ATZEKOZ AURRERA

Grabitatearen malabaristak

Jendetza bildu du Bilbon Munduko Red Bull Cliff Diving txapelketak. Milaka pertsona elkartu dira Salbe zubiaren inguruan kirolariek 27 metroko altueratik egindako jauziez gozatzeko.

14 jauzilarik hartu zuten parte atzokoan Bilbon egindako Cliff Diving lehiaketan, eta Steven Lobuek irabazi zuen txapela. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Airea. Segundo bat. Bi segundo. Hiru segundo. Eta ura. Horixe laburrean 27 metroko altueratik salto egiten duten jauzilarien hegaldia. Nahikoa airean bost buelta eman, bira erdi bat egin eta apenas zipriztinik eragin gabe ibaian murgiltzeko. Ikusgarria da kirolarien abiadura eta zehaztasuna, eta jendetza bildu du horregatik Bilboko Salbe zubian egunotan Munduko Red Bull Cliff Diving jauzi lehiaketak. Jendetza bildu zuten ostegunean lehen frogek, eta jendetza bildu zuen atzo ere finalak. Lehiaketa orokorreko azken saioa ere bazen atzokoa, gainera, eta nahiz eta aurtengo munduko txapela Gary Hunt jauzilariarentzako izango zela erabakita egon, erabatekoa izan zen isiltasuna jauzi bakoitzean. Airea. Segundo bat. Bi segundo. Hiru segundo. Ura, eta, urarekin batera, «hara!», arnasa berriz ere publikoak.

Gorputz bat, grabitatea desafiatzen. Gordinean, hori da kirol modalitate horren funtsa, baina atzokoan ikuskizun ere bilakatu zuten lehiaketa antolatzaileek. Telebista kamerak. Errepikapenak eskaintzeko pantaila erraldoiak. Publizitate kartelak. Musika. Animatzaileak. Surflari motordunak. Abeslariak... Plataformatik adarra joz adierazi zuen ekitaldiaren hasiera neskato batek, traineruetan eraman zituzten 14 kirolariak zubipera, eta, han zirela, aurreskua dantzatu zien mutil batek 27 metroko garaierako plataformatik. Eta, lehia hastean, horixe: gorputz bat, grabitatearen aurka.

Kirolarien kontzentrazioagatik zen isiltasunarena, eta zorrotz errespetatu zuen publikoak. Izan zen salbuespenik ere, ordea. Michal Navratil txekiarrak isiltasuna baino nahiago du zarata, nonbait, eta txaloka eta oihuka hasteko eskatu zien aldiro ibai ertzetan bildutako milaka ikusleei atzo. Horregatik, jauzia ikusi ahala, jauzia entzun egin zitekeen. Buruz behera Navratil plataformaren ertzean, eta jauzian emandako bira bakoitzeko ozenago eta ozenago jendearen hotsa. «Hara, hara, hara, hara!». Baina azkenean, isilean, Steven Lobuek irabazi.

«Ikusgarria da». Umeekin joan zen Mari Jose Garcia bilbotarra jauziak ikustera. «Behin egin nuen jauzi hamalau metro inguruko altuera izango zuen harri batetik; apur bat oker erori nintzen, eta aste bete eman nuen minez. Uretan egiten duten zarata entzunda, ez imajinatzekoa izango da altuera horretatik salto egitea».

Bederatzigarren solairutik

Telebistan ikusi zuen txapelketa Agustin Martinez Carbajal Guti-k iaz; aurten, zuzenean. Guggenheimen parean zegoen semearekin atzo. «Hiriaren arteria da ibaia, eta oso ongi legoke are gehiago bultzatzea. Horregatik iruditzen zait ongi antolatutako ekitaldi hau. Halakoek erakusten dute posible dela, eta frogatzen dute etekin handiagoa atera dakiokeela ibaiari. Demokratizatu egin behar litzateke itsasadarra. Bilbo munduan kokatzen lagunduko luke horrek». Inoiz jauzi txikiren bat egina da bera ere, eta harridura puntu batez mintzo zen horregatik Salbe zubiko jauzilariez. «Saltoak izugarriak dira, benetan izugarriak».

Gainezka zeuden ibaiaren bi ertzak, eta ehunka ziren ekitaldia piragua eta ontzietatik ikusten zebiltzanak ere. Deustuko Unibertsitate alboko eraikinetan ere jende piloa leiho eta balkoietan. Denak jauzilariei adi, eta haiek kontzentratuta. Isiltasunean. Ibaiari begira. Jauzirako prest. Oinetako behatz puntak bakarrik plataforman. Bederatzigarren solairuan ziren ikusleen altueran.

Aldea aldatu zuen atzo Araiz Urbizuk. Unibertsitate inguruan izan zen iaz, eta Guggenheimen aldera pasatu da aurten. Pozik zegoen aldaketarekin. «Alde honetatik garbiago ikusten da dena. Iaz ez genuen ikusten nola egiten zuten jauzi; erortzen bakarrik ikusten genituen». Pozik zegoen ama; lurrean eserita, aspertu xamar alboan zuen semea. «Elantxobeko portutik jauzi egina naiz ni, hori izan da nire jauzirik altuena, baina ikusten duzu hau, eta ufa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.