JAKIAK

2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Asko dira trans gantzak dituzten jakiak. Baina gantz horiek naturalak badira, ez dira kaltegarriak. Laborategi batean lortuz gero, ordea, kalte egiten dute osasunean. Hauek dira jaki horietako batzuk.

Gozoak, opilak etagaileta gaziak

Jaki horiek berez trans gantzak dituzte. Baina, gainera, hidrogenoa gehitzen diete arinagoak egiteko, eta berez duten koipea ezkutatzeko. «Zapore gehiago emateko ere erabiltzen dira. Baina berez badira beste aukera batzuk elikagaiei zapore eta gozo puntu bat emateko. Zaporea emateko, adibidez, espezieak erabil daitezke, eta gozatzeko, kanela edo eztia, adibidez. Azukrea, gainera, neurrian ez da txarra, kalitatezkoa kontsumitzen bada», azaldu du Arantza Lorenzo elikadura adituak.

Mikrouhin labean egiteko krispetak

Gehienek gurin dezente dute. Hori dela eta, egokiena norberak egitea da, ohiko moduan, oliba olioa erabiliz. Badira, gainera, mikro uhin labean egin arren halako gantzik ez duten krispetak. «Ahal bada, horiek erabiltzea komeni da, eta, horretarako, ondo begiratu behar da zer erosten den. Berez, krispetak ez dira txarrak; alderantziz». nabarmendu du Blanca Garcianutrizionistak.

Pizza eta jaki izoztuak

Denboran gehiago irauteko izoztuta erositako jaki askok trans gantzak dituzte. Hori dela eta, jaki izoztuak erostean ondo begiratu behar da etiketa. Askok ez dauzkate gantz horiek. Bestela, egokiena jakiak erosi eta etxean izoztea da. Askotan, ordea, ez da hori egiten, Lorenzok gogorarazi duen moduan: «Arazoa da jendeak ez duela denbora hartzen, adibidez, kroketak egiteko, eta izoztutakoak jaten dituela».

Kaferako kremak

Taberna askotan erabiltzen dira. Badira trans gantzak ez dituzten kremak. Baina ez da komeni horiek erabiltzea ere. Kremen ordez, aproposena esnea erabiltzea da. «Behitik datorrenez, esneak ere baditu trans gantzak. Baina askoz gutxiago. Gainera, gantz horiek modu naturalean sortutakoak dira». Esne osoaren ordez, esne gaingabetua edo soja esnea har daitezke.

Barrako margarina

Bai margarina eta bai gurina egiteko, olio begetal likidoa solido bihurtu behar da. Horrek ezinbestean eskatzen du aldaketa kimiko bat, eta horregatik dute trans gantz ugari. «Gurean, berez, ez dago horrenbeste ohitura kozinatzean halakoak erabiltzeko, oliba olia erabiltzen delako, edo, bestela, eguzki lore olioa. Jateko ere ez da asko erabiltzen. Baina erabiltzekotan, hobe gurina erabiltzea margarina baino». Gorputzak errazago barneratzen du.

Glaseatuak

Opilak eta gozoak apaintzeko erabiltzen dira glaseatuak. Etxean egin daitezke, edo dendan erosi. «Egun gero eta opil eta pastel ikusgarriagoak egiten direnez, glaseatuak asko erabiltzen dira», dio Garciak. Apaingarriak denbora gehiago irauteko, glaseatu horiei trans gantz ugari gehitzen dizkiete. Etxean, ordea, modu naturalean egin daitezke, gurina, esnea eta bainilla erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.