Asier Fullaondo.
ARGI ALDIAN

Eta espezie guztiak sekuentziatuko bagenitu?

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Giza genomaren sekuentziazio proiektua martxan jarri zenean, ikertzaileok beharrezkoa ikusi genuen, giza genoma ondo ulertzeko, beste espezie batzuen genomen sekuentziak ere egitea. Eta horrela egin zen, legamia, sagua, Drosofila eulia, E. coli bakterioa eta beste organismo batzuk sekuentziatuz. Aukeratutako organismo horiek sekuentziatu ziren biologian animalia edo mikroorganismo horiek eredu moduan erabiltzen zirelako. Beraz, haien informazio genetikoak lagundu egingo zuen giza genomaren informazioa hobeto ulertzen. Ikuspegi hori erabat pragmatikoa zen.

Sekuentziazio metodologiak hobetzen ziren heinean, eta, bereziki, bigarren belaunaldiko sekuentziadoreak garatu zirenean, sekuentziazio prozesuak izugarrizko abiadura hartu zuen. Ez bakarrik sekuentziazio prozesua azkartuz, baita nabarmen merkatuz base bakoitzeko prezioa ere. Iraultza hau 2007an hasi zen, eta, gaur egun, 1.000 euro inguruan egon daiteke giza genoma baten sekuentziazioa egitea, nahiz eta Giza Genoma proiektuak orain hamabost urte 2,7 milioi dolar balio izan. Beraz, sekuentziazioa izugarri merkatu da. Hainbeste merkatu ere, ezen Islandiak bere biztanleria osoaren genoma sekuentziatu nahi duen eta Erresuma Batuan 500.000 biztanleren genomak sekuentziatu nahi dituzten.

Sekuentziazioaren zurrunbilo horrek ez die gizakiei bakarrik eragiten; izan ere, beste organismo askoren genomen sekuentziazioa ere egiten ari dira: adibidez, 10.000 genomaren proiektua, 10.000 espezieren genomak sekuentziatzea helburu duena.

Orain urrats bat harago joatea proposatu dute. Lurreko espezie guztien genomen sekuentziazioa planteatu dute. Ideia proposatu dutenek izaki eukariota guztien genomen katalogoa egin nahi dute, eta, informazio horrekin, bizitzaren eboluzioa nola gertatu den ulertu. Kalkulatu da bizitza osoaren sekuentziazioak Giza Genoma proiektuan erabilitako diru kantitatearen inguruko aurrekontua izango duela. Asko dirudi, baina gauza bera esan zen Giza Genomaren sekuentziazioaren inguruan, eta, gaur egun, analisi genomikoak industria oso indartsu bihurtu dira.

Nik ez dut argi den-dena sekuentziatu behar den edo ez, eta, agian, espezie batzuk sekuentziatzea ez du onurarik ekarriko. Baina seguru nago, Lurrean gizakiak duen eragina ikusirik, urte gutxi barru hainbat eta hainbat ekosistema galduko direla, eta bertako animalia eta landareak betirako desagertuko direla. Agian ezin ditugu ekosistema horiek bere osotasunean mantendu, eta ezin izango ditugu espezie guztiak bizirik eduki, baina, gutxienez, izaki horien guztien informazio genetikoa sekuentziatuko bagenu, eboluzioan sortutako ondare genetikoa mantentzeko aukera izango genuke. Eta, agian, aurrerago, espezie horiek berpizteko aukera izango genuke. Baliteke urte batzuk barru, ordenagailuan gordetako sekuentzia batetik hasita, gai izatea izaki bat garatzeko.

Ez dut argi espezie guztien genoma sekuentziatu behar denik, baina erabat seguru nago espezie askoren ondare genetiko galtzea erabat onartezina dela.

Bizitzaren ondarea da, hain zuzen, hemen jokoan duguna, bizitzaren ondare genetikoa. Hainbat eta hainbat diru erabiltzen dugunez gizakiaren historiaren ondare diren aztarna eta elementuak gordetzeko, agian bizitzaren ondare genetikoa ere gorde beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.