Aukera baliatu nahi du

Retegi Bik 22-19 hartu du mendean Elezkano II.a. Norgehiagoka bizia, gogorra eta lehiatua izan da: 317 pilotakada izan ditu

Retegi Bi, pilota jotzen, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Erik Jakaren lesioaren ondorioz sartu da lau eta erdiko ligaxkan Julen Retegi, eta aukera baliatu nahi du. Atzo, 22-19 azpiratu zuen Danel Elezkano Arnedon (Espania), eta ligaxkakako lehen puntua eskuratu zuen. Partida lehiatua, gogorra eta bizia jokatu zuten bi pilotariek, eta, Elezkanok partida bideratua zuela eman arren, Retegi Bik buelta eman zion azken tantoetan.

Elezkano II.ak indartsu ekin zion partidari, eta 2-6 jarri zen aurretik. Berehala lortu zuen, ordea, partida berdintzea,Retegi Bik:6-6. Aurretik ere jarri zen: 8-7

Hortik aurrera, partida gogortzen hasi zen, eta jokalari bakoitza bere jokoa egiten ahalegindu zen. Aurreko asteko partidan, Elezkanok min hartu zuen bizkarrean, eta partida azkar amaitu nahi zuen. Ez zituen tanto luzeak nahi; Retegi Bik, berriz, bai. Bazekien partida luzea komeni zitzaiola, pilotakada askokoa.

Boladaka egin ahal izan zuten nahi zuten jokoa bi pilotariek. Baina bazirudien Elezkanok irabaziko zuela, bost tantoren aldea ere izan baitzuen: 10-16. 14-18koarekin partidak erabakita zirudien. Tanto horietan, Elezkano II.ak aurreko koadroetara eraman zuen jokoa, eta, txokoan utzitako pilotei eta horma-bikoei esker, tantoak amaitzea lortu zuen.

Ez zuen amore eman, ordea, Retegi Bik. Tantoak luzatuz joan zen pixkanaka, eta oldarkorrago izaten. Elezkanori, berriz, gero eta gogorrago egin zitzaion partida, bizkarreko minaren erruz. Azkenean, 22-19 nagusitu zen Retegi bi.

Gaur, Bengoetxeak VI.ak eta Urrutikoetxeak jokatuko dute, Lekunberrin; bihar, berriz, Altuna II.ak eta Olaizola II.a ariko dira nor baino nor gehiago, Tolosan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.