ATZEKOZ AURRERA

Zipriztinek kulturaz blaitu dute

Olatu Talka jaialdiak ekintzaz bete ditu Donostiako txoko ugari. Bisitak, musika saioak, jokoak, tailerrak eta beste egin dituzte. Bihar, beste horrenbeste izango dira kaian, festa amaitzeko.

Askotariko tailerretan parte hartzeko aukera izan zen atzo goizean, Donostiako Konstituzio plazan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Urumea ibaian barrena doa Arkibotea. Maria Kristina zubiaren azpitik igaro da txalupa, Kursaal alderantz. Atari elkarteko kide bat Donostiaren historia esplikatzen ari zaie parte hartzaileei. Adi entzuten dituzte azalpenak; zubiaren gainean, ordea, inor gutxiren arreta bereganatu du txalupak. Beste zeregin batzuetan dabiltza Urumea pasealekuan: batzuek besteei zapia buruan jartzen. Olatu Talka kultur jaialdiaren barruan, ehundik gora ekitaldi prestatu dituzte hiru egunetarako, eta atzo, olatuaren zipriztinak ia hiri osora iritsi ziren. Hiria eta itsasoa ditu ardatz jaialdiak, eta, hori dela eta, kai inguruan egingo dute festa bukaerako ekitaldia, bihar.

Autobus geltokira iritsi berri dira Iruñetik Carmen Trujillo eta lagunak, eguna pasatzeko asmotan. Lurpetik kalera atera bezain pronto ikusi dute Urumea pasealekuko karpa. Lagunei parte har dezaten konbentzitu nahian dabil Trujillo. «Hau denetara animatzen da», dio aldameneko lagunak. «Eta zuek ezertara ere ez!», erantzun dio Trujillok, karpara gerturatu bitartean. Zapiak gora, zapiak behera tailerra egiten ari dira, Gipuzkoa Solidarioa sareak antolatuta. Itziar Igartua arduradunak azaldu duenez, txoko bat jarri dute emakumeek elkarrekin gozatu eta beste kultura batzuetan zapia nola jartzen duten ikas dezaten: «Hitz eta pitz egiteko tarte bat daukate, elkar ezagutzeko». Bidegorria hartuta, «aztarna solidarioaren bila» abiatu berri dira hainbat lagun, ibilgailu gurpildunetan. Eta badatoz batukadakoak, giroa animatzera.

Kristinaenea parkean ere bada zerbait. Parkearen atarian, Olatu Talkaren egitaraua eskuratu berri du Marisa Andrade valentziarrak. Alaba kongresu batera etorri dela eta, egun batzuk hirian geratzeko aprobetxatuko dute. «Ikusten dut bihar ere badaudela gauzak; beraz, ederki, emango dugu bueltatxo bat». Poesiak errezitatzen dabiltza parkearen zelaiguneetako batean. «Bidean galdu egin naiz; zenbat eta gehiago ibili, orduan eta galduago nago», ari da emakumezko bat mikrofonotik. Alboan prest dago pianoa, jarraian datorren ekitaldirako.

Zurriolako hondartzan, paleontologia tailerra aukeratu dute hainbat haur eta gaztetxok. Bretxa inguruan, Konstituzio plazaren bila ari da Hans Kofman alemaniarra, Olatu Talkaren egitaraua eskuan duela. Europatik bidaiatzen dabiltza hiru senar-emazte, eta harrituta daude larunbat goizean topatu duten giroarekin: «Ez dakit jaialdiagatik den edo ez, baina bikaina da». Donostiako Kantujira ezagutzeko aukera ere izan dute, Bretxa inguruan baitabil.

Konstituzio plaza tailerrek bete dute. Bolatxoekin eskumuturrekoak egiten ari dira, loreekin diademak, txotxongiloak... Dragoi txinatarra ere hemen dabil. Gipuzkoako Txinatar Institutuak ekarri du, eta harekin argazki bat ateratzen ari da Mila Lopez: «Asko gustatzen zait Asiako kultura, ikonografia...». Iazko udan Txinan egon zen, eta «dragoi ikusgarriak» ikusi ahal izan zituen bertatik bertara.

112 telefonora deika

Ogia egiten dabiltza Cebank prestakuntza zentroaren gunean. Arrabolarekin orea zabaldu du ume batek, eta forma eman nahian dauka aldamenekoa: «Egin indarra, bestela ez da ateratzen, fuerte-fuerte», esan die laguntzaileak. Izar itxurakoak egin dituzte batzuek; bihotz formakoak besteek. Bukatutakoan, kutxa batean etxera eramango dituzte, labean egiteko.

Nagore Iturria seme-alabekin etorri da, eta kartoiarekin irudiak egiten jardun dute. «Haurrekin etortzeko oso ondo dago; ikasteko gauza asko daude, gainera». Gipuzkoako DYAk jarri duen gunea aipatu du. Han, boluntario batek bihotz-biriken suspertzea nola egin azaldu die haurrei, eta panpina batzuekin, praktikan jartzen ari dira. «Hitz egin diozu, baina ez dizu erantzuten, ez da esnatzen. Orduan, zer?», galdetu dio boluntarioak neskatxa bati. 112 telefono zenbakira deitzen ariko balitz bezala egin du haurrak, eta imajinatu dute gaixoak arnasa hartzen ote duen galdetu diola telefonoz bestaldekoak. Berak ezetz. Suspertze ariketa egiteko agindu diote orduan. Bi eskuak bular aldean jarri, eta gogotsu ekin dio neskak. Bukaera zoriontsua izan du: gaixoak arnasa berreskuratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.