ATZEKOZ AURRERA

Txin- txin, zortearen hotsa

100 milioi euro utzi ditu Bilboko Deustua auzoan Espainiako loteriaren Erregeetako lehen sariak. Bigarren sariaren zati bat Gasteizera, Anoetara, Eibarrera eta Cordovillara joan da.

Hogei pertsona inguru bildu ziren atzo Bilboko Deustua auzoko 19. loteria saltokian, Errege eguneko sari nagusia banatu zutela ospatzera. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Atzo goizean lanerako esnatu, arropak jantzi eta etxetik ateratzean, Betty Vivasek amestu ere ezin zuen egin eguerdiko informatibo guztietan xanpaina edaten azalduko zenik. Baina bai. 05.685 zenbakidun dezimoa erosi zuen egun batzuk lehenago etxekoentzat, eta, zoriak hala nahita, espero baino 200.000 euro aberatsago bukatu zuen laneguna. «Kostatu zait sinestea!». Eta, berak bezala, berdin beste hamaika herritarren kasuan ere. Bilboko Deustua auzoko 19. zenbakidun loteria administrazioak banatu du Espainiako loteriako Errege eguneko sari nagusia. Txartel guzti-guztiak saldu dituzte, gainera. 100 milioi euro, guztira. 200.000 euro dezimo bakoitzeko. Zorion oihuak, txaloak eta besarkadak Deustuan saria ospatzera bildutakoen artean. Txin-txin hotsa du batzuetan zorteak.

Hamarkadak daramatzate elejaldetarrek salgune horretan, eta hiru anaiak daramate orain negozioa. Eta, hain zuzen ere, iragan hori hartu nahi izan zuen gogoan Juan Elejaldek atzo, telebista kamera guztien aurrean xanpain botila zabaltzerakoan. «Tokatu egin da, eta oso pozik gaude. Amari eskaini nahi diogu sari hau, 50 urtez bera izan baita administrazioaren jabea». Topa proposamena gero haren omenez, eta trago bana, espresuki horretarako eramandako kartoizko edalontzietan.

Pozik Guillermo Moles ere. Hark darama egun elejaldetarren salgunea, eta, atzo azaldu zuenez, azken-azken unera arte ibili zen zortea Deustuko kaleak tentatzen. «Ostiral arratsaldean oraindik bost dezimo genituen saltzeko, eta azken momentuan saldu genituen». Astea joan eta astea etorri, beti zenbaki bera izaten du salgai berak, eta bikotea txantxetan zebilkiola pentsatu zuen emazteak sari nagusia beren zenbakiari egokitu zitzaiola esan zionean. «Telebistan ari nintzen zuzenean zozketa ikusten, baina dutxan nengoen sari nagusiaren unean».

Eta berehala telefonoa. Jo eta jo. «Zorakeria bat!». Tretoko etxean autoa hartu (Kantabria, Espainia), eta Bilbora zuzenean, Deustura, lantokira. «Bidaia osoan dardarka nituen hankak: 100 milioi euro eman ditugu!».

Dirurik ez du irabazi berak, baina umoretsu mintzo zen atzo, halere. «Tokatu? Ez, ez, tokatu, ez zait ezer tokatu, astelehenean lanera itzuli beharra bakarrik! Eta sariarekin ziur lan bikoitza edo hirukoitza izango dugula! 100 milioi euro banatu izanaren pozarekin etorriko gara, hori bai».

Arangoiti auzoaren poza

Dezimo baten sariarekin zoriontsu zebilen atzo Tomas Sarasola Tomy ere. Poz bikoitzarekin. Pozik berak jasotakoarekin, eta pozik besteei emandakoagatik ere. Izan ere, Arangoiti auzoko Ziortzia tabernan aritzen da Sarasola lanean, eta saritutako dezimo sorta bat ere saldu du bertan. Ehun dezimotik gora. Milioiak. «Auzo umila da gurea, eta pozik nago horregatik. Ez dut erabat sinesten oraindik. Pixka bat gelditu eta burua pixka bat hoztu arte, nik uste ez dudala izango benetan asimilatzerik».

Loteria salguneak ateak irekitzerako, hogei pertsona inguru bazeuden jabeek atea noiz irekiko zain. Saridunak batzuk, saridunen bizilagunak besteak. Irribarrez guztiak. «Ni neu ere, Deustukoa izanik, giroa ikustera etorri naiz». Naroa Fernandezek, esaterako, hurbil ikusi du saria, baina ez. «Guk ere erosi tarteka erosten dugu loteria hemen, baina aurtengoan beste batean erosi dugu».

Eta Cristina Esteve ere, antzera: saritik gertu, baina saririk gabe. Pozik, halere, salgune inguruan. «Lagunak ditugu loteria saltzaileak, eta haiek zoriontzera». Aholkularitza ekonomiko batean egiten du lan berak, eta, atzo esandakoaren arabera, sariaren harira oso litekeena da lan gehiago izatea. «Saria jaso dutenak etorri, eta tokatuko zaigu lana guri ere bulegoan, bai!».

Errege eguneko bigarren sariaren zati bat Gasteizera, Anoetara (Gipuzkoa), Eibarrera (Gipuzkoa)eta Cordovillara (Nafarroa) joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.