ATZEKOZ AURRERA

Errekaleor, sukaldetik hasita

Auzo okupatuaren aldeko manifestuaren hainbat sinatzailek proiektua barrutik ezagutu dute; lau urteko bidea, eraisteko mehatxua eta etorkizuneko asmoak ezagutu dituzte bertan.

Errekaleorri Bai plataformako kideek eta arkitekto batzuek auzo okupatuaren egoera ikusi zuten, baita etxe batzuk ere. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sukalderaino. Literalki. 30 pertsona inguru Errekaleorreko zortzigarren atariko etxebizitza baten barruraino sartu ziren, 11:00etan. Etxeko bizilagunek «ongi etorri» batekin egin zieten harrera, baita heldu berrien galderak eta kezkak argitu ere, irribarrez, eta etxeko zapatiletan.

Ezohiko bisita izan zen atzokoa. Irudia bera deigarria zen. Goizeko lainoa altxatu gabe zegoela, pertsona talde zabal bat auzo okupatuaren kale artetik mugitzen ari zen, oinez. Errekaleorri Bai plataformako kideak ziren, baita zenbait arkitekto ere, auzoaren egoeraren eta proiektuaren asmoen berri izateko gogoz. 10:00etan zen hitzordua. Plazan auzoko lau kide zain zeuden, gaztetxetik ateratzen zen kafe usainak lagunduta. «Gaztetxea esaten diozue garai bateko elizari? Hemen denak gazteak al zarete?», galdetu zuen Espe Urreta bisitariak. «Ez denak, baina bai gehienak», azaldu zion Jonbe Agirre bizilagunak. «Hona etortzeko moduko proiektua iruditzen zait», hausnartu zuen gero Urretak.

Errekaleorri Bai plataformaren helburuetako bat uztailaren 13an aurkeztutako txostenaren jarraipena egitea zen. Txosten horretan Almudena Perez arkitektoak, oro har, gezurtatu egin zituen Gasteizko Udalak auzoa eraisteko emandako argudioak Edonola ere, zenbait arazo antzeman zituen, etxeen aurrealdeen egoera kasu. Lehen blokearen aurreko aldamioak erakutsi zuen auzokideek txostenaren iradokizunak aintzat hartu dituztela. «Aurrealdea margotzen ari gara; hemendik hasi, eta gainontzeko eraikinetan jarraituko dugu», iragarri zuen Errekaleorreko azpiegitura taldeko kideetako batek. Orotara 16 eraikin ditu auzoak. Eraikin bakoitzeko bi atari daude; 32, denera. Atari bakoitzean sei etxebizitza daude; 192, guztira. Denek egitura berdina dute: hiru gela, egongela, sukaldea eta komuna, 55 metro koadrotan banatuta. «Guk erabaki genuen bi gelarekin nahikoa genuela, eta egongela handitu genuen», azaldu zuen etxeko bizilagunetako batek. Egongelako sabaian bi lanpara dituzte: horietako bat, argindar sarera konektatutakoa, ez dabil; bestea, soka batetik zintzilik, pilak erabiltzen ditu argia emateko. «Negurako prestatzen ari gara; eguzki plakekin argindarra lortuko dugu, baina etxea berotzea...», azaldu zuen etxeko bizilagunetako batek.

Elkartasun alea nonahi

Auzoaren bazter guztiak ikusteko tartea izan zuten bisitariek: gizarte etxea, baratzea, frontoia... Horietako bakoitzean Errekaleorreko proiektuak duen babesa ikusteko aukera egon zen. Gizarte etxean, besteak beste, inprimategi bat dute auzokideek, itxi zuten enpresa batek emandako gailuekin egina; frontoian EHU Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeak emandako gimnasioko makinak dauzkate; zineman VESA enpresak emandako makinak dituzte, Guridi Zinemak itxi zituztenekoak...

Aurrera begira, hamaika asmo dituztela azaldu zuten bizilagunek. Ordea, egun, ahalegin nagusiak lotuta daude auzoa eraisteko mehatxuarekin eta azpiegituretara begirako proiektuekin. «Herritarrek eman ziguten laguntzari esker, eguzki plakak erosi ditugu; ekarri behar dizkigute, sistema antolatzen hasteko», azaldu dute azpiegituraz arduratzen diren taldekoek. Lan horretan hamaika pertsonen borondatezko laguntza izaten ari direla azaldu zuten.

Goizak aurrera egin ahala, lanean ari ziren auzokideak agertuz joan ziren. «Hemen bizitzeak lan handia eskatzen du; nork bere etxeko kontuez gain, auzokoak ere egin behar ditu», gogorarazi zuen kideetako batek. Eguerdi partean dozena erdi bat lagun ari ziren frontoia txukuntzen. Bertan hasiko dituzte Errekaleorreko proiektuaren laugarren urteurrenaren ospakizunak, hil honen 26an. Gainontzeko ospakizunak 28tik 30era arte egingo dituzte, hurrengo urtean egin ahal izango dituzten jakin gabe. «Urte honetan gertatzen denak baldintza dezake guztia», hausnartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.