Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Guztiek nahi duten argazkia

Deceuninck-Quick Stepek talde bikaina ekarri du Euskal Herriko Itzulira. Bi dira taldeburuak: Julian Alaphilippe frantziarra eta Enric Mas katalana. Lehenak bi etapa irabazi zituen iaz Euskal Herriko Itzulian, eta bigarrenak, bat. Haien parte hartzeak ikusmin handia piztu du.

Enric Mas eta Julian Alaphilippe, herenegun, Zumarragan, Euskal Herriko Itzulian ariko diren taldeen aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Zumarraga</i>
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Argazki kameradun sakelako telefonoak ugaldu direnetik, argazkiak dira txirrindularitzazaleen fetitxe gustukoena. Lehen, autografoak ziren; orain, berriz, irudia lehenesten dute. Horretarako, argazkia ateratzeko kutuna segundo batez geldirik egotea behar da. Xehetasun hori kontuan hartu beharra dago ulertzeko zergatik aurkezpenaren egunean Deceuncick-Quick Step taldeko txirrindulariek ia hamar minutu behar izan zituzten podiumaren eta euren autobusaren arteko 200 metroko bidea egiteko. Normalean, euskal txirrindulariei egiten diete eskaera gehien, baina aurten, Itzulian, logika hori hautsi egin du Belgikako taldeak. «Herri honetan txirrindularitza maite duzue, eta izugarri gustatzen zait hemen lehiatzea. Zalerik onenetakoak dira: beti animatzen daude. Iaz, Itzulian sumatu nuen, eta iazko Frantziako Tourreko erlojupekoa ere izugarria izan zen». Aitortza Julian Alaphillipperena da. Iaz Itzuliko bi etapa eta Donostiako Klasikoa irabazi zituen, eta aurten ikusgarri hasi du sasoia.

Autobuseko eskaileretan hitz egiten duen bitartean, adarra jo dio Enric Mas taldekideak. Hark ere makina bat argazki atera ditu Zumarragan (Gipuzkoa). Iaz Arrateko etapa irabazi zuen, eta bigarren izan zen Espainiako Vueltan. Berak ere aitortza egin die euskal zaleei. Vueltako emaitzak bilakatu du ezagun. «Bai, bizitza aldatu egin zait. Maila pertsonalean-eta ez, baina egunerokoan bai. Kalera irteten naizenean nabaritzen dut. Andorran bizi naiz orain [Mallorcan jaiotakoa da, Herrialde Katalanetan], eta han bai ezagutzen nauela jendeak».

Deceuncik-Quick Stepeko bi taldeburuak dira Itzulian: Alaphilippe laugarren izan zen atzo, eta Mas, zortzigarren. Hala ere, biek nahiago dute presioa gainetik kendu. «Egia esan, etorri nintzen arte ez nekien lehen egunean erlojupekoa zegoenik», onartu du Alaphillippek. «Sasoia ondo hasteko prestaketa berezia egin nuen, eta, ondoren, atseden hartu dut. Duela astebete hasi nintzen berriz ere lanean, eta azken hamar egunetan egin dudan lana ez da Itzulia irabazteko modukoa. Hemen ezin duzu irabazi sasoi onenean ez bazaude». Grazia egin dio irabazteko faboritoen artean dagoela entzuteak. «Egunez egun joango naiz, gozatzen saiatuz. Neure burua ondo sumatzen badut, etapa bat irabazten saiatuko naiz. Talde ona ekarri dugu, eta Enricek ere lan handia egin dezake. Egia esan, niretzat ez da lehentasuna».

Alaphillippe umil mintzatu da, eta Masek ere nahiago du beste batzuen gain jarri ardura. «Helburua beti da irabaztea, eta errepideak eta mendateak ezagutzen ditut. Gaztetatik lehiatu izan naiz hemen. Volta oso gogorra izan zen, eta, apurka, erritmoa hartzen ari naiz. Sasoi onean nago, eta nire onena emango dut, baina zaila izango da irabaztea». Masek ozen esan du ez duela presiorik sumatzen. Normala, taldeak hogei garaipen baitaramatza sasoi honetan. «Familia bat bezalakoa gara. Harreman oso ona dugu, eta egiten dugun horrekin gozatzen dugu. Hori da sekretua».

