Koronabirusa

Bakoitza bere orduan, kalera

Iruñean, parkeak bete dituzte korrikalariek, baina 10:00etan hustu dituzte kaleak. Herri txikietan, malguagoak dira arauak, eta biztanleek adierazi dute «lasaiago» dabiltzala

Iruñea. Carlos III. etorbidean, goizean, adinekoak paseatzen. Udaberri giroa kalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Joxerra Senar - Amaia Ramirez de Okariz
Iruñea - Otxandio
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Etxe ondoko balkoian, «gero eta gutxiago» geratzen dela dioen ahots berberak, bezperan, ozen oihukatu du lau haizeetara: «Azken eguna da!». Ez, ez da azken eguna. Bide oso luzea geratzen da aurretik, baina etorkizunak zer ekarriko duen jakin gabe, alai hartu dute euskal herritarrek etxetik atera ahal izatea kirola egitera edo ibiltzera. Hainbaten aurpegietan lehen egunaren nekea nabari da, eta oinezko ugarimaskara jantzita dabiltza, badaezpada ere. Baina berritasun nagusia ez da hori izan. Espainiako Gobernuak talde bakoitzari egokitutako denbora tartea errespetatu dute batzuek eta besteek.

Iruñean, bederen, bai. Normalean korrikalari eta oinezkoen topaleku den Gaztelugibel jendez gainezka dago, 09:45ean. «Ia-ia, batzuk bata bestearen gainean daude», azaldu du, umoretsu, Jose Azkaratek. Egiazki, ez da hainbesterako izan, elkarren arteko distantziak gorde dituztelako, baina korrikalarien trafikoaohi baino handiagoa nabari da.

Kaskoak belarrietan, etxerantz doa Pau Gonzalez. «Zoragarria da. Zer erraza den inor zoriontsu egitea hain gutxirekin». Konfinamenduan, etxean toki asko ez eduki arren, kirola egin du: «Belaunak eta orkatilak ondo nabaritu ditut, eta, probatu ostean, ondo ikusi dut neure burua».

Albotik, Carlos Serrano igaro da, izerditsu. Zortzietan esnatzeko asmoa zeukan, baina ordubete beranduago altxatu da. Zapatilak jantzi, eta kalera. Nafarroako Unibertsitateko campustik igaro denean, jende andana zebilen, elkar saihestuz. «Apur bat arraroa izan da», onartu du. Astean behin kirola egitera ohituta, orain «askoz gehiago» estimatzen du minutu batzuez bada ere atera ahal izatea.

Angela Saldaña gaztearen modura. Telefonoz hitz egiten ari da,euskaraz. Goizean goiz esnatu, eta aitarekin irten da kirola egitera. Etxean hainbeste egunez«aspertuta eta gogaiturik» zegoen, eta eskertu du ariketa fisikoa egitea.

Luzia Saroberen modu berean. Hamabost minutuz egin du korrika, azkar. Alarma egoera ezarri osteko lehen igandea izan zen «egunik okerrena» beretzat, baina, «gorabeherekin» ohitu egin da. Bigarren Batxilergoko ikasle izanik, ekain amaierako selektibitateko azterketa prestatzen dabil buru-belarri, baina denbora topatu du kirola egiteko: «Hasieran, etxe ondoko garajean egiten nuen korrika, baina egokia ez zelakoan etxean egin dut ariketa». Alta, askoz hobe da kanpoan korrika egitea. Goizez egingo du kirola, eta etxeratu ostean lanean hasi.

Hamarrak igarota, kirolariak bat-batean desagertu egin dira, harri azpian sartu izan balira bezala, eta adinekoek ordezkatu dituzte. Carmen Permisan eta Mariano Lopez senar—emazteek «ustekabe atsegina» hartu dute. Miguel Alonso zuhur mintzo da hemendik aurrerako jokabide sozialaz: «Azazkala eman, eta besoa hartu ohi dugu». Aldiz, Carlos haserre doa, kirolariak 09:00ak arte atera zitezkeela uste baitzuen. Erratuta dagoela esanda ere, ez dago konforme: «Egunero irakurri dut egunkaria, eta hala zioen!». Udaltzain bikote batek azaldu du jende asko nahastu dela ordutegiekin.

Takoneran, udaberria piztu da. Zuhaitzetan, kardelin, txantxangorri, zozo eta gainerako txorien kantuak entzuten dira.«Loratzea galdu dugu», esan dio oinezko batek besteari. Han-hemenka adinekoak dabiltza, oinez, batzuk senideekin. Gazteago batzuk ikusten dira, eta, arauari izkin egin diotela pentsa baliteke ere, ezin da ahaztu urritasun batzuk ezin direla begi kolpean atzeman.

Landagunean, askeago

Araba eta Bizkai arteko mugan Ertzaintzaren kontrola dago. Zer eta nora galdetu, bidaia egitearen ziurtagiria erakutsi, eta pasatzeko aukera eman dute. Urrunagako urtegiaren alboan daude, bi lurraldeen artean. Azkenean, Otxandio (Bizkaia) izan da helmuga. Plaza nagusia hutsik dago, eta kale nagusian jendea erosketak egiten dabil. Larunbat goiz honetan, oraingoz, ez dago kirola egitera atera denik, ez eta 70 urtez gorako pertsonarik ere. Herriak 1.300 biztanle inguru ditu; beraz, ez da kalera irteteko adinen araberako ordutegirik zehaztu.

Konfinatuta egon ostean, lehen mendi buelta egin berri du Javi Gonzalez de Audikanak. Gaur arte ez da etxetik atera. «Ordu bi eta erdiko bueltatxoa egin dut, eta ia bi hilabete konfinatuta egon ostean, eskertu dut». Azaldu du ez duela jende askorekin topo egin mendian, eta larunbat arrunt bat dirudiela. Hemendik aurrera, emandako baimena aprobetxatzeko asmoa du: «Mendira joango naiz bihar ere, alabarekin, ez baitut bi hilez geroztik ikusi».

Mendi goietan baino, paseoan dabil jende gehiago; gehienak, bikoteka ala familian, eta umeekin. Asko, bizikletarekin. Iluntzea aprobetxatuko du horretarako Teresak —ez du abizena eman nahi—. Hala ere, azaldu du herrian ez dagoela arriskurik, segurtasun neurriak errespetatzen direla eta kalera irteteko baimenari dagokionez, ez duela desberdintasun handirik nabaritu. «Oraindik lehen eguna da, eta ikusi beharko da datozenetan jendeak zein jarrera duen», erantsi du.

Herri inguruan jende asko ibili ez arren, Ertzaintza kale nagusian dabil, batari eta besteari segurtasuneko distantzia mantentzeko esaten. «Ez da arraroa ertzainak etortzea; egunero etortzen dira», esan du Lurdesek. Erosketak egin ditu, eta, adierazi duenez, baimena izan arren, lehen egunean, ziurrenik, ez du kirolik egingo:«Etxe alboan lurrak dauzkat, eta egiteko ugari, beraz, horrekin aski dut». Azaldu du jendea lasai dabilela, eta herrian ez dagoela «telebistan ageri den» bezainbesteko jendetzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.