Saskira itsuan botatzea bezala

Bilbo Basketek eta Baskoniak derbiarekin ekingo diote gaur, Valentzian, ACB liga nork irabaziko duen erabakitzeko faseari. Hamahiru eguneko txapelketa izango da; bi egunetik behin jokatu beharko dute hamabi taldeek, hiru hilabetez jokatu ezinda egon ondoren, eta zalerik ez da egongo harmailetan.

Cruzen jaurtiketa oztopatzen Fall, iazko urrian. M. RAMIREZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Baloiak uztaia jotzen duenean, zapatilek pistako zoruan soinua ateratzen dutenean, epaileek txistua jotzean, eta entrenatzaileek eta jokalariek elkarri hitz egiten diotenean, zarata horiek guztiak inoiz ez bezala entzungo dira gaurtik ekainaren 30era bitartean Valentziako Fonteta kiroldegian. Zaleen ohiko burrunbarik gabe jokatuko baitute ACB ligako txapelduna nor izango den erabakitzeko fasea. Hamabi talde lehiatuko dira, bi multzotan, eta bakoitzak bost partida jokatuko ditu multzokideen aurka. Seikote bakoitzetik lehen biak ariko dira finalerdietan, eta garaileak finalean.

Valentzian dira Retabet Bilbo Basket eta Kirolbet Baskonia, eta derbiarekin ekingo diote lehiaketari, gaur bertan. Partiden maratoia bainoago, partiden esprinta izango da, bi egunetik behin jokatuko baitute. Noiz, eta hiru hilabetez alerik jokatu gabe egon ondoren, COVID-19aren pandemiak eraginda. Arlo fisikoak sekulako garrantzia izango duela esan eta esan ari dira adituak, eta horietako bi dira Igor Mintegia (Donostia, 1974) eta Sergio Vegas (Gasteiz, 1988). Aurrenekoak ondo ezagutzen du Bilbo Basket, eta bigarrengoa Baskoniaren partidetan iritzi emaile aritzen da Radio Vitorian; saskibaloiari buruzko kanal arrakastatsu bat ere badu Youtuben: SergioBasket_vlogs.

Mintegiaren ustez, «ezohiko» txapelketa izango da: «Taldeak entrenamendu gutxi eginda daude, zalerik gabe jokatuko dute, eta jokalari guztiak hiru astez ia itxialdi betean egongo dira Valentzian». Aldagai bati eman dio aparteko garrantzia: «Ikuslerik egongo ez denez, kontzentrazioa ez galtzea ezinbestekoa izango da, eta entrenatzaileek lan handia egin beharko dute jokalariek arreta gal ez dezaten».

Alex Mumbruren taldeak nolako txapelketa egin dezakeen galdetuta, itxaropentsu azaldu da: «Etenaren aurretik, jokalari multzo lehiakorra zen, eta orain ere zergatik ez?». Bada beste egoera bat aldeko ikusten duena: «Bistan da taldeak baduela konpromisoa proiektuarekin, lau jokalari garrantzitsuk bertan jarraitzea erabaki dute-eta datorren denboraldian —Ondrej Balvin, Jaylon Brown, Arnoldas Kulboka eta Jonathan Rouselle—. Hobea da egoera hau, jokalariek buruan ospa egitea izatea baino». Hain justu, trantze horretan Baskonia dago, litekeena baita hainbat jokalarik taldea uztea sasoia amaitzearekin batera. Shavon Shields eta Milanen arteko tratua itxita ei dago, eta gauza bera ari da zabaltzen egun hauetan Toko Xengelia kapitainaren inguruan: CSKA Moskun ariko omen da datorren denboraldian. Vegasek ez du uste horrek guztiak eragin txarrik izango duenik: «Taldea mezu onak ari da zabaltzen egun hauetan, eta denek dute gogoa denboraldia ondo amaitzeko, zaila izan baita. Xengeliak dena emango du, beti egiten duen bezala. Hobea dela Bilbo Basketen kasua? Bai, baina Baskonia ohituta dago egoera berrietara egokitzen». Jokalarien geroa zalantzan egoteari alderdi onik ere ikusten dio: «Badaude jokalariak kontratu berriaren bila dabiltzanak, eta horientzat erakusleiho ona da txapelketa hau».

Denboraldi-aurrearen traza

Denek ez dute izango, ordea, zer diren erakusteko aukera, min hartutako jokalari batzuk baitituzte bi taldeek. Bilbo Basketen, Jaylon Brown eskolta ez da ariko, eta ez jokatzeko trantzean dago Arnoldas Kulboka. Tyler Haws ez dago taldearekin, Ameriketako Estatu Batuetara itzuli baita konfinamenduaren hasieran. Baskonian, kontrakoa da egoera, lesioak sendatuta daude-eta Jayson Granger eta Luca Vildoza. Osatu ez dena Patricio Garino da, eta ariko edo ez ariko dago Yusufa Fall. Xengeliak ere badu zerbait eskuko hatz batean, herenegun min hartu baitzuen entrenamenduan, baina jokatzeko moduan izango da. Shemaj Christon, berriz, AEBetara itzuli zen.

Lesioena, gutxi-asko, talde guztiei ari zaie eragiten, eta Mintegiak gogoeta hau egin du horren inguruan: «Talde guztiek dituzte gabeziak. Bilbotarrek, adibidez, ezin izan dute Miribillan entrenamendurik egin, eta hori antzeman egingo dute». Alex Mumbru entrenatzaileak esan zuen atzo fisikoarekin baduela kezka, jokalari gutxi dituelako. Vegasek hortxe ikusten dio, aldiz, indargunea Baskoniari: «Iruditzen zait joko bizia ikusiko dugula fase honetan, baina ez denboraldi normal batean bezain ondo egituratua. Denboraldi-aurreko partiden antza izango dute: zehaztasun gutxi, eta gora eta behera asko ibili beharra. Bizitasun horretan, Baskonia ondo moldatuko da, oso jokalari fisikoak dituelako».

Txapelketak eskainiko duen joko motaren inguruan, Mintegiak beste iritzi bat dauka: «Uste dut bizitasun gutxikoa izango dela, makala. Hasieran bai, behintzat. Denboraldi-aurreko partiden traza izango dute geldotasunean». Bi adituak bat datoz honetan: «Jaurtiketen eraginkortasuna ez da handia izango». Vegasen ustez, eragile garrantzitsua izango da hori: «Hiruko jaurtiketetan gutxien huts egiten duenak aldea izango du».

Euskal Herriko bi taldeen multzoa bestea baino indartsuagoa da printzipioz, eta Mintegiak eta Vegasek Bartzelona jo dute faboritotzat: «Multzoa zaila da, eta badakigu zein den aurrena geratzeko hautagai nagusia. Gero, teorian, Baskoniak eta Tenerifek izango dute aukera gehien finalerdietarako sailkatzeko». Baskoniaren aukerak fisikoan ez ezik kanpoko jokoaren mugikortasunean ere ikusten ditu Vegasek: «Granger eta Vildoza jokatzeko moduan egoteak aukerak emango dizkio taldeari gaur egun hain garrantzitsua den kanpoko jokoari etekina ateratzeko». Dusko Ivanovicekin ere aparteko fedea dauka: «Harentzat neurriko sistema da hau, eta oso ondo prestatuko zuen».

Sistema berriarekin jokatuta, txapeldunak zilegitasuna izango duela dio Vegasek. Ez, ordea, Mintegiak: «Txapeldun arraroa izango da, baina bukatzeari lehentasuna eman zaionez...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.