Zirarda, traidorea

ZALDI ERO.
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Zirarda gotzaina, Francoren guztiz morroi zen. Gure administratzaile apostolikoa zen, eta Santanderreko gotzaina. Behin, Karmen egun batean, beragana joateko deitu zidan. Joan nintzen. Bera, zain. Berba errazekoa zen. Bere sasipastoralarekin hasi zen, baina ez nuen bakean utzi. Vatikano bigarrena buruz ikasita neukan, eta handik erantzun nion. Azkenean, esan zidan: 'Hainbat salaketa dauzkat zure kontra, baina, batez ere, galdera bat daukat zuri egiteko. Egia da halako gai honetaz eta halako gai hartaz berba egiten duzuna?'. Nik, Vatikano bigarrenetik erantzun nion orduan ere, tar-tar-tar. Gero, beste gai bat atera, nik tar-tar-tar Vatikano bigarrenetik erantzun, eta berak: 'Horrela pentsatzen baduzu, hobeko duzu sekularizatu! Gaur bertan ezkontzekoa da halako, zu baino bi urte arinago abade egindakoa!'. 'Gotzain jauna, pentsatu dut hori ere, eta orain inoiz baino gehiago, abade izan gura dut', esan nion. Hura, eskubide kanonikoaren arabera, jakinarazpena nuen, nire burua zuzen nezan. Bitartean, beraren lehengusu bat bidali zuen, nire sermoiak entzuten.

Bigarrenez ere deitu ninduen, eta orduan paper bat zeukan egina. Zigorra zen: 'Jendaurreko mezarik ez duzu esango. Esatekotan, ez duzu sermoirik egingo'. Ni isil-isilik, berba egin barik. Irteeran esan zidan: 'Pedro, lehengoan ez zinen isildu, eta, gaur, berriz, ez duzu txintik esan'. Erantzun nion: 'Lehengoan, aitaren etxera etorri nintzen, eta semeari dagokion konfiantza osoaz berba egin nuen. Zuk, erantzuna gura zenuela esan zenidan, baina egun hartan bertan erantzun zenion zuk zeure buruari, handik egun bira gobernadoreak 50.000 pezetako isuna ipini zidan-eta. Zuk, nire berbak hartu eta salatu egin ninduzun. Gaur ez dut berbarik egin, traidore baten aurrean ez dudalako berbarik egiten'. Isil eta mutu geratu zen. Guztiz jota».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.