Denetarik izan du liga jardunaldiak hiru euskal taldeentzat

Athleticek irabazi egin dio Granadari. Realak puntu baliotsua lortu du Levanteren kontra. Eibarrek galdu egin du Madrilen aurka

Realeko Lorena Navarro baloia eraman nahian. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Jokalarien greba dela-eta atzeratutako ligako jardunaldia jokatu zuten atzo arratsaldean Athleticek, Realak eta Eibarrek. Denetarik izan zen euskal taldeentzat, irabazi, berdindu eta galdu egin baitzuten, hurrenez hurren.

Athleticek denboraldiko lehen partida irabazi zuen, Granadaren kontra, etxean (1-0). Gola Ane Azkonak sartu zuen, Elexpururen pase on baten ostean. 15. minutua betetzear zen zuri-gorriak aurretik jarri zirenean. Aldaketa dezente egin zituen hamaikakoan David Aznarrek. Besteak beste, Adriana Nanclares aritu zen atean, Mariasun QuiƱonenes ordez.

Zuri-gorriek kontrolpean izan zuten neurketa, nahiz eta lehen zatia parekatua izan zen. Bigarrenaren hasieran bisitariek estutu egin zuten, eta korner batean baloia langara bidali zuten. Baina minutuak aurrera joan ahala, Athletic nagusitu zen, eta Nahikarik pare bat aukera izan zituen zuri-gorrien aldea handitzeko. Ez zen hala izan, eta partida airean egon zen. Baina puntuak Lezaman geratu ziren.

Realak, berriz, puntu baliotsua eta landua lortu zuen etxean, Levanteren kontra: 1-1. Presio estua eginez, Levantek estu hartu zuen lehen zatian talde txuri-urdina. Baina Natalia Arroyorenak aurreratu ziren. Jensenek sartu zuen gola, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin (24. min.). Presioa eginez jarraitu zuen Levantek Realaren zelaian, eta gutxi iraun zien oinetan baloiak txuri-urdinei. Baina ondo eutsi zioten, eta nortasunez jokatu zuten.

Bigarren zatian hobeto hasi zen Reala, baina Levantek sartu zuen gola. Penaltiz izan zen, eta golegilea Erika Gonzalez (53. min.). Etxekoek berean jarraitu zuten. Azken txanpa ona egin zuen talde txuri-urdinak. Levantek apenas sortu zuen aukerarik, eta Realak bizpahiru gerturatze izan zituen bisitarien atera. Baina emaitza ez zen aldatu.

Eibarrek, berriz, ezin izan zion segida eman asteburuan Granadaren kontra lortutako garaipenari. Izan ere, Yeray Martinen taldeak 1-6 galdu zuen Madrilen kontra, Ipuruan. Bisitariak 0-3 aurreratu ziren, eta Andrea Alvarezek gola sartu bazuen ere 75. minutuan, Madrilek beste hiru gol sartu zituen neurketako azken ordu laurdenean. Hala, nagusitasunez gailendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.