Zertarako itxaron?

Geroa ez ezik, oraina ere beren hanketan dute ziklista gazteek. Talentu handiko harribitxiak agertu dira azken sasoietan, eta jada beteranoei itzal egiten hasi, ahala eta ausardia uztarturik.

SERGIO HIGUITA. E. GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Hierarkiek garrantzi handia daukate ziklismoan. Eskarmentua duten ziklistek beren legea ezarri ohi dute, eta gazteek men egin behar izaten diete. Piramidearen gailurrera iristeko, koskaz koska dago igo beharra. Alabaina, belaunaldi berriak paradigma hori errotik ari dira aldatzen. Gaitasun handiko ziklistak agertu dira azkenaldian, eta etorkizunari itxaron ordez, oraina ere bere egiteko anbizioa erakutsi dute. Kontrolak eta kalkuluek ez dituzte mugatzen; errebeldeak dira, eta txirrindularitza ikusgarriago egiten dute.

EGAN BERNAL
Tour bat, eta etortzeko egon daitezkeenak

Txirrindulari gazteen artean, Egan Arley Bernal (Zipaquira, Kolonbia, 1997)aipatu behar da lehendabizi. Izan ere, dagoeneko Frantziako Tour bat ageri da haren garaipen zerrendan. Iaz igo zen Pariseko podiumera, 22 urte eskasekin. Azken 110 urteetan izan den Tourreko irabazlerik gazteena bihurtu zen, eta maillot horia lortzen lehen kolonbiarra ere bai. Ineos talde ahaltsuaren buru bilakatu zen, Geraint Thomasi aurrea hartuta. Ausardiaren bidetik apurtu zuen lasterketa, 19. etapan, Iseranen gora.

Bernalek ezaugarri guztiak ditu Tourrean nagusitzeko. Igotzaile bikaina da, beste kolonbiar asko bezala, baina ez hori bakarrik: erlojuaren aurka ere ongi moldatzen da. Hortaz, apenas duen ahulgunerik. Akaso, teknika aldetik du hobetu beharra, eroriko ugari eta gogorrak izan baititu orain arte. Azkena, Kolonbiako Txapelketan sufritu zuen, sasoi honen hasieran. Gero, Kolonbiako Itzulia korritu zuen, eta geroztik ez da lehiatu.

REMCO EVENEPOEL
Dena ongi egitenduen ziklistaren lilura

Aspaldian izan den izarrik goiztiarrena da Remco Evenepoel (Schepdaal, Flandria, 2000).20 urterekin, dagoeneko astebeteko hiru itzuli eta Donostiako Klasikoa irabazi ditu. Horrez gain, zilarrezko domina kolkoratu zuen iazko Munduko Txapelketako erlojupekoan. Orain ez asko, futbolari izan nahian zebilen, eta 2017an murgildu zen ziklismoan buru-belarri. Junior mailan egin zituen denboraldi hura eta hurrengoa. Horren erraz moldatu zen, ezen iaz zuzenean World Tourrera egin baitzuen jauzi. Bada, profesionaletan ere aise dabil. Erlojuaren kontra moldatzen da ondoen, baina mendateetan ere aurrean izaten da, eta klasikoetan ere fina da. Dena egiten du ondo, eta, horregatik, Eddy Merckxen ondorengotzat joa izan da. Giroan lehiatzekoa zen aurten. Tourra baztertu du dagoeneko. Oraingoz, San Juango eta Algarveko itzuliak irabazi ditu.

TADEJ POGACAR
Heldu orduko, onenen pare

Josean Fernandez Matxin-en azken aurkikuntza da Tadej Pogacar (Komenda, Eslovenia, 1998). Kirol zuzendari bizkaitarrak Quick Stepen ikuskatzailea zela jo zuen begiz. Esloveniarra UAEk fitxatu zuen azkenean, eta bertan egin dute bat. Matxinen esanetan, «berezko handia» du Pogacarrek. Soilik hala azaldu daiteke 21 urteko gazteak orain arte egin duena. Iaz iritsi zen profesionaletara, eta mundu guztia harri eta zur utzi zuen: Algarveko eta Kaliforniako itzuliak irabazi zituen, eta hirugarren bukatu zuen Espainiako Vuelta. Aurreneko itzuli handia zuen, eta podiumera igotzeaz gain, hiru etapatan gailendu zen. Aurten, Valentziako Itzulia irabazi du, eta bigarren izan da Arabiar Emirerri Batuetakoan. Frantziako Tourra du jomugan.

SERGIO HIGUITA
Gorputz txikia,ahalmen handia

Sasoi honen hasieran, aurrerapausoa eman du Sergio Andres Higuitak (Medellin, Kolonbia, 1997). Kolonbiako Txapelketa irabazi zuen lehenik, bertako itzulia gero, eta, hurrena, sekulako maila eskaini zuen Paris-Nizan. Bereziki aipatzekoa da bigarren etapan erakutsitako indarra eta abilezia. Haize-babesek txiki-txiki eginda utzi zuten tropela, baina onik atera zen Higuita, ziklista askoz ere garaiago eta astunagoen artean. Ez zuen halako distirarik egin mendian, baina, edonola, hirugarren postuan bukatu zuen orain arte jokatu den World Tourreko azken lasterketa.

Kolonbiarra iaz iritsi zen Europara, Education First taldearen eskutik. Lehen hilabeteak Euskadi Fundazioan eman zituen, utzita, baina berehala berreskuratu zuen AEBetako taldeak. Astebeteko itzulien lehian aritu zen, eta etapa bat irabazi zuen Espainiako Vueltan. Sasoi honetan, Tourra du helburu nagusitzat.

MATHIEU VAN DER POEL
Klasikoetan,lokatzetan balego bezala

Oso gutxiren esku dago kirol bereko hiru diziplinatan distira egitea. Bada, aukeratuetako bat da Mathieu Van der Poel (Kapellen, Belgika, 1995). Ziklo-krosean, hiru aldiz izan da munduko txapeldun, eta urteak daramatza erabateko nagusitasuna erakusten. Mendiko bizikletan, berriz, Europako txapeldun izan zen iaz. Eta errepideari dagokionez, dagoeneko 22 garaipen lortu ditu; baliotsuena, iaz, Amstel Gold Racen. Diziplinak uztartzen jarraitzeko asmoa du. Tokioko Olinpiar Jokoetan mendiko bizikletan zen lehiatzekoa, baina plana aldatu beharrean da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.