Koronabirusa

Intzidentzia tasak behera egin du Ipar Euskal Herrian, baina geldirik dago

Eguberrietako bestei begira «kezka» adierazi dute osasun agintariek. Esan dute PCR testak egite hutsak ez duela arrisku oro kentzen

Oihana Teyseyre Koskarat - Arantxa Iraola
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako departamenduko intzidentzia tasak behera egin zuen iragan astean. Hain zuzen ere, azaroaren 23tik 29rako astean —azken datuak dira—, 125,2koa zen; positibo tasa, berriz, %10ekoa. Atzo egindako agerraldian, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Osasun Agentziako zuzendari Maritxu Blanzacok zehaztu zuen Biarnon handiagoa dela intzidentzia tasa Iparraldean baino. Izan ere, BAM —Baiona, Angelu, Miarritze— eremuko (Lapurdi) intzidentzia tasa 83koa da.

Hala ere, «erne egon behar» dela esan zuen, azken egunetako datuek ez baitute erakusten beheranzko joera «nabarmenik». Eguberrietako bestei begira, «kezka» adierazi, eta «neurri sanitarioak zorrozki errespetatzeko» gomendatu zuen. PCR probak egiteko eskaerak igotzen ari dira, Blanzacoren arabera. «Anitzek probak egin nahi dituzte Eguberriak aitzin, baina negatibo emanda ere gaitza izateko arriskua dago», oroitarazi zuen. Halere, PCR probak egiteko gaitasun «handia» dauka departamenduak, haren erranetan. Pandemia hobeki kontrolatzeko, Akitania Berriko Eskualdeko medikuek MedVigie egitasmoa abiatu dute. Helburua da tokiko medikuek COVID—19a duten pazienteak fiteago atzematea eta dagozkion neurriak hartzea.

Bestalde, «pandemiak eragiten dituen bestelako eritasunak ez baztertzeko» eskatu zuten medikuek. «Arazo psikologikoak eta psikiatrikoak areagotu egin dira», haien arabera. Hala, Psikiatria eta Medikuntza Artagune Berezi bat ezarri dute martxan Baionako ospitalean. Pandemiaren eraginez «larritasuna» sentitzen duen edonor bertaratu daiteke.

%5eko langan

Bestetik, asteburua igarota, aurreko egunetako beheranzko joerara itzuli dira COVID-19aren transmisio datuak. Herenegun, PCR eta antigeno proba gehiago egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak (7.974, bezperan baino 1.674 gehiago) eta horietan 430 kasu positibo atzeman zituzten (igandean baino 33 gehiago). Askoz test gehiago egitearen ondorioz, positibo tasak nabarmen egin zuen behera egun batetik bestera: %6,3tik %5,4ra.

Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroak erregistratu zuen atzo beheranzko joerarik nabarmenena: 61 kasu positibo , aurreko egunean baino 21 gutxiago. Positibo tasa %4,5era murriztu zen herrialdean. Araban 81 positibo atzeman zituen Osakidetzak; Bizkaian, 140; eta Gipuzkoan, 145. Adinekoen egoitza bateko egoiliar baten heriotzaren berri eman zuen Gipuzkoako Diputazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.