Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Balioen kotizazioa

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Tertuliakidearen psikoanalisia. Gorrotatua maitatua baino gehiago izaten den tertuliakidearen buruak nola funtzionatzen ote duen intrigatu izan nau beti. Zein dohain behar duen eduki batek? Topikoak dioenez, edozertaz jakitea, edota, jakin gabe ere jakitunaren traza ematen jakitea, eta, horretarako, erretolikan iaioa izatea. Zailagoa izan daiteke asmatzea zergatik uste duen bera dela pertsona egokia honetaz eta hartaz iritzia emateko. Horretarako, nork berea duen motibazioari, mentalitateari eta beste hainbat faktore pertsonali egin beharko genieke so. Iraganean irrati solasaldi askotxotan eta orain Faktoria-n astelehenetan ari den Ramon Etxezarreta izango da gehien biluzten denetakoa bere buruagatik esplikazioak ematerakoan. Herenegun idatzita utzi zuenez, EIko solasaldian ohitura dauka minoritarioa eta originala izateko. Hortaz, ondorioztatu beharko dugu buru-estimua faktore garrantzitsua dela tertuliakidea izateko: hots, sinetsita egotea norberak botako dituen arrazoiak ia beste inori ez zaizkiola otuko, eta, gainera, distiratsuak izango direla.

Ordainsaria. Tertuliakidea izateagatik ordaindu beharreko bidesari zitalak ere gogoratu zizkigun Etxezarretak artikulu horretan. Irrati estudioetatik atera eta kalea zapaldu orduko, pronto egon behar duela jasotzeko errietak eta kargu hartzeak. Pronto, adiskideak irabazteko bezainbat edo gehiago etsaien zerrenda puzteko. Egiazki, arrisku handiko ofizioa izan liteke, larrua gogortuta edukitzea eskatzen dizuna, nahiz eta iritzi publikoan eragiteko boteretxo horren benefizioa eduki.

Euskararen kotizazioa. Goizeko albistegiek defini dezakete nor zer den eta zer baliotan mugitzen den garrantzia eman edo kendu beharreko albisteen hierarkian. Asteleheneko EITBko irratien albistegietan erreparatuz gero, euskarak balio handia edo lurraren parekoa eduki dezakeela ondoriozta dezakegu. REn, Boulevard saioan Kataluniak, erretako anbulantziek, Donostiako AHTaren geltokiak, errugbiko finalek eragindako irabaziak, Anoetako emakumeen arteko futbolak, Manada-ko kide baten gutunak eta Algeciraseko guardia zibilek kotizatu zuten merkatuan. Euskara —milaka euskal herritar bildu zituen Herri Urratsek— ez zen existitu. Faktoria saioan, ostera, lehentasuna eman zitzaion, zuzeneko elkarrizketa bat erantsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.