HIZTEGI LABURRA

2016ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasunak urtarrilaren 1ean ezarri zuen indarrean banku batasunaren bigarren urratsa: finantza erakundeen arazoei aurre egiteko sistema bateratua. Proiektuaren kontzeptu nagusiak dira honako hauek, laburtuta:

Banku batasuna

Batasun ekonomikoan eta moneta bakarraren sisteman sakontzeko urratsa da. Euroguneko finantza erakunde guztientzat —eta eurogunetik at nahi dituzten herrialdeetakoentzat— arau komunak ezarri dira. Finantza erakundeak zaintzea eta ikuskatzea, herrialde bakoitzaren ardura zena, Europako erakundeen esku geratu da, sektorearen fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetze aldera. Azken finean, bankuen arazoek herrialde oso bat kolokan jartzea eragotzi nahi da, aurreko krisian gertatu den gisara. Hiru adar bateratzea da azken helburua: ikuskaritza, arazoak dituzten bankuen kudeaketa eta diru gordailuen bermea.

Ikuskaritza bakarra

Banku batasunaren lehen zutabea da. EBZ Europako Banku Zentralak euroguneko 6.000 finantza erakundeak kontrolatzeko eta ikuskatzeko ardura du orain.

Berregituratze eta Likidazio Sistema Bateratua

Finantza erakunde batek diru arazoak dituenean eta esku hartze pribatu hutsaren bidez gainditzea ezinezkoa bihurtzen denean, bankuak berregituratzeko edo likidatzeko sistema bateratua sartuko da indarrean (SRM, ingelesezko laburduran). EBko zuzentarau batek finkatu du banku baten etorkizunari buruz erabakia nola hartu behar den eta nork hartuko duen. Banku batasunaren bigarren pausoa litzateke, joan den urtarrilaren 1ean indarrean sartu zena.

'Bail-out'

Bankuak erreskatatzeko orain arte erabili den modua, ingelesez. Finantza erakundeek arazoak izan dituztenean kanpotik esku hartu da, eta, batez ere, diru publikoa sartuta onbideratu dira, porrot egiten utzi ordez.

'Bail-in'

Arazoak dituzten finantza erakundeei laguntzeko aurrera begira EBk ezarri duen oinarria. Kasu honetan, galerak diru publikoarekin estali beharrean, akziodun, inbertitzaile edo gordailu handiek dirua jartzea dago aurreikusita. Soilik azken aukera gisa sartuko litzateke jokoan ekarpen publikoa.

Berregituratze funtsa

Inbertitzaile pribatuen diruarekin bankua likidatzeko edo onbideratzeko aski ez den kasuetarako, berregituratzean laguntzeko funts bateratua egongo da eskura. Inbertitzaile pribatuek gutxienez erakundeko aktiboen %8ren pareko ahalegina ezarri beharko dute, funtsera jo baino lehen. 2023. urtera bitartean, bankuek funts hori hornitzen joan beharko dute. Helburua da horren tamaina sisteman parte hartzen duten herrialdeetako gordailuen %1 izatea: 55.000 milioi euro inguru. Funts bateratua osorik eratu arte herrialde bakoitzak bere funtsa izango du, eta diruaren %60 arte beste herrialdeekin banatuko du 2017. urtetik aurrera.

Likidazioa

Banku batek erortzeko arriskua duenean eta interes publiko orokorra babesteko beharrezkotzat jotzen denean, posible izango da finantza erakundea likidatzea. Erabakia Europa mailako kontseilu batek hartuko du, eta, Europako Batzordeak eta EBko Kontseiluak eragozpenik jartzen ez badute, likidatzeko ebazpena32 ordu igarotzerako martxan jartzeko aukera izango du.

Gordailu bermea

Europako Batasun guztian bezero eta finantza erakunde bakoitzeko gordailuak bermatuta daude 100.000 euro arte. Aurrerantzean posible izango da hortik gorako kopuruei galeren parte bat egoztea. Kasu horretan, banakako bezeroek eta enpresa txikiek lehentasunezko tratua dute: ez dute galerarik hartuko bermerik ez duten beste inbertitzaile guztiei ezarri arte. Halaber, herrialdeek aukera izango dute banakako bezero edo enpresa txiki horiek salbuetsita uzteko, egoeraren arabera.

Gordailuen berme bateratua

Banku batasunaren hirugarren urratsa litzateke. Ikuskatzeko eta berregituratzeko sistema komunak ezarrita, Bruselak proposatu du gordailuen bermea Europa mailan eratzea, herrialdez herrialde dagoena ordezkatzeko. Haatik, azken pauso hau emateko traba handiak daude. Zergatik? Arriskua partekatzea eskatzen du berme bateratuak. Hots, bankuek euren sorterrian bermatuta dauden gordailuak ordaindu ahal izateko jartzen duten dirua beste herrialde batean erabili ahal izatea, hango banku bati arazoak sortzen bazaizkio. Alemania ez dago prest horretarako, arriskua ikusten duelako bere bankuen dirua kanpoko finantza krisiak estaltzeko erabiltzeko. Bruselak aurkeztu duen proposamenaren arabera, berme bateratuak 43.000 milioi edukiko lituzke prest 2024. urterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.