Mikel Zumeta.
HERTZAK

40 nondik 40 nora

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Aurten 40 urte beteko dira euskal telebista eta irrati publikoa sortu zirenetik.Hori ospatzeko, saio berezi ugari antolatu dira; Euskadi irratian, Radio Vitorian, Radio Euskadin eta Euskal Telebistako lehen eta bigarren kateetan. Oroitzapen zerrenda zenbatezina da, bizitza oso bat. Gogoratzen ditut aski ongi Euskadi Gaztea entzuten pasatzen nituen larunbat goizak. Telefonoz abesti entzutetsuenak zerrendatzeko deiak, zozketan elastikoak irabazteko zirrara. Poztekoa da urteurrena, harro egoteko modukoa ere, 40 urteren ostean sortutako euskal komunikabide publikoak aurrera jarraitzea. Hitz horiek guztiak idaztean, baina, gatazkatsu eta nahasi sentitzen naiz, galderak bata bestearen ondotik sortzen zaizkidalako. Ez dut zalantzarik EITB erakundean ideia on, langile on eta asmo on ugari dagoela. Hala eta guztiz ere, errealitateak konplexuagoa dirudi. Irrati eta telebista zerbitzu publikoa goraipatzearen beharra ezinbestekoa deritzot. Irudiaren, ahotsaren eta narratibaren garaian bizi baikara. Guk ez badugu geure mundua azaltzen, besteek egingo baitute, haiena azaldu eta geurean eragin, inposatu.

Formula mediatikoen garaian bizi gara. Guztia neurtzen da irabazietan eta galeretan, errentagarritasunean, zenbakietan. Lehiakortasunaren zirimolan askok ahaztu omen dute, antza, publikoa izatearen ezaugarrietako bat. Guztiona, guztiontzat, zerbitzu ezinbestekoa bezala ulertua. Non egin daitezke esperimentuak? Probak? Ausardiaz formula arriskatuak sortu eta zabaltzeko ganora, irrati-telebista publikoan ez bada. Nork izan beharko luke aurrerakoien, puntakoen eta abangoardiakoen, publikoa ez bada? Publikoa ez zaio harpidedunari zor, ez luke zertan entzule edo ikusle kuotei kateatuta egon.

Bertutetsua da publikoa, itzul diezaiogun duintasuna. Batzuek ez dute baliabiderik plataformetan harpidetzeko, ez dute teknologia menperatzen, ez dute modurik eskaintza pribatuak lehiakortasun aske eta jori bezain lizunean saltzen dutena lortzeko. Horregatik da garrantzitsua publikoa izatea, eta ez dadila eraiki eskaintza pribatuaren irudian islatu nahian, ispilu horrek itzuliko digun isla aldrebesa izango baita.

Ospa dezagun EITBren 40. urteurrena. Gogora ditzagun nostalgikoki nahi bada ere saio, aurkezle, garai eta uneak. Izan dadila aurrera egiteko indar hartzea, eta ez bizitza oso bateko eskarmentuari saria, erretreta hartuko duenari egiten zaion goraipamen berezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.