Kontuak

2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zalduondon da uda partean Joxe Mitxelena Arsuaga (Oiartzun, 1932). Ziklista txapelduna izana, 87 hektarea aspaldi erosiak ditu herrian, Serafin Ajuriak salduak. «Ezagun bat banuen Gasteizen. Gonzalez de Zarate zen, haren aita, Gasteizko alkatea zena, gerra denboran hil zuten [Azazetako fusilatuak, 1937]. Hark esan zidan Ajuriak lur-saila zuela Zalduondon, saltzeko. Parajea ikusi, gustatu, eta erosi nion». Ez, haatik, bizikletan egindako diruaz, erloju saltzen irabazitakoaz baino. «Hogeita hamabost mila erloju ere baditut salduak Espainia guzian. Irun, Hondarribian eta Oiartzunen izan ditut erloju-dendak, eta erloju-dendan erretiratu nintzen».

Eta bizikletatik erloju-dendara bitartean, estraperloa izan zuen lanbide. Orduantxe ikasi zuen dirua bankuan baino hobeto gordetzen, bizikleta lagun. «Aise! Bizikletari zela kendu, bileteak lotu bata besteari soka batekin, eta sartu denak tutuan barrura, beheraino. Gero, atzera zela jarri, eta hantxe barrenean dirua! Gauzak erosteko ere, dirua eraman beharra zegoen batetik eta bestera. Baina gauza jakina zen gure artean! Elkarren berri bagenuen, denok egiten genuen!».

86 urte gainean, hartzen du trena Oiartzundik Zalduondora etortzeko, eta Araiako geltokian jaitsiko da Joxe, bizikleta eskuan. Eta pedalei eraginez egingo du Zalduondora arteko bost kilometroko bidea. «Oiartzunen ondo, eta Zalduondon ere ondo nago ni». Zortzi seme-alaben, senideen eta Andoni adiskidearen bisitak tarteko, mundu bete kontu duela bizi da. «Nire anaiarekin hitz egin beharko zenuke! 91 urte ditu! Antonio. Hark nik baino gehiago ditu kontuak!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.