SASKI DA!

Bote gehiegi gauza onerako

Danel Agirre -

2018ko martxoak 6
Borreroarekin zorretan. Bilbo Basketek zorigaiztoa baino ez dio opa duela hiru hilabete eskas bere aulkiaren apopilo zenari. Futboleko ligan ez bezala, ACBn zilegi da entrenatzaile bat sasoi berean bi klubekin aritzea. Carles Duran bere betiko etxera, Joventutera, itzuli berri da, Miribillan hamasei hilabete eman eta gero. Eta kaskarkeriak lehiakide zuzen bilakatu ditu bi taldeak. Igandeaz geroztik azkena da Joventut, eta gain behera dator Bilbo Basket, traza oso eskasarekin. Duranek lauzpabost garaipen behar ditu sailkapeneko bi koska igotzeko: tartean, datorren hilean Badalonan beltzezkoen aurka lortu beharrekoa. Bilbo Basketek bai Betis eta bai Joventut hartu behar lituzke berriz mendean, LEB ligaren mamua ahalik eta lasterrena uxatzeko. Altxortegiaren egoera kontuan izanda, litekeena da Duranek bere kaleratzeari dagokion kitapena kobratu gabe izatea. Borreroarekin zorretan legoke akaso Bilbo Basket, Joventutek bere jaitsiera eragingo balu.

Bi talde, bi mundu. Saskibaloian, hiru dira erasoko fundamentuak: botea, pasea eta jaurtiketa. Hirurak menderatu behar ditu jokalariak, eta, behin menderatuta, modu kontrolatuan erabili, gehiegikeriarik gabe. Saskiari sarriegi begiratzea berekoikeria zantzua izaten da. Norbait punpa eta punpa zeregin ezean ikustea, berriz, taldearen funtzionamendu kaskarraren erakusgarri, gehienetan behintzat. Herenegun, Bilbo Basketen eta Gipuzkoa Basketen jabetzen arteko kontrastea deigarria suertatu zen. Jonathan Tabuk eta Javi Salgadok hamabost segundo igaro ohi zituzten baloia eskuetan zutela, pase argirik gabe, erlojuak aginduta korrika edo presaka larrialdizko irtenbide bat topatu baino lehen. Donostiarren kasuan, zirkulazioa bikaina izan zen tarte askotan. Bere baliabide tekniko eta fisikoak kontuan izanda, ACBn ondoen jokatzen duen taldea da akaso GBC. Bilbo Basketen jarduna hain da nahasia, bestalde, jokalari batzuen benetako maila zein ote den asmatzea ez dela erraza. Veljko Mrsicek ez du inongo ordena taktikorik ezartzerik lortu lantaldearen kargu egin zenetik. Igandean, 26tik hamahiru hiruko sartuta ere galtzea lortu zuen Bilbo Basketek, eta balentria oso kezkagarria da hori. Errebotean eta asistentzietan ligako bigarren kaskarrenak dira beltzezkoak, eta enegarrenez frogatu ahal izan zen. Ostutako eta galdutako baloien arteko balantzea ere penagarria izan zen beste behin. Taldeari antzematen zaion trinkotasun faltaren erakusgarri dira berandu baino lehen hobetu beharreko gabezia horiek.

Eta orain, bi hasiberri. Kopak eta selekzioen arteko partidek eragindako geldialdia dela eta, hiru aste izan ditu Bilbo Basketek kontzientziako azterketa egiteko. Duela hiru hilabete zuzendaritzak taldeari emandako lehen astindua (Mrsic entrenatzaileaz gain, Devin Thomas fitxatu zen, besteak beste) kamutsa suertatu da. Asteotan bigarren inarroste saiakera eman da, Ricardo Fischerren agurra eta Nikola Rebic eta Benjamin Bentilen etorrera konbinatu direlarik. Azken bi pizgarri horien aukeraketa benetan da bitxia. 1995ean jaiotako gazteak dira, elitean oso eskarmentu mugatua dutenak, eta Bilbo Basket bizitzera doanaren moduko presio egoera baterako inongo trebakuntzarik gabeak. Ez da batere erraza beltzezkoek libratzeko moduko multzoa ote duten asmatzea: kantxan, taldekide gehienek duela bost minutu ezagutu diren irudipena igortzen dute.

Hobe ez imajinatu. Gezurra badirudi ere, hamarkada honetan ACBko eta Eurokopako finala eta Euroligako final-laurdenak jokatutakoa da Bilbo Basket. Testuinguru ekonomikoa zeharo aldatu zenetik, beheranzko inertzia geldoa baina etengabea izan da. Miribillak ez dio bizkarrik erakutsi taldeari. Ez, behintzat, Illunben gertatutako proportzioan. Beltzezko zaleak barneraturik zuen litekeena zela denboraldiren batean ACBn geratzeko estutasunak igaro behar izatea. Zuzendaritzak berak baino gehiago, ziur asko. Maila galduz gero, Bilbo Basketekin gerta litekeenaz, hobe pentsatu ere ez egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna