ATZEKOZ AURRERA

Ibilaldia euskal kulturan barna

Usurbilgo hainbat txoko bisitatu dituzte 'Harria Hitz' ibilaldi gidatuan bildutako 30 lagunek. Herri gunean ez ezik, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan eta Zumeta Arte Estudioan ere egon dira.

Harkaitz Martinez txalapartaria, 'Harria Hitz' ibilaldi gidatuan parte hartu dutenei azalpenak ematen, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan. JON URBE / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 1960ko hamarkadan kulturak izandako susperraldiari buruz arituko gara. Usurbilek zer egiteko izan zuen azalduko dugu». Hori esanez agurtu du Leire Canok Usurbilgo (Gipuzkoa) frontoian elkartutako taldea. Prest daude herrian galdu eta Harria Hitz ibilaldi gidatua egiteko. Cano izango da gidarietako bat.

Hamalau lagun etorri dira Bilbotik. Imanol Agirre da horietako bat, eta honako hau azaldu du: «Urteroko ohitura dugu: sagardotegira joaten gara bazkaltzera; aurretik, kulturari lotutako planen bat egiten dugu».

Herriko kaleetan eta inguruko auzoetan egingo ditu geldialdiak ibilaldiak. Canok azaldu duenez, «hiru platereko menua» baitute aurretik. Autoak hartu eta Txokoalde auzora jo dute lehenik,Oreka TX txalaparta taldearen txokoa ezagutzera. Harkaitz Martinez kideak egin die ongietorria, kafearekin eta infusioarekin.

Garai bateko tren geltokia da Oreka TXren «tailerra». Hainbat gauza daude garajean: oholak, harriak, artilea, burdinak, plastikozko hodiak... Txalapartaren oinarriak, materialak eta taldearen proiektuak azaldu ditu han ordubetez Martinezek. Joxan eta Jesus Mari Artze anaiez galdetu dio bisitari batek. Hitz onak esan ditu Martinezek txalapartari usurbildarrei buruz: «ohorea da Usurbilen egotea; txalapartaren garai iraultzaileko protagonistak izan ziren». Goiko solairuko ateak ireki ditu ondoren; bestelako musika tresnak daude han: panderoa, txirula, alboka, gitarra...

Txokoaldeko bisita bukatu, eta Usurbilgo herrigunera abiatu dira berriro. Txalapartaria ere batu zaie. Frontoian elkartu dira, haren inguruko hainbat gune bisitatzeko. Ereiten-eko Sara Etxebestek hartu du hitza dema plazan: «Euskal kulturaren kezka irudikatzen dute idi, gizon zein emakume probek: harria bizkarrean eraman beharra, alegia».

Udarregi bertsolariari eskainitako eskultura izan da hurrengo topagunea, Remigio Mendiburuk egina. 1966an omenaldia egin zioten bertsolari usurbildarrari. Etxebestek azaldu duenez, euskal kulturaren festa bihurtu zen, diktadura garaian hainbat sortzaileren topagunea izan baitzen.

Mikel Laboa plazara heldu dira ondoren bisitariak. Jose LuisZumetaren zeramikazko murala dute atzean, frontoiaren kanpoko horman. Aurrean, berriz, Laboari eskainitako bi eskultura, Jose Luis Elexpek eta Juan Jose Arangurenek eginak. «Zumetarekin eta Joxan Artzerekin lotura estua izan zuen Laboak, musika, margolaritza eta poesia zirela tarteko».

Arte deserosoa

«Mutilatutako murala da», esan du Etxebestek, Alejandro Tapiaren obrara iristean. Herri Batasunaren enkarguz egin zuen; jende multzoa ageri da, pankarta baten atzean. 2009an «zentsuratu» zuten, Etxebesteren arabera, PSE-EEko Patxi Lopez gobernura iristean, haren aginduz. Aurpegia eta lemak beltzez zikinduak ditu ordutik. Tapiak hala mantentzea nahi izan zuela esan du, eta honako galdera hau bota du: «Arteak erosoa izan behar al du?».

Askatasuna plazan, Karlos Zabala Arrastalu-k egindako obra dute begi bistan. Horman itsatsitako zeramikazko pertsonaia erliebedunak dira, uki daitezkeenak. «Artearen eta publikoaren arteko harremana lortu nahidu», azaldu du Etxebestek. Sagardogintzari eskainitako eskultura ikusi, eta Zumeta Arte Estudiora abiatu dira, autoz berriz ere.

Usoa Zumetak ireki dizkie ateak; ibilaldian bidelagun izan dute. «Ni ez naiz artista, artisaua baizik», esan du bere serigrafia estudioan. Teknikaren nondik norakoak erakutsi dizkie, aitaren estudiora sartu aurretik. Izenik gabe, 200x133 dokumentala ikusi dute han. Jose Luis Zumeta koadro bat margotzen ageri da. «Ba al du zerbait buruan?», galdetu du bisitari batek. Hala erantzun dio Usoa Zumetak: «Zerotik hastea abentura bat da harentzat».

Zumetaren obren erakusketa gunean bukatu dute euskal kulturaren azken hamarkadetan barrena egindako ibilaldia. Asebeteta utzi ditu menuak, baita gero sagardotegira doazenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.