Meho Kodro. Realeko eta Alaveseko jokalari ohia

«Reala da faboritoa, baina, antsietatea badu, baliteke ordaintzea»

Realean lau denboraldi egin zituen Meho Kodrok, eta hiru Alavesen. Beraz, ondo ezagutzen ditu bi taldeak. Uste du gaurko derbia «zaila» izango dela bientzat. Entrenatzailea da, baina talderik gabe dago orain.

SALVATORE DI NOLFI.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Mende laurdena baino gehiago igaro da Meho Kodro (Mostar, Bosnia eta Herzegovina, 1967) Donostiara iritsi zenetik, Jugoslavia zatituko zuen Balkanetako gerra piztear zela. «Auto batean, erdi ezkutuan» eraman zuten Zubietako entrenamendu zelaietara, eta han proba bat gaindituta egin zuen lekua Realean. Gol asko sartu zituen bertan, eta Bartzelonara joan zen gero. Tenerifen, Alavesen eta Tel Aviveko Maccabin ere aritu zen. Bera aritu zen bi euskal taldeek elkarren aurka jokatuko dute gaur, Donostian,«etxean».

Zer moduz bizi da Meho Kodro?

Ondo. Donostian bizi naiz, baina sarri joaten naiz Bosniara ere. Esan daiteke hemendik hara eta handik hona nabilela. Futbola utzi nuenetik hemen jarri ginen bizitzen, eta, askotan esan dudan eran, oso gustura nago bertan. Egunerokoan zeregin batzuk ditut, eta han-hemenka nabil une hauetan.

Berriz ere entrenatzailea izateko prestatzen ari zara?

Gustatuko litzaidake. Ateak zabalik ditut. Esan dizudan moduan, han-hemenka nabil, eta ez dut aterik ixten. Badakit zaila dagoela Espainiako Lehen edo Bigarren mailan entrenatzaile izatea; hori ederra litzateke, baina badakit nola dagoen egoera. Halere, ez nuke oso urrutira joan nahiko. Europan ariko nintzateke gustura, leku onak baitaude. Agian, beste aukerarik ez balego, eta urrunagoko talderen batean aukerarik izango banu, hausnartu egin beharko nuke, baina nire asmo nagusia hemendik gertu entrenatzea da.

Beraz, izango duzu futbolaren aktualitatearen berri.

Bai. Ikusten ditut partidak. Gehienbat, hemen ingurukoari egiten diot kasu, baina Alemaniara eta beste leku batzuetara ere joaten naiz. Semea [Kenan Kodro] Kopenhagen jokatzen ari da, eta ari ere jarraitzen diot.

Realean eta Alavesen jokatutako zara. Zer oroitzapen dituzu garai haietaz?

Oso onak. Reala nire kluba da, aukera eman zidana, eta oso oroitzapen onak ditut. Donostian jarraitzen dut: hori da adibidea. Sasoi onean nengoen, gainera. Alavesera geroago iritsi nintzen, baina ondo gogoan dut urte hura ere. Txapeldunen Ligarako sailkatzetik bi puntura geratu zen taldea [1999-2000ko denboraldia], eta oroitzapenak onak dira ezinbestean. UEFA kopa jokatzeko sailkatu ginen. Alavesek urte onak izan zituen urte haietan, eta sasoi haietako bat izan zen. Aldi onak igaro nituen euskal taldeetan.

Gaur elkarren aurka ariko dira Reala eta Alaves, Anoetan. Nolako partida espero duzu?

Zaila, oso zaila bi taldeentzat. Oso dinamika ezberdinetan doazen arren, eta Alavesek Realak baino sei puntu gehiago dituen arren, horrek ez du zerikusirik izangogaur iluntzean. Alavesek oso ondo ekin dio ligari, eta, azken jardunaldietan ligaren hasieran adinako emaitza onik lortu ez duen arren, orain arte egindakoa hor dago. Reala, berriz, beste egoera batean dago. Azken hiruzpalau partidetan ez da nahi zuen bezala aritu, eta ikusi beharko da gaur zer egiteko gai den. Esan daiteke Alavesek baino behar handiagoa duela. Gabonetako geldialdiko asteak ondo igaro nahi baditu, norgehiagoka hau irabaztea komeni zaio.

Gabonetara garaipen batekin joatea garrantzitsua da Realarentzat, ezta?

Bai. Bereziki, buruarentzat. Neurketarik ez du jokatuko datozen egunetan, eta azken partida irabazteak lagundu egingo lioke aurrera begira ere. Alde horretatik, gaurko partida garrantzitsuagoa da Realarentzat Alavesentzat baino, are gehiago etxean jokatzen duela jakinda.

Emaitzaren bat iragartzera ausartuko al zinateke?

Zaila da hori... Nire ustez, Reala da faborito, baina, azken emaitzek eragindako antsietatea badu, baliteke ordaintzea. Realak irabazi egin diezaioke Alavesi, baina ez haiei soilik; baita ligako beste talde askori ere. Partida zaila izango da bi taldeentzat, eta biek aritu beharko dute ondo neurketa irabazteko.

Txuri-urdinen aurrelariak kamuts dabiltza azken partidetan. Zein da gol gutxi sartzearen arrazoia?

Nik ezin dizut esan zer gertatzen zaien, ez bainago klubean. Ez nago taldearen barruan, eta ez dakit zein den egoera. Halere, aurrelari batek beti sartu nahi du gola, eta, ez badu lortzen, kezkatu egiten da. Realak oso aurrelari onak ditu, bistakoa da hori. Badute gola sartzeko gaia, baina, askotan, huts egiteak buruari eragitea ekartzen du, eta antsietatea sortzen du horrek. Hori ez da batere ona, eta are gehiago zailtzen du egitekoa. Gola sartzean askatuko dira berriz ere.

Taldeak asko igar dezake aurrelarien ezina?

Tira, azken finean golak sartu behar dira partidak irabazteko. Taldeak ere urduritasun puntu bat izan dezake, eta hori ez da ona futbolerako. Esperotako emaitzak lortzen ez direnean, horrek eragina izan ohi dujokoan.

Alavesek, berriz, oso ondo hasi du sasoia.

Bai, ikaragarri ondo ari da. Lehenbiziko partidetan maila oso ona eman zuen. Ezagutzen dut Abelardo entrenatzailea, eta baita Alaveseko jokalari batzuk ere. Lanak ondo egiten ari dira. Liga hasierako partida horietako maila izugarria zen, eta sailkapenaren goi-goian egon ziren zenbait jardunalditan; agian, Alaves ez da horren goian egoteko taldea. Orain beheratuago dabilen arren, oso ondo ari da, eta ea horri eusteko modua egiten duen. Lehen itzuli oso ona osatu du.

Zure semea, Kenan, Kopenhagera joan zen sasoi honen hasieran. Zer moduz doakio han?

Kirol arloari dagokionez, urte zaila izaten ari da harentzat. Ez du nahi beste jokatu, eta, gainera, gol gutxi sartu ditu. Realeko aurrelariei buruz hitz egin duguna gertatzen ari zaio hein batean hari ere. Bera ere postu horretan aritzen da, eta antzeko kasua da. Kopenhagen, berriz, oso gustura dago. Hiria oso polita da, eta taldea, Eskandinavian dagoen onena. Alde horretatik gustura egon arren, gola sartzea falta zaio, eta ea hobera egiteko modua aurkitzenduen, gutxika-gutxika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.