Kontxako bandera

Beste kezka bat daukate

Kontxako Banderaren araudiak dio talderen batean COVID-19 kasuren bat azaltzen bada kaleratua izango dela talde osoa. Udan bezala, neurriak hartuta dabiltza klubetan, eta udakoak baino zorrotzagoak dira kasu batzuetan.

Orioko arraunlariei testak egin zizkieten maiatzaren 30ean, uretan berriz entrenatu aurretik taldean egindako lehen entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ardura eta erantzukizun handiarekin dabiltza arraunlariak eta entrenatzaileak aurtengo Kontxako Bandera jokoan jarri zenetik. Sailkatze estropadaren atarian lehendabizi, eta hurrengo bi igandeetako jardunaldietan ondoren. Ez da lehiak eragindako kezka. COVID-19ak sorrarazi die beste ezinegon bat. Izan ere, antolakuntzak, Donostiako Udalak, neurri zorrotza sartu du araudian: talderen batean gaitzarekin kutsatutakoren bat azaltzen bada, talde hori kaleratua izango da.

Babes neurriak zorroztu behar izan dituzte taldeek, hori ikusita. Ez zaizkie arrotzak, hala ere, arraunlariei eta entrenatzaileei, udan ere babesean ibili behar izan baitute. Baina Kontxarako sailkatu diren taldeen artean, neurriak zorroztu egin dituzte. Azkenean, arraunlariak ez dira profesionalak, eta ezin zaie eskatu etxetik entrenatzera eta entrenatzetik etxera joateko egunero, lanik ez balute bezala, edo ikasi beharrik ez balute bezala. Arraunlari batzuen lana, gainera, arrisku handiagokoa da gaitzaz kutsatzeko; bai, behintzat, teorian.

Amaia Galdos (Ondarroa, Bizkaia, 1994), esaterako, Mendaroko erietxeko laborategian dabil lanean, teknikaria baita. Gaixoei odol analitikak egiten ere ibiltzen da, eta tokatu izan zaio PCR probak egitea ere. Horrek ez dio aparteko kezkarik eragiten, hala ere: «Oso protokolo zorrotza dugu lanean, eta, orain, kasu kopuruak asko igotzen ari direla, neurriak gehiago zorroztu dizkigute erietxean».

Kontxako araudiak «apurua» ematen diola onartu du Galdosek: «Ea ez garen inor kutsatzen». Xanti Zabaleta entrenatzaileak babes neurriak estutzeko eskatu die estropada handiaren atarian: «Orain, eskatu zaigu bi aste hauetan are gehiago txikitzeko harreman sarea, positibo bat bada agur esan behar zaiolako Kontxari». Udan ere estu ibili dela dio: «Bikotekidearekin, etxekoekin eta taldekideekin bakarrik egon naiz lanetik kanpo. Denbora luzea daramat lagunak eta kuadrillakoak ikusi gabe».

Antzera dabil Bikendi Alza ere (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992): «Lagunak ikusi ditut udan, baina, edozein modutara, babeserako tarteak hartuz eta abar». Galdosek bezala, Alzak beste inork baino aukera gehiago ditu bandera preziatua irabazteko etzi. Edozein taldetako arraunlari bat kutsatzea larria bada, zer esanik ez lehen igandean azkarrena izan zen taldean gertatzen bada. Hala ere, ahalik eta lasaien ari dira eramaten gaia Hondarribian: «Entrenatzaileak [Mikel Orbañanos] esan zigun ez dagoela bakarrik gure esku ez kutsatzea, baina gure mendean dagoen guztia egiteko. Udan ere antzera ibili gara, eta, azkenean, presioa sortu digu horrek». Alza 11-12 urteko haurren irakaslea da: «Kezka sortzen dit, baina eskolan hasi beharra zegoen, nahiz eta ez dizkiguten jarri beharrezko neurriak: ratioak, espazioa...».

Kontxaren garrantzia ikusita, gogoeta hau egin du Alzak: «Kutsatzeko arriskua kanpoko beste faktore bat da, kaleena bezala. Guk gurea egingo dugu, baina ezin da kontrolatu. Kontxa Kontxa da, baina osasuna dago aurretik».

Urdaibain, taldea banatuta

Jon Elortegi (Barrika, Bizkaia, 1977) erdi-erdian harrapatu du Kontxako araudiak eragindako egoerak, Urdaibaiko entrenatzailea izanik neurri «oso gogorra» hartu behar izan duelako: «Taldea bitan banatu dugu. Batetik, Kontxan arraun egiten ari direnak, eta, bestetik, kanpoan utzi behar izan ditugunak». Harreman sarea murriztea da helburua: «Zenbat eta jende gutxiago egon elkarrekin, hobeto», esan du taldeko arraunlari ere badenak. Arraun elkarteko laguntzaileei ere debekatu egin zaie arraunlariak elkartean diren bitartean bertara azaltzea.

Taldekideen jarrera txalotu du: «Ondo ulertu zuten erabakia». Hala ere, ez du ezkutatu neurriaren gogortasuna, «denek nahi zuten-eta Kontxan arraun egin». Beste ordu batzuetan entrenatzera eta ura ez ukitzera behartuta daude: «Uda amaieran, ez da samurra taldetik aparte entrenatzea eta berriz ere ergometroan ibiltzea. Profesionala ez denkirolariari hori eskatzea gogorra da».

Neurriak hartuta ere, kezkak asaldatzen du Elortegi arraunlarien mezuren bat heltzen zaionean mugikorrera: «Udan izan ditugu egoera batzuk, zeinetan arraunlariren baten neska lagunaren lagun batek positibo eman zuen, baita beste baten lehengusuaren lagunak ere». Taldea banatzea izan da Kontxarako hartutako aparteko neurria. Beste gainontzean udakoekin dabiltzala kontatu du: «Ezin dira tabernara edo jatetxera joan, eta segurtasun tartea eta maskara janztea ezinbestekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.