ATZEKOZ AURRERA

Tribuek osatutako herri txikia

Internet eta teknologia berrien zaleek lepo bete dute Gasteizko Europa jauregia Araba Encounter topaketan. Hiru egunez, sarean murgiltzeko aukera izango dute 10 GBko konexio abiaduran.

Ordenagailuetan aritzeko gunea nork bere erara atondu du, Europa jauregian egiten ari den topaketan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jokoak, hardwarea, software librea, hitzaldiak, tailerrak, arte digitala, lehiaketak..., eta hori guztia segundoko 10 GBko konexio abiaduran. Internet eta teknologia berrien zaleek aspertzeko betarik ez dute Araba Encounter topaketan. Atzo hasi zen horrenbeste gogoz itxarotako jaia, eta, astelehena bitarte, 72 ordu izango dituzte parte hartzaileek bideo -jokoetan aritzeko, arte digitala sortzeko, programatzeko edota hardwarea diseinatzeko. Norberak gustukoen duen eremuan jarduteko aukera ematen baitu topaketak, eta, bidenabar, jende arteko harremanak bultzatzeko eta pertsonak saretzeko parada ere bai. «Tribu desberdinek osatutako herri txiki bat gara», laburbildu du Aitor Ubarretxena antolatzaileak.

Laugarren urtea du aurten Araba Encounterrek, eta, Gasteizko Europa jauregiko areto nagusia ikusita, dudarik ez dago lehen alditik lortutako arrakastari eutsi diola. Ordu gutxian agortu dituzte sarrera guztiak: 500. Denera, 320 ordenagailu paratu dituzte. Bakar bat gehiago ere ez da sartzen aretoan. Gainera, parte hartzaileak ez ezik, bi mila lagunen bisita ere espero dute Openguneak eskaintzen dituen tailerretan eta hitzaldietan parte hartzeko. Ez da kopuru makala. Antolatzaileak «oso harro» daude lortutako harrera paregabearekin.

Gustura daude, halaber, orduak eta orduak sareari lotuta egoteko bertaratu direnak. «Etxean baino askoz hobeto gaude», ziurtatu du Kantabriako (Espainia) Fermin Garok. Lagunekin joan da Gasteizera, eta etxetik eraman dituzte ordenagailuak, eta baita marrazki bizidunetako panpinak, apaingarriak, jakiak eta edariak ere. Kolorez beteak dituzte mahaiak. Dir-dir egiten dute. Xarma berezia du haien txokoak. Garok onartu du modu horretan gozatzen dutela gehien teknologia berriez: «Hemen askatasun osoa dugu gure pasioa nahi dugun moduan bizitzeko».

Askok benetako artelan bihurtu dituzte ordenagailuak, euren gustuen araberako itxura emanez. Argi gorriek distira egiten dute Alberto Fernandezen mahaian. Lau haizagailu martxan dituen kutxa batek sortzen du dirdira. Ez du ematen, baina ordenagailu bat da. Galdakoztarrak berak atondu du ordenagailua. «Kontzeptua erraza da: merkea den baina potentzia nahikoa duen ordenagailu bat hartzen dut, eta bezeroaren gustuen arabera aldatzen diot itxura». Autoekin gertatu zen bezala, informatika zaleen artean gero eta jarraitzaile gehiago ditu joera horrek. Fernandezentzat afizioa ez ezik, negozioa ere bada.

Harremanak saretzeko

Sareari lotuta egoteko eta harremanak josteko topagune paregabea da Araba Encounter. Giroak laguntzen du adiskideak egiten, familia giroa sumatzen baita topaketan. Hala diote behintzat Anais Galvan eta Anna Mota bartzelonarrek. Aurreko hiru urteetan egindako lagunekin berriro elkartu dira Gasteizen, eta aitortu dute jende gehiago ezagutzeko irrikan daudela. Baina haien lehentasuna, beste ezeren gainetik, denbora ongi aprobetxatzea da: «Hemen gure asmoa da ahalik eta denbora gehien pasatzea bideo jokoetan jolasten eta telesailak eta filmak ikusten». Aitortu dute apenas zapaltzen dutela kalea, «pizzaren bat edo beste erosteko ez bada».

Bideo jokoetan jolastea eta lagunekin egotea. Hori baino ez du nahi Jon Mikel Martinez gasteiztarrak. Lehen aldia du Araba Encounterren, eta ez du denbora galtzeko asmorik. «Ongi pasatzera etorri gara, jendea ezagutzera eta bideo jokoen lehiaketetan parte hartzera». Aitortu du harrituta dagoela, ez zuelako espero afizio bera duten hainbat pertsona leku berean batera ikustea: «Elkarrengandik gertu egotea eta sarean jolastea izugarria da».

Internet konexioaren abiadurabezain azkar igaroko zaizkie orduak Araba Encounterren bildutakoei. 72 ordu bete-betean aprobetxatzea da guztien asmoa, nork bere erara, baina guztien artean herri txiki bat osatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.