Pastor
DARWIN ETA GU

Azken filma Etiopian

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Cinesa Artea zinemek ateak itxi dituzte Bizkaian. Igandean izan zuten azken emanaldia. Hala ere, aretoak berriro irekiko dituela jakinarazi du Yelmo enpresak. Argiak ez dira betiko itzaliko, antza.

Asko hitz egin da zinemaren garapenari eta etorkizunari buruz. Garai bateko zinema esperientzia saihetsezina izan zen nerabezaroko giza grinetan barrena eginiko iniziazio-bidaian. Neskaren ondoan esertzen zinen, eskua ez dakit non erortzen uzteko, haren benetako edo itxurazko lotsariaren semaforoak argi berderik ematen ote zizun jakite aldera. Lehen musua lapurtzeko irrikan zeunden, iluntasuna konplize. Orain, sexting eta selfie-en aroan, beste aldarte batean ikusten da pelikula. Bihotza ez zaizu lehertzen laztan ezkutu bat emateko itxaropenaz. Hustuta zaude bezperan neska horrek bidalitako argazki edo bideo tentagarriekin barruak lasaitu ostean.

Zinemaren behinolako eginkizuna maisuki deskribatu zuen Peter Bogdanovich zuzendariak The Last Picture Show -Azken film ikuskizuna- filmean (1971). Sonny, Duane eta Jacy neskaren hormona-borrokaren eta apeten zirimolaren kokalekua dugu Anarene, Texasko fikziozko herria. Zinema-aretoa desio ilunen aterpea da Bogdanovichen hiru gazteentzat. Beste ikusle batzuek bizitza dirdiratsuago batez amesteko erabiltzen dute ikuskizuna. Edo bakardadetik ihes egiteko. Hain zuzen, haiek legez egiteko doa zinemara Bernardo Atxagak Etiopia liburuko testu batean azaldutako emakume beltza. Hark ere babesleku du zinema. Anareneko gazteek ez bezala, sarrera osoa ordaintzen du. Filmaren aurreko dokumentalak milaka dortokaren sufrikarioaren berri ematen du. Animaliek orientazio sena galdu dute proba atomiko baten ondorioz eta, itsasora barik, barneko basamorturantz doaz, han asfixiatuta hiltzeko. Argiak pizten direnean malkotan daude Harlemeko amonaren begiak.

Sonny, Duane eta Jacy bestelako gazi-gozoak esperimentatzen hasi dira zineman, plazeraren eta minaren arteko mugak nekatu arte esploratzeko. Gizarte itxi horretako histasun itogarrian gatibatuta daude, bertako tristeziaren goragalean ahituta. «Zer egiten ari zarete hemen, atzean?», galdetu die Jacyk Sonnyri eta haren neska-lagunari, aretoko azken ilaran eseri direla ikusita. Bikotea musuka hasi da, baina Sonnyk ez ditu begiak ixten: txundituta dago Liz Taylorren irudiarekin.

Iraganean zinemetan bizitakoa gogorarazten dizu eszenak. 12-13 urterekin aretoko azken lerroetan eseri, eta segituan hurbiltzen zen aretozaina: «Zer egiten ari zarete hemen, atzean? Atzean bikoteak jartzen dira». Eta aurrera bidaltzen zituen voyeuramateur-ak. Bada modu askoz profesional, maltzur eta zikinagoz jokatzen duenik. Habanan Payret edo Yara zinemetako leihatilaren ondoan geratzen diren gizonak, adibidez. Hor ikusten duzu bat, atearen ondoan ageriko disimuluan. Gustuko duen neska sarrera erosten ikusi eta badoa leihatilara, txartela ordaindu eta aretoan sartzeko, neska iluntasunean galdu aurretik. Ilara berean jesartzen da gizona, bi edo hiru eserlekura, eta masturbatzen hasten da. Pajusos deitzen diete. Miseria sexualak ez ditu kapitalismoa eta sozialismoa bereizten.

Zinema-aretoa betiko itxiko dutela esan die leihatilako emakumeak Anareneko gazteei: «Inork ez du zinemara etorri nahi. Udan beisbola, gero telebistaren asmakaria...». Pantailan Red River filma ematen ari dira. Sonny eta Duane begira ditugu. Azken film ikuskizuna izango da. Jacy ilehoria, haien suen pizgarria, herritik joan da. Duane Koreako frontera itzuliko da biharamunean. Ganadua Missourira eramateko agindu dio John Waynek Montgomery Clift-i. Bakeroak irrintzika hasi dira. The End.

Normalean ez dugu gogoratzen gure lehen filma, eta ez dakigu zein izango den azkena. Bitartean, gure bihotzek aurrera segitzen dute bi puntu horien artean, tartekako zeluloidezko taupadak lagun. Esploradore nekatu batek zer ikus lezake tristeziaren metro kuadratu baten mugetan. Etiopia liburuak 40 urte beteko ditu aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.