren— bulegoetan egon ziren lan ikuskariak. Jakingo duzun moduan, 2019. urtetik enpresa guztiek erregistratu behar dituzte langileen sarrera eta irteera orduak, eta haietan agerikoa da iruzurra, beste askotan bezala. Dena den, zabaldutako informazioa haiek filtratu dute, eta sarekada hitza ere haiena da.

2. Zer asmorekin? Pentsatzekoa da kaltetu gisa agertu nahi dutela iritzi publikoaren aurrean. Polizia operazio handien itxura eman diote ikuskarien ohiko lanari: ordu txikietan «sartu» zirela zabaldu dute, momentu berean enpresa guztietan, solairu batzuk «hustu» zituztela, «panikoa» zabaldu zutela langileen artean... Iradoki dute Yolanda Diaz Lan ministroaren «operazio» propagandistiko bat izan dela.

3. Ezkutatzeko ezer izango ez balute bezala! Kontu ezaguna da halako enpresetan lanegun amaigabeak dituztela, hamabi ordutik gorakoak, atseden egunik gabe... Langile horien itxurak gehiago du banpiroen antza beste ezerena baino. Nazioarteko lan eta osasun erakundeak aspalditik ari dira ohartarazten sektore horretako langileen artean oso ugariak direla estres egoerak, depresioak, adikzioak eta nahi gabeko abortuak. 2013an, Erresuma Batuan, oihartzun handia izan zuen 72 orduz jarraian lan egin ondoren bere buruaz beste egin zuen Moritz Erhardt bekadunaren kasuak.

4. Horri esklabotza ere deitu ahal zaio! Langileen estatutuak argi dio gehienez bederatzi orduz egin daitekeela lan, eta hamabi ordura zabal daitekeela lan hitzarmen kolektiboan jasotzen bada, eta baldintza batekin: gero gutxienez beste hamabi orduko atsedena izatea.

5. Dena den, enpresa horietako langile batzuek esklabo alaiaren itxura ere izaten dute. Ohikoena da denbora labur batez irautea eta ospa egitea. Hasi berrientzako soldatak eta plusak beste enpresa batzuetan baino hobeak izaten dira, baina, bereziki, lanpostu horiek hartzen dituzte ate asko zabaltzen dizkietelako, kontaktuak-eta. Lehia eta handinahikeria oso zabalduta daude halako enpresetan.

6.Big four-en haginak ere oso luzeak dira. Haiek bai banpiroak! Enpresa handienentzat eta erakunde publikoentzat lan egiten dute, informazio pribilegiatua dute, dirutzak kudeatzen dituzte... Adibidez, gobernuek haien esku utzi dute Next Generation funtsen banaketaren zati handi bat. Jaurlaritzak ere halaxe egin du, Deloitteren bidez. 2021ean CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak aholkularitza hori zigortu zuen, KPMG eta beste batzuekin batera kartel bat osatzeagatik euskal administrazioek esleitutako kontratuak banatzeko.

7. Alegia, ate batetik ateratzen dena bestetik sartzen dela. Eta dirua bezala, pertsonak ere. Oso luzea da aholkularitzetatik pasatu diren kargudun publikoen zerrenda eta alderantzizko bidea egiten dutenena. Politikara itzuli berri den Borja Senper, gogoratzen? Duela bi urte E&Yko harreman instituzionalen ardura hartu zuen, eta bueltan da. Hala ere, ziur egon hark ez zituela hasiberrien lan baldintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.