Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Errutina

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Inoiz gertatu zaizue irratia piztu —adibide honek telebistarako ere balio lezake— eta ahotsak entzun baino lehen mintzagai nagusia zein izango den jakitea? Kazetariek eta gonbidatuek albisteei emango dieten tratamendua, afera jakin horri dedikatuko dioten denbora, gainontzeko gertakarien kaltetan, noski. Hori guztia uneren batean buruan izan al duzue?

Ezustekoen bila ibiltzen naiz egunero; errutinak bere izaerari huts egingo dion itxaropenez. Bada arratsaldero ezustean harrapatzen nauen irratsaio bat: Radio Euskadiko La mecánica del caracol. Zientziak mundu mordoa barne hartzen du: zientziara hurbiltzea zuhaitz handi baten enborra besarkatzea bezala da. Hainbeste dago ezagutzeko eta ulertzeko, ezen besoak luzatu arren, ez naizen sekula guztiz hura inguratzeko gai.

Eva Caballerok gidatzen duen saioa egunero egiten zait erakargarri. Bere programa aditzean, besoak gero eta gehiago luzatzen dira. Magia kontua izan zitekeen, baina zientzia da. Hala ere, zientziak badu magiatik zerbait, ezta? Edo zientzia ondo azaltzea magia izan daiteke, akaso.

Asteartean, adibidez, Loizun (Nafarroa) aurkitutako giza hezurduraz mintzatu zen. Loizuko gizona duela 11.700 urte baino gehiagoko eskeletoa da; osorik aurkitu dute, bikain kontserbatuta. Aurkikuntza esanguratsuaren inguruan hitz egin eta abian jarriko duten ikerketaren xehetasunak eman zituen, Kantabriako Unibertsitateko Historiaurreko katedraduna den Pablo Arias bidelagun izan zuelarik. Astelehenean, berriz, bestelako diziplinak izan zituen aztergai. Esaterako, fibromialgia, min edo neke kronikoari buruz aritu zen gonbidatuekin. Edozein alor dela ere, erraztasun handiz korritzen du haren mintzoak saio bakoitzean.

Eginahalak egiten dituzte La mecánica del caracol irrati-emankizuna eguneko irrati-agendan nabarmendu dadin. Eta lortzen dute, zalantzarik gabe. Zientzia erdigunera eramaten dute, zientziak axola duelako. Gainera, ulerterrazak bilakatzen dituzte hasieratik hain korapilatsuak egiten zaizkigun gaiak. Nabarmenduko nituzke profesionaltasuna, alde batetik; eta zehaztasuna eta argitasuna landutako gaietan, bestetik. Azpimarratzekoa da esatariak gaiak nola lantzen dituen, betiere ikuspuntu ezberdinak proposatuz. Hori izanen da seguruenik saioaren errezeta magikoa edo isileko formula matematikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.