martxelo otamendi

Beste ikasgai bat guretzat

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesuaren ikasgaietako bat, beste bat azken urteotan, asteon ikusi dugu. Iazko urriaren lehen egunean Espainiako poliziek egindako eraso gogorrak gogoratzeko eguna zena mossoen erasoaz hitz egiteko eguna bihurtu zen; agenda erabat aldatu, eta batean eta bestean egindako ekitaldiei itzal eginez.

Ikasgai horrek erakusten digu, Francoren aurka bezala, errazagoa dela batasun giroan jardutea arerioa kanpokoa denean —Espainiako Gobernua, bateko eta besteko auzitegiak...—, eta zailagoa dela oraintsu arteko bidaideen artean arerioak ez baizik etsaiak ikusten direnean. Zailago baino gehiago, ezinezko.

Katalunian egiten ari zaretenarekin oso ilusionatuta dagoen gure herriko jende asko oso kezkatuta dago zuen herritik datozkigun berriekin, ezkutaezinezko zatiketa eta giro txarra adierazten dituztelako albiste horiek, estatu egituren gozamenerako. Bide hori oso motza da, are gehiago hauteskundeetako emaitzetan irakur litekeen gehiengo soziala justua eta urte gutxitakoa denean.

Baliteke —horrela esan ohi dute prozesu hauek aztertu izan dituztenek— zuena bezalako prozesu batean normalak izatea krisi hauek, eta balio terapeutiko bat eduki dezakete hurrengo fase baterako, berriro ere batasun girora itzultzen badira prozesua abiatu eta babestu zuten indarrak.

Prozesua judizializatzeko estrategia bizkorrarekin min bikoitza egitea lortu dute Espainiako estatu indarrek. Min pertsonala—buruzagiak kartzelan daude zigor ikaragarriak jasotzeko etorkizun ilunarekin— eta min pertsonal eta latz horien ondorioz, prozesua pitzatzea, urte berriarekin hasiko den epaiketa gogorraren aurreko aldi honetan estrategia desberdinak agerian geratzen ari direlako, ez beti modu adiskidetsuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.