Migrazioak. Irungo egoera

Kale gorriaren aurkako beroa

Irunen pilatzen ari dira muga igaro nahi duten migratzaileak eta Poliziak Lapurditik itzularazitakoak. 150 herritar inguruk harrera sarea osatu dute; erakundeen hutsunea betetzen ari direla salatu dute

Muga. Bi gazte, muga zeharkatzen. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO.
Maite Asensio Lozano.
Irun
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Larridura aurpegiarekin agertu da Amets —ez du abizenik eman nahi— Irungo San Juan plazara: «Sudango gazte bat topatu dut. Zeharo galduta dago». Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugatik dator: hari suertatu zaio goizean han dabiltzan migratzaileen bila joatea. «Lehenik, Renfera, hara iristen direlako autobusez Espainiatik; eta gero, Santiagoko zubira eta Behobiako muga ertzera, zeren han uzten baititu Frantziako Poliziak». Duela astebete Irunera iritsitako gazte ginear batekin egin du itzulia oraingoan, etorkinengana errazago hurbiltzeko. «Azaltzen diegu non dauden, zer baliabide duten... Eta saiatzen gara babes morala ere ematen: txikituta datoz, balio humano guztiak hondatuta. Minimo bat berreskuratzen ahalegintzen gara: pertsonak bezala tratatu, beren burua berriz maita dezaten».

10:30 inguruan Amets plazara heldu denerako, martxan da Irungo harrera sareak bertan duen gunea: pare bat mahai aulkiekin, gosarirako jana eta edana, botika ontzi bat, eta dozena erdi herritar. Egunero eskegitzen dute pankarta bat: Harrera duina eta integrala. Gauean heldutako hamahiru lagunei kafea eta palmerak emanez abiatu dute jarduna. «Blai eginda iritsi ziren, hotzez... Latza izan zen», azaldu du Josunek —ez du abizenik eman nahi—. «Etxera joatekoa nintzen, eta buelta eman behar izan nuen. Berandu zen aterpetxeetara joateko, baina ezin genituen kalean utzi. Eragileen lokaletan egin dute lo».

150 pertsona inguruk osatzen dute Irungo sarea. Uztailetik ari dira Frantziara doazen migratzaileei laguntza eskaintzen. Lakaxita gaztetxean hasi ziren. «Baina ohartu ginen han ez zegoela baldintzarik egunero 20-30 pertsona lotan geratzeko, are gutxiago hozten hasi zenean», gogoratu du Gerar Karrerek. Han zeudenak aterpetxe publikoetatik kanpo geratuak ziren: «Ikusezinak ziren». Beraz, harrera puntua mugitu, eta arazoa ikusgai jartzea erabaki zuten irailean: San Juan plazan daude, Irungo udaletxe aurrean. «Instituzioek beren gain hartu behar dute ardura hau».



Udaletxearen aurrean egoten dira egunez migratzaileak, sareko kideekin. Gari Garaialde / BOSTOK PHOTO.

Egoerak okerrera egin du azken asteetan Irunen: bertan pilatzen ari dira muga pasatzeko Espainia hegoaldetik iristen diren migratzaileak eta Frantziako Poliziak itzularazten dituenak. Eta, eguraldiak okerrera egin duen arren, orain ari dira udan baino gehiago iristen. Josuneren ustez, jarioa ez da berehala geratuko: «Asteburuan mila pertsona heldu ziren Andaluziako kostaldera. Horiek eta jada han zeudenak hemendik pasatuko dira, zeren muga igarotzeko beste bideak zaildu egin dira: Pirinioetan elurra egongo da, autobideetako kontrolak gogortuko dituzte... Hemendik abendura etengabe iritsiko dira, segur aski».

Ginea, Mali, Boli Kosta eta Kamerungoak dira batez ere. Gizonak dira gehienak, baina azken egunotan andre gehiago iritsi dira; asko, ume txikiekin. Oro har, senideren bat dute Frantzian edo Europa iparraldeko herrialderen batean; Irunen daudenean, beraz, gertu ikusten dute helmuga, hilabeteak edota urteak ihesaldian eman ostean. «Atarian daude. Jakinda hurbil daudela, begiak pizten zaizkie», esan du Ametsek. Hala ere, Irunen egun batzuetan geratzea aholkatzen diete. «Leher eginda iristen dira; batzuk, non dauden ere ez dakitela. Pare bat egunez atseden hartzea gomendatzen diegu, berrindartuta jarraitu ahal izateko».

