Frantziako Tourra

Ewanek ere badu berea

Australiarrak bere lehen etapa irabazi du Tourrean. Zentimetro oso gutxigatik nagusitu zaio Groenewegeni Tolosako helmugan. Sailkapen nagusian ez da aldaketa nabarmenik egon

Ewanek ere badu berea.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun

Tour honek ez du ugazabarik. Anarkia da nagusi, eta hierarkiarik gabe garatzen ari da. Egunez egun, sasoi puntu onena duenak altxatzen ditu besoak helmugan. Mundu guztiak dio ez dagoela faborito garbirik sailkapen nagusira begira; ia mantra bat da, bada esprintetan ere ez dago tirano aseezinik. Sei jokatu dira orain arteko 11 etapetan, eta sei irabazle izan dira. Azkenekoa Caleb Ewan (Lotto Soudal) izan da, atzo. Ozta-ozta gailendu zitzaion Dylan Groenewegeni (Jumbo), lau hatzeko aldeagatik, baina, helmugako argazkiaren laguntzaz, lehen garaipena lortu zuen Frantziako Tourrean.

Mike Teunissen (Jumbo), Elia Viviani (Quick Step), Peter Sagan (Bora), Dylan Groenewegen (Jumbo), Wout van Aert (Jumbo) eta Ewan. Seiek irabazi dute iritsiera biziren bat, eta seiek dute etxera lasai joateko adina uzta. Atzora arte, Ewan zebilen estuen, eta Tolosan (Okzitania) iritsi zitzaion liberazioa, seguru asko bere azken aukeran. Tasmaniarra, izan ere, saiatua da, baina taldeak ez dio askorik lagundu aurreko etapetan. Ewan, baina, ausarta da, eta egunero sartu da esprintean. Lehen Tourra du, baina ez da kikildu. Etapa batean izan da bigarren, eta hirutan hirugarren.

Zazpigarren etapan izan zen bigarren Ewan, Groenwegenen atzetik. Egun hartan, hamazazpi zentimetrogatik egin zion ihes loriak. «Nire erreferentzia Groenewegen da beti. Sasoi honetan behin baino gehiagotan irabazi dit, eta duela hamar egun arte uste nuen ezinezkoa zela hari irabaztea», onartu zuen gero. Ez da gehiegizkoa, ZLM Tourrean eta Paris-Nizan bi aldiz izan baitzen bigarren Groenewegenen atzetik, Tourrean bezala. Atzo, baina, ipuina ezberdina izan zen. Atzo, helmugako argazkiak hura atera zuen barrez. Ewanek 25 urte baino ez ditu, eta dagoeneko etaparen bat irabazi du hiru itzuli handietan. Hori lortu duen historiako 97. txirrindularia da.

Ozta-ozta irabazi zuen Ewanek, eta esprintean atzetik aurrera eginda, gainera. Berak azaldu zuen helmugatik kilometro gutxira egoniko eroriko batean atzean gelditu zela, eta Roger Kluge taldekideari esker iritsi zela aurreko multzora. Mihia kanpoan zuela egin zituen azken kilometroak, aukeraren bila. Tropelak hegan egin zuen Tolosako kaleetan barrena; helmugatik hiru kilometrora, orduko 66 kilometrora zihoan. Eta Ewan, atzean, kakoarekin helduta.

Deceuninck-Quick Stepek ezin izan zuen bere trena muntatu azken zuzengunean, eta Peter Sagan (Bora) atzean gelditu zen. Groenewegenek morroi perfektua aurkitu zuen Teunissenengan, eta helmuga zuloraino eraman zuen. Errematea falta zen, baina Ewanek azken hitza esateke zuen. Tropeleko txirrindularirik txikienetako bat da; 1,65 metro da luze, baina hanka indartsuak ditu. Azken metroetan eztanda egin zuen, eta Groenewegen gainera joan zen. Haren atzean zihoan, haizearen babesean, eta azken metroetan pasatu zuen. Elkar ukitu eta guzti egin zuten; arrisku unea izan zen. Gurpil laurden baino gutxiagoko aldeagatik irabazi zion. Groenewegenek irabazi zueneko hamazazpi zentimetroko aldeak handia zirudien atzokoarekin alderatuta. Elia Viviani (Quick Step) izan zen hirugarren.

Quintanaren sustoa

Atseden egunaren osteko etapek beti dute arriskua. Ezin da jakin gorputzak nola erreakzionatuko duen etenaren ondoren. Atzokoa, baina, luze eta laua zen, eta zaila zirudien ezustekoren bat egotea. Ezinezkoa zirudien ihesaldia iristea. Hala ere, hasieran osatu zen, eta Aime De Gendt (Wanty) izan zen amore ematen azkena. Tropelak, baina, ez zuen kalkuluan kale egin, eta helmugatik 4,5 kilometrora harrapatu zuen. Harekin ihes egin zuenetako bat Stephane Rossetto izan zen. Tour honetan ihesaldi batean sartzen den laugarren aldia izan zen. Cofidis taldearen elastikoa ordu luzez erakutsi du telebistan.

Etapa lasaia izan zen oro har, baina Nairo Quintanak (Movistar) eta Richie Portek (Trek) sustoa izan zuten. Helmugatik 30 kilometrora, eroriko bat egon zen, eta biak atzean gelditu ziren. Herenegungo haize-babesaren oroitzapena fresko zegoen, eta bi taldeetan argi gorria piztu zen. Biek ondo erreakzionatu zuten, eta hiruna txirrindulari gelditu ziren liderren zain. Lana ondo egin, eta tropela harrapatu zuten handik kilometro gutxira. Eroriko horren erruz, Niki Terpstrak (Quick Step) proba utzi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.