Iker Ajuriagerra. Errigora

«Euskara ikasteko aukerak ugaritzen ari dira Erriberan»

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lan eta lan ari dira Errigora egitasmoko kideak, dagoeneko martxan jarri baitute saskiak saltzeko seigarren aldia. Duela bost urte hasi ziren, eta urte horietako bilakaerari buruz mintzatu da Iker Ajuriagerra (Eibar, Gipuzkoa, 1980), Errigorako bozeramailea.

Bost urte hauetan zer bilakaera izan du Errigorak?

Pixkanaka lortu dugu, ariketa praktiko baten bitartez, aliantzak sendotu eta zubiak eraikiz joatea zenbait eremutako jendearen artean. Bestalde, bost urtean, kuantitatiboki zenbatuta, lortu dugu udazkeneko kanpainarekin 800.000 euro bideratzea Nafarroa hegoaldeko euskalgintzan inbertitzeko.

Zein izan da hazten jarraitzeko gakoa?

Ekintza indibidual bat da marko kolektibo batekin: nik maila pertsonalean egiten dut saskiaren eskaera, baina, azkenean, Euskal Herri mailako elkartasun ariketa kolektiboa da. Kontzientziak eta muga mentalak astintzen dituen ariketa bat da. Hori oso modu errazean egiten da: eskariak eginda.

Zer irakaspen nagusi atera dituzue bost urte hauetan?

Periferiatik erdigunera eraman dugu euskara, auzolana eta elikadura burujabetza. Ikasi dugu posible dela ustez guztiz sakabanatuta dauden sektoreak aliatzea eta zubiak eraikitzea. Ekinbidean parte hartzen duten batzuk euskalgintzatik datoz, eta elikadura burujabetzari begira jarri dira, kezkatu dira egoerarekin, eta alderantziz.

Zein lotura dago euskararen eta elikaduraren artean?

Berezko loturarik ez dago, hasiera batean behintzat, baina ekinbide honek lortzen du konturatzea herri bat garela, balio batzuen inguruan aliatuak izan gaitezkeela. Elikadura egunerokotasuneko kontu bat da, eta ikusi dugu hortik ere euskaltzaletasuna bultza daitekeela. Lortu dugu ekoizleek euskaraz etiketatzea, webguneak euskaratzea... Askoz gehiago ere lor dezakegu, badago bidea egiteko: gustatuko litzaiguke hemendik urte batzuetara esatea hainbat ekoizlek langile euskaldunak dituztela, ekoiztetxeetan euskara irizpideak dituztela...

Saldutako saski kopuruak nabarmen egin du gora. Hazten jarrai dezake proiektuak?

Bai. Etengabe konturatzen gara Errigora ezagutzen ez duten geruza asko daudela gizartean. Badaude aukerak eskaerak handitzeko, leku batzuetara eta gizartearen beste eremu batzuetara helduta. Hein berean, orain arte daukagun sareari —herri bakoitzean dugun lagun taldea— bitartekoak emanda, hori sendotu daiteke. Osasuntsua bada gure sarea, beste eremu batzuetara irits gaitezke. Gainera, hainbat sektoretako pertsonak eta proiektuak ate joka ditugu.

Euskal Herri osoan zabaldurik dago Errigora?

Guztira 200 herrira baino gehiagora iristen gara. Ia-ia eskualde guztietan dago gure sareko kideren bat. Akaso Iparraldeko leku batzuetara justu xamar iristen gara, baina Seaskaren bitartez iristen gara leku askotara. Beste gauza bat da leku bakoitzean zer mailako zabalkundea dugun, eta hor lana dugu egiteko.

Proiektu anitz egin dira etekinei esker. Zer iritzi duzue? Aurreikuspenak bete dira?

Oso interesgarria da ikustea diru ekarpenarekin euskara ikasteko aukerak ugaritzen ari direla eta ikastetxeetan euskara ikasteko baldintzak hobetzen ari direla. Iruditzen zait dirua ondo erabilita dagoela, baina oraindik ere asko dago egiteko. Horregatik, kanpaina honetan ere ahalik eta eskari gehiena bideratzen jarraitu behar dugu, helburuak betetzen ari direlako. Orain artekoarekin oso ase gaude, emaitzak ukigarriak direlako. Bide horretatik segitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.