«Kontzejuak oso maskulinizatuta daude»

Aberasturi, Atauri, Arroiabe eta Betoñuko kontzejuetako presidenteak emakumeak dira. Denek diote mendeetako ohiturak aldatzeko garaia dela, eta andrazkoek kontzejuetako bileretan parte hartu behar dutela.

Edurne Begiristain.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko udalerriaren barruan dago Aberasturiko kontzejua. Herri txikia da, 130 biztanle inguru ditu. 2013. urtera arte ez zuen emakume bakar batek ere parte hartu bertako batzarrean, harik eta Maria Angeles Tojal hara joaten hasi zen arte. Bide berri bat urratzen aitzindaria izan zen, berak jakin gabe. Ordura arte, «betiko usadio eta ohituretan» oinarrituta, gizonezkoak joaten ziren bakarrik bileretara, eta haiek baino ez zituzten aukeratzen administrazio batzarretako kide. Tojalek mugarri bat ezarri zuen. Urte horretako hauteskundeetan kide modura aukeratu zuten, eta lau urte geroago, berriz, presidente.

«Batzuek ez zuten ongi ikusi emakume batek presidente kargua hartzea», gogoratu du. Sei urte igaro dira bileretara joateko urratsa egin zuenetik, eta, ordutik, emakumeen presentzia ez da larregi hobetu kontzejuan. «Emakumeek kontzientzia hartzea falta da. Askotan entzun behar izaten dugu: «gizonak beti egon badira, zertarako sartuko zara zu?». Garrantzitsua da gure parte hartzea, eta emakume guztiak animatzen ditut pausoa ematera». Tojalek argi du kontzejuen parte hartzeak «orekatua eta paritarioa» izan behar duela.

Arroiabeko Kontzejuan, ostera, nahiko handia da emakumeen parte hartzea, baina karguak beti egon dira gizonezkoen esku. Azken hauteskundeetan, ostera, lehen aldiz hautatu zuten emakume bat batzarburu: Saioa Beistegi. Beistegik dio herria «zaharkituta» dagoela eta «tradizioek» pisu handia dutela, eta horrek eragiten duela emakumerik ez egotea administrazio batzordeetan. Sakoneko arazoa, baina, bestelakoa dela uste du: «Herrian apenas joaten den inor bileretara. Parte hartzerik gabe, ezinezkoa da gero emakumeak karguetara iristea».

Emakumeen presentzia nahiko indartsua da, berriz, Ataurin. Duela hamabi urtetik dago emakume bat kontzejuko presidente karguan. «Ez da ohikoena, kontzejuetan beti egon direlako gizonak, baina gauzak aldatzen ari dira», aitortu du Arantzazu Diez Caballero kontzejuko presidenteak. Ataurin emakume ugari joaten da bileretara, eta erabakietan parte hartzen dute. «Emakumeak egotea garrantzitsua da, beti ematen dutelako ikuspegi desberdin bat».

Emakumeen zamak

Kontzejuko batzarburuak eta kideak lau urtean behin aukeratzen dituzte. Azkeneko hauteskundeak 2017ko azaroan egin zituzten. Miren Fernandez de Landa Betoñuko kontzejuko lehendakari aukeratu zuten orduan. Aurten hamazazpi urte egin ditu, halaber, Acovi Gasteizko kontzejuen elkarteko buru. Fernandez de Landak ongi asko ezagutzen du emakumeek Arabako erakunde txikietan duten errealitatea: «Emakumeok bizitza publikotik bahituta egon gara beti, eta kontzejuak ez dira salbuespen bat: oso maskulinizatuta daude».

Fernandez de Landak ez du ahazten Gasteizko kontzejuen elkartean hasi zenekoa. Anekdota bat du gogoan: «Elkartean hasi nintzenean, kontzeju bateko lehendakari batek esan zidan: 'Gure kontzejura emakumeak ez dira etortzen, soilik gizonak, eta familia bakoitzetik bat'. Zorionez, gaur egun, kontzeju horretako lehendakaria emakume bat da». Pasadizo horrek ongi islatzen du, andrazkoen ikusezintasunari aurre egiteko aurrerapausoak eman diren arren, oraindik bide asko dagoela egiteko. «Erabakiak hartzen diren eremu guztietan egon behar dugu emakumeok».

63 kontzeju daude Gasteizen; bederatzi emakume lehendakaridira, eta beste 22k administrazio batzordeetan parte hartzen dute. Kopuruak eskasak dira. Kontzejuen errealitatea, baina, gizartearen beraren isla da. Fernandez de Landak uste du historikoki emakumeak bizitza publikotik baztertuak izan direla, etxeko eremura zokoratuak, eta hori ere kontzejuetan islatu dela. «Oso egitura itxiak dituzte kontzejuek, lan egiteko oso molde hertsiak dituzte, eta emakumeok ukondoka egin behar dugu gure tokia». Borroka bat dela dio. Ez dela erraza.

XIII. mendeaz geroztik, kontzejuen ordenantza eta arauetan emakumeak ez dira egon. «Motxila» hori eraman behar izan dute nekazaritza munduko zein hiriko andreek. Egoera aldatu egin da, baina egitura heteropatriarkalek pisu handia dute oraindik kontzejuetan. «Gizonek erabakitako lan moldeak dituzte, ordutegiak barne. Batzarra arratsaldeko zortzietan jartzen dute eta emakume askorentzat zaila izaten da etxea, zaintza lanak eta bilera uztartzea. Bilera amaitzean, gizonak tabernara doaz, eta han jarraitzen dute eztabaitzen; emakumeek, aldiz, etxera eramaten dute lana».

Ez da emakumeek pairatu behar duten zama bakarra: Fernandez de Landak salatu duenez, kontzejuetara doazen andrazko askoren iritzia ez dute aintzat hartzen gizonek. «Errotik» aldatu behar da egoera, haren ustez:«Etsai giroa duten espazio hauek aldatu egin behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.