Kontxako Bandera

Bost bider lau: hogei bandera

San Juanek historia egin du bosgarren aldiz segidan Kontxako Bandera irabazita, eta taldearen barruan badira hiru arraunlari eta patroi bat bost garaipenetan egondakoak: Laura Goldarazena, Ane Hernandez, Ane Pescador eta Nerea Perez. «Ez dugu sinesten», esan dute laurek.

San Juango arraunlariak, pozez gainezka, Kontxako Banderarekin, Donostiako kaiko arranplan, estropada amaitu berritan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Handitasun osoaren barruan, lau handi. Talde guztiaren jardun zoragarriaren oinarriaren gainean, lau argi erabat distiratsu. Izen eta abizenekin: Laura Goldarazena (Donostia, 1991), Ane Hernandez (Sestao, Bizkaia, 1990), Nerea Perez (Tolosa, Gipuzkoa, 1997) eta Ane Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1991). San Juango batelerak dira laurak, eta lauren artean hogei Kontxako Bandera dituzte irabaziak: bakoitzak bost. Laurak taldeko kide izan dira San Juanek erreskadan irabazi dituen bostetan. Hernandez eta Pescador estropada guztietan izan dira tostetan; Perez eta Goldarazena, ez.

Ezin sinetsita daude laurak, bat irabaztea bera zaila bada, bost eta bostak elkarren segidan lortzea sinestea ez delako ez egun eta ez aste batzuetako kontua. «Ez gara jabetzen oraindik historian sartu garela, baina konturako gara denborarekin», esan du Goldarazenak. «Erraz esaten da bosgarrena dela, eta ezin sinetsita nago», gehitu du Perez patroiak. Antzera mintzatu dira Hernandez eta Pescador ere; bizkaitarrak dioenez, «sinetsi, sinesten dut, baina, aurreko batean Anartzek [Gereño, entrenatzailea] esan zigun bezala, hemendik urte batzuetara telebistan ikusten dugunean zer egin dugun, orduan konturatuko gara benetan lorturikoaz». Pescadorrek hala esan du: «Ez naiz jabetzen bosgarrena denik, ezin sinetsita nabil, eta bostak elkarren segidan, gainera. Denborak esango du ondo zer egin dugun, urte hauetako egunkarietako albisteak berriz ikusi eta irakurtzean».

Kontxako Bandera bakarra palmaresean duenarentzat jakinekoa da zein duen bereziena, baina bost irabaziak dituen laukote honentzat ba ote da bat bestea baino bereziagoa? Ala denak dira berdinak berezitasunean? Zenbat buru, hainbat aburu... eta sentimendu. Goldarazenak denak aipatu ditu, ñabardura txiki batekin: «Kontxa Kontxa da, eta bostak dira bereziak, baina, bat nabarmentzekotan, iazkoa esango nuke, bigarren igandean zegoen denboraleagatik». Perezek bat egin du taldekidearen ustearekin: «Iazkoa apartekoa izan zen. Halako itsaso txarra zegoen...». Hernandezek itsasoaren sakonera handienera jo du erantzunaren bila: «Bereziak denak dira, bakoitzak daukalako berea. Baina aurtengoa azkena izango balitz bezala bizi izan dut, nire kasu pertsonalari erreparatuta». Pescadorrek ere sakonetik atera du erantzuna: «Aurrenekoa ez zen bereziena izan, ez. Atzo sentitu nuen guztiarekin geratzen naiz, emozioen mazedonia bat izan nuen, eta estropadan ere negar egiteko gogoa izan nuen».

Presaka doan bizitza honetan, azkeneko gertakariekin eta egoerekin geratzeko joera nagusi den garaiotan, San Juanek bosgarren Kontxa irabazi duela nabarmenduko da, emaitza jarriz guztiaren gainetik, eta ahaztuz talde hau behetik etorri dela goraino, 2010ean sortu zenetik. Zenbat lan, zenbat ordu, zenbat poz eta zenbat negar urte hauetan guztietan, arraunlariek elkarrekin bizi izandakoak, asko eta asko neguko bakardadean. Taldeari eman diote garrantzia laurek, hainbat ertzetatik ahotara ekarriz. Pescadorrek azaldu du «harro» dagoela taldeaz: «Egundoko poza daukat barrenean talde honekin irabazteagatik. Lan asko egin dugu egunero». Hernandezek hari berari tira dio: «Lan handia dago honen guztiaren atzean, sekulako taldea gara, motibazio handia behar da egin dugun guztia egiten segitzeko, eta, urteen joanean, esperientzia eta eskarmentua batu ditugu. Ikasi dugu zer egin eta nola, eta estropada guztietan joaten gara horren bila».

Goldarazena ere gogoratu da urteetan egin behar izan duten lanaz, baina harago joan da azaltzean: «Taldeko giro ona aipatu egin behar da. Talde batua gara, beti elkarri laguntzen ari garena. Momentu txarrak asko izaten dira urtean zehar, eta halako talde giro jatorra ezinbestekoa izaten da une txar horiek gainditzeko. Urteak gorabeheratsuak izaten dira, eta luze egiten dira, eta taldea batuta ez badago, zaila da aurrera egitea».

Lanean, baina gozatuz

Taldearen izaera indartsu horren lagin txiki bat baino ez da ondorengoa, baina azaltzen du San Juanen barrukoa: Perez patroia kanpoan geratu zen Kontxa honetako lehen igandean, lesio bat tarteko, eta Izaro Lestaiok ordezkatu zuen. Lan bikaina egin zuen hark ere, eta denak poztu ziren. Bigarren iganderako, Perez osatu, eta hark kontatu du zer esan zion Anartz Gereño entrenatzaileari estropada atarian: «Urduri ez nengoela esan zion. Sekulako gogoa eta motibazioa nuela». Lau aldiz Kontxaren jabe egin denak horrelako gosea erakustea oso adierazgarria da.

Arraunlariek elkarri hainbesteko miresmena eta esker ona adierazita, ez da harritzekoa herenegun estropadan laurek asko gozatu izana, irteeratik aurkariak atzean utzi eta gozatzeko aukera izan zutelako: «Sekulako gozamena izan zen igandean traineru barruan joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.