ATZEKOZ AURRERA

Historiako istorioak ehizatzen

Gizakia duela 14.000 urte nola bizi zen irudikatu dute Zestoako Ekainberri museoan, Ekainfest jaiaren barruan. Historiaurreko pintxoen ibilbidea, txu-txu trena eta olinpiar jokoak ere izan dituzte.

Bisitari ugari izan ziren atzo Zestoako Ekainberri museoan, Ekainfest jaiaren barruko ekintzetan parte hartzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Zestoa
2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ilara luze batek hartu du Zestoako (Gipuzkoa) Foru plaza. Haur eta heldu, elkarri eguzkitako krema ematen dabiltza. Askok bisera daramate buruan, eta motxila txiki bat bizkarrean. Zain daude, zerbaiten zain. Alazne Arnaezek argitu du itxaronaldiaren zergatia: txu-txu trena iristear da. «Sua egitera goaz, eta garai bateko istorioak entzutera». Hala esan dio semeak goizean, Ekainberri museora joateko prestatzen ari zirela. Izan ere, tailerrak eta bisitak antolatu dituzte Ekainberrin, larunbatarekin. Ez da ohiko larunbat bat, ordea. Ekainfest jaia egiten ari dira, eta, museoan ez ezik, herrigunean ere ekintza ugari prestatu dituzte, Bizi historiaurrean xarma leloaren aterkipean. Tabernetan, adibidez, martxan daukate Pintxo Tourra, historiaurreko pintxoen ibilbidea.

Iritsi da tren zuri-urdina, eta konturatzerako, bete dira eserleku guztiak. Erdigunetik aldenduta, paraje berdeetan barrena abiatu dira, Ekainberrirantz. Denek ez dute trenaren alde egin, ordea; oinez ere badoa jendea. Mila Lekuona eta haren bi bilobak Lauiturrietako garbilekuari begira ari dira —2012an auzolanean berritu zuten—. Lekuonak dioenez, biloba txikiena historiaurreko kontuak ikasten ari da eskolan, eta gogotsu dago museoan antolatu dituzten tailerretara iristeko. Egarri ere badira. «Tratatu gabeko ura» dio iturriko kartelak, eta, edan ez duten arren, burua ur hotzarekin freskatu dute hirurek, bidean jarraitu aurretik.

Ekainberrira iritsi baino lehen, Lili jauregia bisita daiteke, hara ere heldu baita Ekainfest. Barruan, bisitariak hartzeko prest dago Andre Madalen, jauregiko etxeko andrea. Bere etxearen eta familiaren historia ezagutu nahi duenak Lilitarren ohorea antzezlanean parte har dezake.

Herriko plazan baino gutxiago, baina Lili jauregiko geltokian ere badabil jendea, txu-txu trenaren zain. Iban Regillaga da horietako bat. Neska-laguna eta alaba jauregian dauden bitartean, adi-adi dago, trenak ihes egin ez diezaien. «Bero honekin, hobe litzateke itzalpean egon, baina... Kanpoan ibiltzeko, hala ere, hobe hau euria baino; ezingo gara kexatu». Geltokia bero dago, eta are beroago Ekainberri kanpoko zelaia. Duela 14.000 urte gizakiak nola bizi ziren irudikatzen dabiltza. Asier Conde Ekainberriko koordinatzailea sua piztu nahian ari da, parte hartzaileek haragi errearen mokadu bat har dezaten tailerren ondoren.

Urte osoan egiten duten lana publiko orokorrari zabaldu nahi diote. Horretarako, ordu erdian behin doako bisitak antolatu dituzte Ekaingo kobazuloaren erreplikara, eta irtetean, ekiteko garaia izango da. «Lehen gizakiak bezala, txabola batean sua egingo dugu; aldameneko panelean, margoa landuko dugu, eta, ondoan, ehiza tailerra dago».

Historiaurreko pasadizoak ez zaizkie batere arrotzak Andoni Altunari eta semeari, ez baita Ekainberri bisitatzen duten lehen aldia. Hala ere, tailerretarako gogoz dira, egun-pasa egiteko aukera ezin hobea iruditu baitzaie Ekainfest. «Jolastu egiten dute, eta, gainera, ikasi. Guretzat ere denbora pasatzeko modu entretenigarria da», esan du Altunak. Goizean ikasitakoa praktikan jarriko dute arratsaldean. Historiaurreko olinpiar jokoak egingo dituzte, eta parte hartzaileek hiru proba gainditu beharko dituzte: sua, murala eta ehiza. Condek ohartarazi duenez, girotzea ere baloratuko dute, hau da, garai hartan bezala jantzita etortzea.

Badator berriro txu-txu trena, berriro ere beteta; bueltako bidea, aldiz, ia hutsik egingo du. Historiaurrearen xarmak bizi-bizirik jarri du Ekainberri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.