Errusia: edozer gauza egiteko gai

Artem Dziuba. MACIEJ KULCZINSKI / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Edozertarako gauza da Errusiako selekzioa. Onerako zein txarrerako. Bosgarren Eurokopa jokatuko du jarraian. Badu meritua. Baina multzoen fasea gainditu ezinda gelditu da azken bi aldietan. 2008an igaro zuen langa hori azkenekoz, Alemaniak finalaurrekoetan kanporatu zuenean. Futbolaren mundua harri eta zur utzi zuten orduan, etxeko Munduko Kopan bezala, 2018an. Orduan, inork ez zuen ezer ere ematen haien alde, lur jota baitzeuden. Hilabeteko inspirazioa izan zuten, ordea, eta final-laurdenetaraino iritsi, lehen fasea gainditu, eta Espainia kanporatu zuten. Geroztik, fase nahiko egonkorra izan dute, eta hamar partidatik zortzi irabazita sailkatu dira Eurokoparako.

Aulkian Stanislav Txertxesov dago oraindik. 2016an bihurtu zen Errusiako hautatzaile, eta multzo indartsua osatu du hutsetik hasita. Taldearen argudio nagusia Artem Dziubaren golak dira. Zeniteko aurrelariak 22 gol sartu ditu sasoi honetan, eta bederatzi sartu zituen Eurokoparako sailkatzeko partidetan. Mehatxu handia da goitik, eta lan eskerga egiten du bizkarrez. Hark baloiak jaitsi, eta orduan agertzen da Aleksandr Golovin, taldearen itsasargia. Monakoko erdilariarekin batera, Aleksei Mirantxukek eta Denis Txerixevek ere distira ematen diote errusiarren jokoari. Bestalde, aipatzekoa da atepean ez dela ariko Igor Akinfeev, hamarkada batez errusiarren atezaina izan ondotik. Anton Xuninek hartuko du haren lekukoa.

San Petersburgon jokatuko ditu lehen bi partidak, Belgikaren eta Finlandiaren kontra. Hirugarrena, eta printzipioz hiruretan garrantzitsuena, Kopenhagen jokatuko du, Danimarkaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.