Mikel Zumeta.
HERTZAK

Hemen eta orain

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gasolioaren prezioa igo da. Errusiak Kyiv bonbardatzen jarraitzen du, irudi krudelak ikusi berri ditugu sareetan. Ekilore olio eskasia datorkigu gainera, zerealena. Garraiolarien greba dago, ikasleena, irakasleena. Supermerkatuan ez dut ia esnerik topatu. Gerra kanpainan gaude. Zorabiozko abiadura digitalari gerraren larritasuna gehitu zaio. Garbigailua jarri behar dut lanera joan aurretik, ondoren faltarik gabe arropa eskegi beharko dut, zein da ordu zerrenda merkeena? Podcast dinamikoak entzuten ditut, askotariko gaiak lantzen dituztenak; atentzioa eman nahi dutenak, eraginkorrak izan nahi dutenak, deigarriak, entzunak, musika, introa, artifizioa. Bat-batean, Naomi Mendizabalen ahotsa entzuten dut, zarata guztiaren erdian, beste nonbaitetik deika ari balitz bezala: Urratsa podcasta da.

Urratsa Ulumedia ekoiztetxeak EITB Podkastentzat garatutako meditazio eta erlaxazio podcasta da. Bertan gidari eta bide lagun Naomi Mendizabal dugu. Hamahiru atal dira entzungai daudenak, EITBn zein ohiko plataformetan. Gaika antolatutako erlaxazio gidaturako entzungaiak. Estresa, amatasuna, dolua, kirol erronkak, beldurra, banaketa, izango dira, besteak beste, landuko dituen gaiak. Atal bakoitzean egunerokotasunean bizi ditzakegun egoerei aurre egiteko hausnarketa txikiak egingo ditu, sarrera gisa, ondoren meditazio eta erlaxazio gidatuan sakontzeko. Naomiren ahotsak eskutik helduko gaitu, geure gorputzari arreta egin diezaiogun, arnasketari, momentuari. Egunerokotasun zorabiotik lurrera gaitezen, hasteko, ondoren behin lur hartu ondoren, mantsoki, abia gaitezen beste norabide batean.

Naomiren ahotsak denbora mantsotzeko gaitasuna dauka, soinu diseinu ederrarekin batera ASRM-ra hurbiltzen dena —erantzun sentsorial meridiano autonomoa—, eta esperientzia gozagarriari esker erraza izango zaigu bidaian murgiltzea.

Zuhaitzen hostoak entzuten dira airean, kulunkari. Epela da entzuten dena, hartu arnasa, patxadaz, eta nabaritu nola mugitzen den zeure bularra arnasten duzun bitartean: gora eta behera. Gora, eta behera. Nabaritu hatz muturrak, hatz markaraino. Has gaitezen gorputz osoa den labirintoa zeharkatzen, atalez atal, organoz organo. Gorputza, mantsoki, ohe edo besaulkian ondoratuko den bitartean. Gorputza lurrean utzi, arnasten, oxigenatzeko. Beste nonbaitera egin, bitartean. Zarata horretatik aldendu, saioak irauten duen bitartean, barrenak osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.