kritika. Dokumentala

Bingen Mendizabal sormen bideetan

Bingen Mendizabal musikari gasteiztarra dokumentalaren fotograma batean. BIDEAN JARRAITUZ.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun

'Bidean jarraituz'

Non ikusi: Filmin. Zuzendaria: Aitor Lopez de Aberasturi. Iraupena: 90 minutu. Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2023.

Otsailean Euskal Herriko hainbat zinema aretotan ikusi ahal izan zen Aitor Lopez de Aberasturik zuzendutako Bidean jarraituz dokumentala, eta orain, kasik oharkabean, Filmin plataforman dastatu daiteke. Lopez de Aberasturik Ainhoa Urgoitiarekin batera idatzi eta ekoitzi du lana. Talde txiki batekin, Bingen Mendizabal musikariaren gaineko film soil bezain interesgarria ondu dute.

Sarritan ez da gehiegizko artifiziorik behar izaten dokumental eder bat egiteko. Nahikoa da sortzaile baten barne mundura mimoz gerturatzea. Kontatu beharrekoa ondo kontatzea. Eta hori da Bidean jarraituz filmaren kasua.

Mendizabal ordenagailu aurrean da, Bernardo Atxagari buruzko dokumental bateko musikan lanean. Atxaga bera agertuko da hizketan, kultur munduko sortzaileek dituzten zailtasunak aipatuz. Ageri dira, era berean, Mendizabalekin aritu diren hainbat musikari, zinemagile eta artista. Hertzainak taldeko Gari eta Josu Zabala dira horietako batzuk —Mendizabalek berak nabarmentzen du zein talde garrantzitsua izan zen Hertzainak belaunaldi batentzat—.

Juanma Bajo Ulloa zinemagileak kontatzen du erakusketa txiki batean deskubritu zuela Mendizabalen musika, eta haren lana ezagutu bezain laster jabetu zela bere filmetarako zein musikari behar zuen. Sentimenduak azaleratzeko soinu bandak egiten aritu izan da Mendizabal, urte luzez. Eta dokumentalean iradokitzen da atzerrira bidaiatu izan balu musikariak sona handia lortzeko aukera izango zuela. Baina nahiago izan zuen Euskal Herrian gelditu. Musikariak aitortu du, bidenabar, zein etxezulo bihurtzen den zinemako soinu banden egilea eta nolako eragina izan dezakeen sortzailearen oreka psikologikoan.

Ageri dira Mendizabali buruz liluraz hizketan Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda musikariak ere; Kirmen Uriberekin batera New Yorkera joan ziren. Bi disko-liburu fin plazaratu zituzten, nahiz eta ez den sobera aipatzen haiekin zela Mendizabal.

2008ko krisialdi ekonomikoaren eraginez, zinema industrian lan egiteko aukerak murriztearekin batera, Mendizabal taberna eta lokal txikietan jotzen ibili zen Alex Ferreirarekin. Bipolar biko taldea osatu, eta Mendizabal jendaurrean kantuan ere aritu zen.

Gainera, orkestrentzat musika sortu izan du Mendizabalek. Esperientzia horren berri ematen du dokumentalak, Juanjo Mena orkestra zuzendariaren ahotsaren bidez.

Aipatutako lan horien doinuak fineziaz uztartzen ditu Lopez de Aberasturik dokumentalean. Eta, pixkanaka-pixkanaka, Mendizabal beraren nortasuna marraztuz doa. «Musika sortzea gauzak irudikatzea da», dio biolin jotzaileak. Apaltasunez, patxadaz. Bidean jarraituz, bidea eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.