Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Alain Lersundi. Aktorea

«Guztiz biluztu naiz: katarsi bat izan da»

Berea kontatu du Lersundik, baina badaude beste asko. 'Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat' antzezlana ondu du ondarroarrak. Ez du inor axolagabe uzten: «Beste aldera begiratzeak ez du jada balio».
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko urtarrilak 2

Lan «transformatibo» bat. Artistaren beraren «zigilua» daramana, baina «toki unibertsal» batera iritsi nahi duena. Alain Lersundi ondarroarrak (Bilbo, 1988) Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko Goi Mailako eskolarako egindako gradu amaierako lana oinarri hartuta sortu du Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat antzezlana. Bere istorioa dela dio, «biluztu» egin dela, «katarsi pertsonala» izan dela, baina badaudela beste «milaka» istorio ere: «Gehiegi».

Zein da Alain Lersundiren zigilu hori?

Nerabezaroan, presio sozial batengatik, bere identitate sexuala garatu ezin izan zuenaren zigilua.

Lehen pertsonan, beraz?

Bai, erabat.

Fikziotik ere badauka?

Autofikziozko obra bat da. Helburua beti baita norbanakoak bizitzen dituen egoera isolatu horiek toki unibertsal batean kokatzea, eta unibertsaltzeko fikzionatzen dut, arazo hori biharko egunean publikoaren baitan kolektiboa izateko.

Biluztu egin zara?

Guztiz, erabat. Katarsi pertsonal bat izan da hau.

Obraren izenburuan « (beste) istorio bat» diozunean, esan nahi duzu gehiago ere egon direla?

Milaka.

Gehiegi?

Gehiegi.

Ondarroan ere bai?

Seguru baietz.

Badago harrotasunaren antzerki bat?

Ez dakit nirea harrotasunaren antzerki bat den, baina egon beharko luke. Datozen belaunaldiei utzi diezaiekegun ondarea hauxe da. Eta horretarako momentua da. Agian, duela hogei urte, ez zen horren erraza horrelako gauza bat egitea. Orain tokatzen dela uste dut.

Gaitegi horrek zirkuitu zabalagoa dauka orain?

Lehen, kalean deitu ahal zizuten marikoi. Orain, ezin da, edo ez da egiten, baina askok pentsatu egiten dute. Antzerkian ere halako zerbait gertatzen da: egiten da, eta ez da kritikatzen, baina ez da guztiz zirkuitu ofizial batean sartzen. Alternatiboaren eta ofizialaren arteko muga horretan gelditzen da. Zergatik? Ofizialak ezin duelako publikoki ukatu, baina horrek ez du esan nahi ez dutenik hala pentsatzen.

Beraz, nor da Alain Lersundi?

Noraezean dabilen artista bat [barrez].

Artista noraezean ibiltzea izan liteke positiboa...

Bai, eta pertsona bera hala ibiltzea ere bai. Haztea da kontua.

Zergatik aktore?

Beti barruan eraman izan dudan zerbait da aktore izatearena. Batxilergo artistikoa egin nuen, eta Arte Ederrak ondoren. Garai hartan, izan ere, nire nerabezaroko sexu ukapenaren garaian, ez nintzen gai eta ezta gay ere [barrez] kanpora ateratzeko antzerkia ikastera, etxeko babes hori uzteko eta Madrilera edo Bartzelonara joateko. Arte Ederrak amaitutakoan, arte hezkuntzako masterra egin nuen.

Eta 2016an...

Apirilean, lagun bat hil zitzaidan bihotzekoak jota. Ohartu nintzen ez dagoela denbora galtzerik. Hemen eta orain izan behar zuela nire ametsak. Dantzertin eman nuen izena, eta hartu egin ninduten.

Eta handik sortu da proiektu hau?

Bai, Dantzertiko gradu amaierako lanean oinarritutakoa da, alde performatiboan, eta garatuago dago.

Eta zer-nolako bidea ari da egiten?

Gustura nago. Bilbon estreinatu nuen, Ondarroan ere bai, Laudion ere aritu nintzen joan den igandean... Harrera ona izan du, eta ez diot hori jendea pozik ateratzen delako.

Ez da pozik ateratzen jendea?

Harrera ona eragiten duelako diot, ez duelako inor axolagabe uzten. Beste alde batera begiratzeak jada ez du balio. Kolektibo ezberdinek ikusi dute, eta hainbat jende sentitu da identifikatuta obrarekin eta bertan esaten direnekin. Toki unibertsal horretan nahi nuen kokatu, eta uste dut lortu dudala.

Ez da irribarre batekin ateratzeko obra bat, beraz?

Ez, gehiago da malkotan ateratzekoa.

Hitz gutxitan laburtuta?

Nerabe baten gaua kontatzen du. Ohean bueltaka eta lorik egin ezinda dabil. Narratzaileak haren hainbat pasartetara eramango gaitu.

Omenaldi bat ere badago tartean.

Homosexualitatea ez da hitz lau bat. Eta genero binarismoaren testuinguru horretan kokatu gabe ezingo nuke azaldu errealitate bat edo etorkizun bat. Homosexualak marjinazio batean kokatzea eta, aldi berean, norma horretako ez-norma onarpen horretan egotea. Ekai ondarroar nerabe hari omenaldi bat egiten diot; bere buruaz beste egin zuen 16 urte zituela. Haur bat nagusi izateko trantsizio hori berez da prozesu zail bat; baina, gainera, presio sozialak baldin badaude, eta genero sailkatze bikoitz horretan ez bazara sartzen... zelako noraezak sortzen diren. Horri buruz egiten dut berba.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urmugako antolatzaileak, babesleak eta musikariak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Urmuga, haria blaitzeko prest

Ane Insausti Barandiaran

Uztailaren 12tik 30era egingo dute Urmuga mendi ibilbide musikatua. Gutxi gorabehera, 50 musikarik eta taldek parte hartuko dute. BERRIAk babestuko du, eta modu berezian jorratuko du.
Erle beltza, <em>Apis mellifera mellifera nigrotorax</em>. ©BERRIA

Nekazaritzatik aldenduta, hobeki

Iker Tubia

Gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino, EHUko ikerlari batzuek argitu dutenez. Erleei kalte handia egiten dien barroari aurre egiteko ikerketa abiatu dute.
Ioar Aizpurua, Ataun irratiaren sortzailea, irratiko estudioan. ©IOAR AIZPURUA

Handituz joan den irratia

Amaia Jimenez Larrea

Hamar urte bete ditu Ataun irratiak. Gaztetxo batek sortu zuen irratia 11 urte zituela, bere bi zaletasun batuz: irratigintza eta informatika. Gaur egun hamar bat pertsonako lantaldea du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...