Egunez, kalean

Hirian martxan dauden bi baliabideetara jo dezakete horretarako: Martindozeneko aterpetxea —Gurutze Gorriak kudeatua— eta hotzaldirako egoitza. «Bakoitzean bost egunez egon daitezke», azaldu du Karrerek. Denera 84 ohe dauzkate; ez dira beti betetzen, baina migratzaile batzuk kanpoan geratzen dira, hamar egunak igaro dituztelako, 22:00ak pasatuta iristen direlako —autobus batzuk beranduago heltzen dira—, edo agiririk ez daukatelako: «Aterpetxe publikoetan sartzeko, Poliziak Andaluzian ematen dien paper bat erakutsi behar dute, esaten duena Espainiako Estatutik atera behar direla. Hori erabiltzen dute identifikatzeko; hori gabe ez diete sartzen uzten. Baina batzuek puskatu egiten dute, ezjakintasunez, edo galdu egiten zaie». «Ez dute kalean lo egiten, geuk bilatzen diegulako lekua, herriko eragileen lokaletan», erantsi du Amaia Okak.

Zailak dira gauak, baina egunak ere ez dira gozoak. Otorduak aterpetxeetan egiten dituzte migratzaileek, baina gainerako denbora guztia kalean ematen dute. Asteburua bereziki gogorra izan dela oroitu du Okak: «Oso gaizki pasatu dugu. Udaletxeko arkupeetan babestu gara, baina han ere hezetasun handia zegoen, hotza, euria, haizea... Eta astelehenean, udaletxea ireki zutenean, esan ziguten ezin ginela han egon mahaiekin eta aulkiekin. Liburutegira joan behar izan genuen».



Negurako jantziak ematen dizkiete harrera sareko kideek iheslariei. Gari Garaialde / BOSTOK PHOTO.

Harrera sarea udatik ari da egun osorako aterpea eskatzen, hotzetik babesteko eta atseden hartzeko aukera izan dezaten iheslariek. Lortu dute: udalak bihartik aurrera irekiko du Martindozeneko egoitza egunez. Erabakia berandu datorrela uste du Okak. Uzkur da: «Ez digute esan nola funtzionatuko duen». Zalantza dute sareko kideei zentrora sartzen utziko dieten eta laguntza eskaintzen segitu ahalko duten.

Izan ere, migratzaileen premia askori erantzuteko antolatu dira: arropa ematen diete —berokiak-eta biltzen ari dira—, dirua ateratzen laguntzen diete, garraio publikoaren berri ematen diete... Osasun arreta ere behar izaten dute batzuek, Alazne Izagirrek azaldu duenez: «Gure lanaren parte bat da anbulatoriora laguntzea eta ospitaleratuta daudenak bisitatzea. Bakarrik daude hemen, eta erakundeek ematen ez duten laguntza hori beharrezkoa da». Karrerek salatu du koordinazio falta larrien berri izan dutela: «Pertsona bati ebakuntza bat egin eta senda-agiria eman, kontuan hartu gabe kalean geratuko zela; edo lesio larriak zituen norbait artatu gabe utzi... Halakoen gainean egon behar dugu».

Gainera, Izagirrek gogoratu du etorkinetako batzuek hemen geratzea erabaki dutela. «Eta hori ere ez da batere erraza». Irunen, dozena bat lagunek abiatu dute asiloa eskatzeko prozedura; bitartean, Hondarribiko komentu huts batean bizi dira. Zaila dutela berretsi du Karrerek: «Hilabeteak itxaron behar dituzte lehen zitarako. Eta ez daukate paperik, ezin dute lanik egin, sare sozialik ez dute, gizarte laguntzak jasotzeko eskubiderik ere ez daukate...».



Bi gazte, muga zehazkatzen. Gari Garaialde / BOSTOK PHOTO.

Pasatzaileak, dirua egiten

Beste kontu batzuetara ere adi egon behar dute sareko kideek. Ametsek egin du oharra: «Muga ertzean jendea dago migratzaileak pasatuz dirua egiten, ezer ez daukanari kenduz». Batzuek 30 euro eskatzen dizkiete; beste batzuek, 150. Iheslari gehienak ohituta daude lekualdatzeen truke dirua ordaintzera, baina halakorik ez onartzeko aholkatzen diete sareko kideek. «Zeren, gainera, batzuetan Santiagoko zubian uzten dituzte», kexatu da Izagirre. Mafiez mintzatu da: «Emakumeengana joaten dira batez ere». Hori dela eta, oso zainduta izaten dituzte andreak: «Euren egoera bereziki gogorra da, bai jaioterrietatik alde egiteko izan dituzten arrazoiengatik, bai bidean jasan dutenagatik: han eta hemen euren eskubideak urratu dituzte emakumeak direlako».

Argazki galeria

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.