Mikel Zumeta.
HERTZAK

Sexu mugarik ez

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Kaixo, maitia, zer duzu?». Tontakeria bat emango du galderak, baina ez da hainbesterainoko tontakeria. Galdera zuzena eta sakona da. Besteari goxotasunez, hurbiltasunez, bere egoeraren inguruan egiten den galdera baita. Askotan, «zer moduz?» galderari, «hainbestean!» erantzuten diogu. Edukirik gabeko formula estandarizatu eta hutsari, zer erantzun ez dakigula gera gaitezkeelako, nondik hasi? Hainbestean! Eta kitto, amaitu da barne gatazka. Gorde barruan, erraiei dagokiona, eta ondo lotu.

Kaixo maitia, Zuzeu podcast-ek aireratutako sexu, sexu harreman, harreman afektibo eta gainontzekoen inguruan sakonduko duen edukiontzia da. Bertan Kaixomaitia.eus atariak garatutako inkestetatik eratorritako datuak aletuko dituzte, Euskal Herriko sexualitatearen hausnarketa eta irakurketa ariketa garatzeko.

Sexualitatea, desira eta desiragarritasuna geure nortasunaren espresio ezinbestekoak dira, munduarekin harremanetan jartzeko ezaugarrietako bat. Definitzen gaituzten aldagaietako bat, beste guztiak bezain garrantzizko eta ezinbestekoak. Batzuetan ez dugu ondoan duguna ulertzen, besteetan ez dugu geure burua ulertzen, akaso izan daiteke ez ezer ulertzea, hainbestean!

Kaixo maitia-k, ordu erditik ordu laurdenera doazen hamabi saio ditu entzungai ohiko plataformetan. Bertan, Iñigo Arandia, ekimenaren zuzendaria, eta Olatz Berastegi, psikologo eta sexologoa, arituko zaizkigu jasotako datuen irakurketan, transkribapenean eta analisian. Nolakoak ote dira geure sexurako joerak? Zalantzak? Gatazkak eta beldurrak?

Zergatik diogu horrenbesteko beldurra sexuaz, maitasunaz, desiraz mintzatzeari? Zergatik lotsatzen gara geure buruaz, besteaz? Zer ulertzen dugu praktika on bezala, eta praktika itsusi edo txar bezala? Bikote mota, desleialtasuna, masturbazioa, sexurako maiztasuna landuko dira. Topikoak, tropoak eta tropikoak bilatuko dira. Euskal Herri tropikal honetan, zenbateraino gara irekiak? Zenbateraino egongo da mitorik, zenbateraino egiarik?

«Kaixo, maitia, zer duzu?». Gehiagotan galdetu beharko genioke elkarri, askotan geure burua ulertzeko ondoan dugunaz berri jakitea ezinbestekoa delako. Goxotasunez, xamurki, emeki. «Kaixo, maitia, zuk zeuk, zer duzu?» Entzun gaitezen, uler gaitezen, ikus dezagun osotasunean elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.