Garaipen horietako asko Alaphillippek lortu ditu. Hura da taldeko izarra. Haren alboan jarduteak laguntzen al du? « Julianeneta beste guztien alboan. Talde honetan guztiok gara irabazleak», aldarrikatu du. Alaphillippek, dena den, badaki lehiatzen duenean denak bere gurpilera begira izaten dituela, eta egoera horrekin bizitzen ikasi du. «Ona da hori. Jendea zuri begira badago, garaipenak lortu dituzulako da, eta berriz ere lor ditzakezula uste dutelako». Gaur, esaterako, helmugan besoak altxatzeko aukera ona du Gorraitzen. «Duela bi urte, gurpila zulatu zitzaidan hor inguruan. Hori da Euskal Herritik dudan oroitzapen txar bakarra», esan du, umoreko. Gaur erne egon beharko lurbideekin. «Ez ditut ikusi. Gauean ikusiko ditut».

Patxadaz mintzo da, eta mantra bat errepikatzen du. «Ez dut presiorik sumatzen; ni gozatzera etorri naiz. Sasoi hasiera ikusgarria izan da, eta horrek laguntzen nau». Baina hainbesterako izan al da? Bada, bai: Strade Bianche, Milano-Sanremo eta Tirreno Adriatikoko bi etapa irabazi ditu. «Ezustekoa izan da hainbeste lasterketa irabazi izana. Neguko lana egin nuenean, oso garbi nuen zein ziren helburuak. Hori bai: irabazteko, toki egokian une aproposean egoten jakin behar duzu. Ez dut ukatuko irabaztea sentipen ederra dela».

Tourrera begira

Allaphilippek Ardeetako klasikoetan du jarria begirada, eta garbi du Itzulia dela haietara sasoiko iristeko entrenamendurik onena. Masek, berriz, Tourra probatu nahi du. Alaphillippe hiztun eta jatorra da. Mas, aldiz, isilagoa, eta mintzatzean hitzak asko neurtzen ditu. «Vueltako emaitzak erakutsi zidan gauza politak egin ditzakedala itzuli handietan, baina oraindik asko dut ikasteko. Tourrera ikastera joan nahi dut. 30 urtetik gorako txirrindulariek diote urtero ikasten dutela zerbait berria Tourrean; bada, pentsa nik, 24 urterekin». Hitz politak dira, baina, pixka bat estututa, helburu zehatzagoa eman du. «Lehen hogeien artean bukatu eta etaparen bat irabazi nahiko nuke».

Mas gaztea da, baina Alberto Contadorrek jada esan du harengan ikusten duela bere oinordekoa. Harreman estua dute. Masek barre egiten du alderaketa hori entzutean. «Ohituta nago hori entzutera. Hainbestetan entzun dut, jada ez baitiot kasurik egiten. Ni ni naiz». Masek, gazte garaian, errepidean adina ordu sartu zituen belodromoan, Miquel Alzamora pistako munduko txapeldun ohia bere herrikoa zelako, baina, behin errepidean buru-belarri hasita, Contadorren fundazioko taldean igaro zituen afizionatu mailako urteak. Hortik datorkio harremana.

24 urte izanagatik, garaipen zerrenda polita du jada, eta sasoi amaieran bukatzen zaio kontratua. Ezinbestean, zurrumurruak daude haren etorkizunaz. Movistarrek eskaintza egin diola zabaldu da. Egia al da? «Zerbait irakurri dut, baina halakoei ez diet kasurik egiten». Atzo emandako mailari eusten badio, ez zaio eskaintzarik faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.