Danimarka: bide onetik segitu nahian

Christian Eriksen. LISELOTTE SABROE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Danimarka bederatzigarrenez lehiatuko da Eurokopan. Zaleen ametsa berriz 1992ko balentrialortzea da. Txapeldun izan zen aldi hartan, Michael Laudrupen hutsunea izanagatik. Zortzi urte lehenago, brontzea kolkoratu zuen, Espainiarekin finalaurrekoetan galdu eta gero. Alabaina, aspaldiko kontuak dira horiek, eta azken aldietan makal aritu da: 2004an igaro zuen azkenekoz multzoen fasea, eta 2016ko txapelketa ez zuen jokatu ere egin. Hori bai, final-zortzirenetan sartu zen orain dela hiru urteko Munduko Kopan, esperientziaz eta kalitatez ondo hornitutako taldearekin. Iazko ekainean hartu zuen taldea Kasper Hjulmandek, baina jarraitutasunaren alde egin du apustu, Danimarkak bide onean segi dezan.

Hala, taldearen bizkarrezurra oso antzekoa da, eta orno nagusia Christian Eriksen da oraindik. Behera eginda zebilen Interren, baina denboraldia sasoiko bukatu du. Hark ematen dio zentzua Danimarkaren erasoko jokoari, punta-erditik abiatuta. Sormena haren kontua da. Defentsan, berriz, bikote sendoa osatzen dute Andreas Christiansenek eta Simon Kjaerrek, euskarrian Pierre Emile Hojbjerg eta Thomas Delaneyk bezala. Atea Kasper Schmeichel beteranoak zainduko du, eta aurkarien atea zulatzeko ardura, besteak beste, Martin Braithwaitek, Yousuf Poulsenek eta Kasper Dolbergek izango dute.

Nekez hartuko dio aurrea Belgikari, baina aukerak ditu bigarren sailkatzeko. Finlandia baino gehiago da teorian, eta Errusiari ere gailendu dakioke. Gainera, Kopenhagen jokatuko ditu multzoko hiru norgehiagokak, zaleen babespean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.