JARRAIBIDEAK

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aztarnariek eta kasuen kudeatzaileek nabarmendu dute banan-banan aztertzen dituztela kasu guztien xehetasunak, baina hauek dira erabiltzen dituzten irizpide orokorrak:

Nor da gertuko kontaktua? Pertsona batek koronabirusean positibo ematen duenean, harengandik hurbil egonda kutsatzeko arriskuan izan direnen zerrenda osatu behar du: gertuko kontaktutzat hartzen dira: bi metro baino gutxiagoko distantzian, maskara gabe eta hamabost minutuz baino gehiagoz egon direnak; positibo emandakoarekin bizi direnak; eta hura zaindu dutenak edo harengandik zaintza jaso dutenak.

Zenbat denboran aztertzen dituzte kontaktuak? Gaitza inkubatzeko eta transmititzeko epeei buruzko irizpide zientifikoak baliatzen dituzte. Protokoloetan zehaztu dutenez, proba egin edo sintomak agertu aurreko bi egunetako harremanak aztertzen dituzte.

Zer kasutan bakartu behar da gertuko kontaktua? Beti: gertuko kontaktua hamar egunez bakartu behar da, positiboarekiko azken harremanetik aurrera. PCR proba bat egin behar du bakartzea hastean, eta, horrek negatibo emanda ere, bakartuta segitu behar du, bigarren PCRa egin arte, handik hamar egunera; bigarren horrek ere negatibo ematen badu eta sintomarik ez badu, bakartzea kenduko diote.

Zergatik ez zaie egiten bigarren PCRrik positiboei, eta gertuko kontaktuei bai? Positiboen jarraipen klinikoa lehen arretako medikuak egiten du, eta hark erabakitzen du sendagiria noiz eman, baina ez PCRaren arabera, baizik eta sintomen eta berrogeialdi epearen arabera, besteak beste. Aldiz, gertuko kontaktuen bigarren PCRaren helburua da aztertzea ea itxialdian zehar positibo bihurtu diren —kasu horretan, berrogeialdia berriro hasi beharko lukete—; hain justu, arrisku horregatik agintzen da badaezpada etxeratzea: positibo bihurtzekotan, birusaren transmisioa geldiarazteko.

Zer gertatzen da norbait lanean kutsatzen denean? Aztarnariek erlazio sozial eta familiarren jarraipena egiten dute. Kutsatzea lantokian gertatzen bada, Osalanen esku geratuko da kasua; hura jarriko da harremanetan enpresarekin.

Gertuko kontaktuek beren kabuz dei dezakete dagokien osasun etxera? Ez da komeni. Aztarnarien deiari itxarotea hobesten dute; 24-48 ordu artean jartzen dira harremanetan positibo baten kontaktu guztiekin. Hori bai, deia jaso bitartean etxean egon behar dute.

Nola egin behar da bakartzea? Hainbat jarraibide ematen dituzte: gela batean egotea, atea itxita eta leihoa zabalduta, eta, hortik irtetekotan, maskara janztea eta ez geratzea besteek erabiltzen dituzten eremuetan; komuna konpartituz gero, ukitutako guztia desinfektatzea; arropa ur beroarekin garbitzea; jatekoa atean jasotzea; erabilera bakarreko musuzapiak erabiltzea eta poltsa itxi batean botatzea...

Nola egin behar dute berrogeialdia zaintza behar dutenek? Haur batek edo bere kabuz moldatu ezin den pertsona batek positibo ematen duenean, «familia bakartzea» ezartzen dute: zaintzaile bat bakartzen da pertsona horrekin, ahalik eta segurtasun neurri gehien mantenduz. Kasu positiboak bakartze epea amaitzen duenean, zaintzaileak hamar eguneko beste itxialdi bat egin behar du.

Zer gertatzen da pertsona bat ezin denean bere etxean bakartu? Itxialdia etxean egitea lehenesten da, eta, horretarako, bizitokiaren eta bizikideen ezaugarriak aztertzen dituzte. Hala ere, bakartzea ezin bada etxean bete, aztarnariek aukera dute hoteletara bideratzeko, bai itxialdia egin behar duena, bai bere bizikide zaurgarriren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.