Koronabirusa

2.200 kasuren langa gainditu dute Hegoaldean, bi egunetan jarraian

Bizkaian izan dira, beste behin ere, kasu gehienak: Markina-Xemeinek du tasarik handiena. 56 ospitaleratzeren berri eman dute

Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusak ez zuen markarik hautsi atzo, baina hurbil ibili zen. Osakidetzak eta Osasunbideak 2.216 positibo jakinarazi zituzten; aurreko egunean, pandemiako kopururik handieneko egunean, zenbatutakoak baino hemeretzi gutxiago. Bigarren egunez jarraian jakinarazi dituzte, beraz, 2.200 kasutik gora: pandemian inoiz ikusi gabeko kopuruak.

Bizkaian izan dira kutsatu gehien: 966. Aurreko egunean gainditutako milako langatik behera izan ziren atzo kutsatuak, baina, hala ere, bi astean hirukoiztu egin dira lurraldeko positiboak. Kezka berezia piztu du Markina-Xemeinek (Bizkaia). Azken hiru egunetan 118 positibo zenbatu dituzte herrian, eta, lehen arretak gainezka egin ostean, Galdakaoko Ospitalean ari dira positiboen bilakaera kontrolatzen. 5.000 biztanletik gorako herrien artean intzidentzia tasarik handiena du Bizkaian, 100.000 biztanleko 2.686 kasurekin.

Beste lurraldeetan, kutsatze datuak apalagoak dira. Halere, 564 positibo zenbatu ditu Gipuzkoak, 447 Nafarroak, eta 197 Arabak.

Ospitaleratzeak pixka bat apalduak ziren, baina berriz egin dute gora, eta atzo beste 56 ospitaleratzeren berri eman zuten. Hori horrela, egun 308 lagun daude erietxeratuta Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan COVID-19aren ondorioz. Horietatik 64 larri daude, ZIUetan. Ekainaren 15era joan behar da ZIUetan horrelako gaixo kopuru handirik aurkitzeko: orduan 68 ziren. Hala ere, orduan, ospitaleratuak egungoen erdiak ziren: 189 lagun zeuden.

Bien bitartean, txertaketa plangintza aurrera doa. Gazteenen txertaketarekin ari dira jada Osakidetza eta Osasunbidea; 16 urtetik gorakoenarekin bata, eta 18tik gorakoenarekin bestea —Nafarroak astelehenetik txanda hartzeko aukera emango die 16 eta 17 urte artekoei—. Egun, Hegoaldeko biztanleen %66k hartu dute dosi bat, eta %55,2k bukatu dute pauta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.