Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Haurrak

2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aspaldian baztertu zuen irratiak haur entzuleria. Edo, beharbada, alderantziz gertatu zen: pantailen liluraz harrapatuta, umeek irratia alboratu zuten. Baina ez dira guztiz desagertu, eta eskola-itzulera aprobetxatuz, tarte honetara ekarri nahi nituen.

Nire belaunaldiko haurrok lagun izan genuen irratia. Gaixorik geundenean ohetik entzuten genituen azkar osa gintezen senideek eta auzokoek dedikaturiko ipuinak eta kantak; larunbat goizetan ere bagenuen non aukeratu, eta, lotsa galduta, telefonoaren bidez parte hartzen genuen saioetan, eta, aukera genuenean, publiko moduan ere bai. Aspaldian, berriz, telebistarekin lehiatu ezinik, kate handiek programaziotik kendu zituzten umeentzako saioak, eta tokiko irratietan ematen ziren. 1990eko hamarkadan, zeudenen artean aipatzekoa da Radio Vitorian jaio eta ondoren Euskadi Irratian eman zen Maritxu Berritsu.

Gaur beren presentzia anekdotikoa da. Euskaraz eskaintzen direnen artean, Arrosa Sareko irratiek Bilbo Hiriak larunbatetan eskaintzen duen Gaur ez dago eskolarik ematen dute —podcasten bidez ere entzun daiteke—. Bizkaia Irratiak, berriz, gaztetxoei zuzendutako Dona Dona lehiaketaren buelta iragarri du webgunean.

EITBk, berriz, irrati programazioan duen hutsunea betetzeko asmoz, EITB Podkast atarian eskaintzen ditu ume eta gaztetxoei zuzendutako hiru fikzio lan: Ipuin Txiki Soinu Handi, aita-semeen kontakizunek osatutako 24 atal; Sara eta Paul, Bernardo Atxagaren Logalea zeukan ekilibristaren kasua obran oinarrituta Iñaki Beraetxek egindako egokitzapena, eta Kuku, etxeko txikienei zuzenduta. Zaindutako produktuak dira, 5-10 minutuko iraupena dutenak, eta horiez baliatuta bullying-a, bizikidetza edota pertsonen aniztasuna bezalako gaiak jorratzen dira.

Umeek akaso ez dute irratia entzuteko ohiturarik, ezta zaletasunik ere, baina oso gustuko dute irratsaioak egitea. Euskal Herriko ikastetxe askok eskola-irratia dute. Estudio edo gela bat, mikrofonoak eta ordenagailua, ez dute teknologia gehiago behar, eta komunikazioa, hizkuntza eta elkarkidetzarekin loturiko gaitasunak lantzeko tresna ezin hobea da. Saioak, gainera, batzuetan ikasgeletatik ateratzen dira; adibidez Donostiako Aitor Ikastolako ikasleek bertako Ttan-Ttakun irratian saio bat dute, eta ugariak dira podcast bihurtzen direnak.

Pantailen aurka lehiatzea zaila bada ere, balia gaitezen aukeraz, eta elkarrekin entzun dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.