Madrilgo hauteskundeak

Emaitzak giroan eragin dezake

Bozak Isabel Diaz Ayusok irabazita ere, Espainiako gobernabidea ez dago kolokan, EAJren eta EH Bilduren ustez. Mezuen gaineko ohartarazpena egin dute.

Behargin bat, atzo, hauteskundeetan erabiliko duten materiala gainbegiratzen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Behin Madrilgo erkidegoko bozak pasatuta, aurreikusi daitekeen jokalekuposibleenetako bat da jarduneko presidente eta PPren hautagai Isabel Diaz Ayusok gobernatzea, izan Voxekin koalizioan edo eskuin muturraren aldian aldiko laguntzarekin. Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal indarretako kideek uste dute, ordea, horrek ez diola Espainiako egoera politikoari eragingo bere horretan. Baina erantzunek badituzte ñabardurak. «Espainiako Gobernuaren iraunkortasuna ez dago jokoan Madrilen gertatuko denarengatik; ez dago horretarako arriskurik. Hori bai, Ayusok gobernatzen badu, PP puztuta ibiliko da, eta, beharbada, jarrera erasokorragoa edukiko du Kongresuan», nabarmendu du Aitor Esteban EAJren behe ganberako bozeramaileak. Mertxe Aizpurua ganbera bereko EH Bilduren eledunarentzat, giroa «oraindik eta toxikoagoa» izango litzateke. « Horrek erakutsiko luke, jendeak sumatuko luke, eskuina gero eta indartsuago dagoela».

Eskuinaren garaipenak Euskal Herriari zer ekarriko liokeen galdetuta, horrek emango lukeen mezuari erreparatu dio koalizio independentistako diputatuak. «Mezu frankista eta faxista mahai gainean jarriko lukete berriro; horretarako balioko luke. Uste dut hemen ez dutela ezer irabazteko, eta bide horretatik ez dutela irabaziko». Jeltzaleak esan du begiratzeko «Euskadin» zer den Vox; «baina ez hori bakarrik: ikusi zer pisu duen PP-Ciudadanosek». Horren guztiaren harira, Esteban «harri eta zur» dago «Euskadiko hedabideek ere» Madrilgo erkidegoko hauteskundeei «zenbateko garrantzia» eman dioten ikusita. «Ezin dut ulertu zergatik. Ez dakit telebista eta komunikabide handien eragina den edo zer arraio... Ematen du Madrilen jokatzen dela Europako etorkizuna. Niri ez zait hainbesterainokoa iruditzen».

Ciudadanosez

Nolanahi ere, datorren astearteko bozetako emaitzek Espainiako Kongresuko joko politikoari eragin diezaiokete, eta bai Aizpuruak eta bai Estebanek Ciudadanosen rolean egin dute azpimarra. «Dirudienez, Ciudadanos kanpoan geldituko da; ez da botoen %5era helduko [botoen ehuneko hori lortu behar da, gutxienez, gero ordezkaritza edukitzeko]», azaldu du EAJkoak, eta pentsatzen du mugimenduak eragingo dituela alderdiaren barruan: «Ziurrenik, kargu publikoetan dauden batzuek erabakiko dute beste alderdi batzuetara hurbiltzea. Hori izango da maldan beherako bidea Ciudadanosentzat».

EH Bildukoak gogoratu du orain arte «gontz» rola jokatu duela alderdi laranjak. «Denok dakigu [Pedro] Sanchezek Ciudadanos hor mantendu nahi izan duela, beti egin nahi izan dituela itunak ezkerrarekin eta eskuinarekin». Baina, Ciudadanosek ez baldin badu ordezkaritzarik lortzen Madrilgo Biltzarrean, ezegonkortasuna areagotuko litzateke alderdiaren barruan, eta Espainiako Gobernuko presidenteak «galdu egingo» luke, Aizpuruaren arabera, «denekin jokatu nahi izateko aukera edo joera hori».

Babesez, sostenguez, ari direla, Estebanek badaki Ayuso «nondik» datorren, zer «jatorri» duen —«Falangekoa izan zen»—, eta «Miguel Angel Rodriguez, [Jose Maria] Aznar», besteak beste, inguruan dituela. «Esan du Voxen planteamendu guztiak ez direla muturreko eskumakoak, denak ez direla onartezinak... Mezu eskasa da hori». Hala eta guztiz ere, ez daki Vox Madrilgo gobernuan sartuko duen ala ez. «Europara begira mezu oso txarra emango luke; faxismoa normaltzea izango litzateke». Eta jeltzaleak azpimarratu du, batetik, Alemanian eta Frantzian, esaterako, ez dela gobernu akordiorik egiten ultrekin; bestetik, zer gertatu den Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen Fidesz eskuin muturreko alderdiarekin ere: Europako Alderdi Popularretik atera da.

Dena den, ez daki «ziur» Voxek koalizio gobernu bat nahiko ote zukeen. «Azken finean, kanpaina hau bi urterako da, bi urte barru berriro bozak [Espainiako Gorteetakoak] daudelako, eta igual komeni zaiolako kanpoan egotea, nahi duenean Madrilgo gobernuari min egiteko, nahi duenean laguntzeko».

«Aukera» ezkerrarentzat

Kaleratutako inkesta batzuek diotenez, baliteke ezkerreko alderdien baturak (PSOE, Mas Madrid eta UP Unidas Podemos) eskuinekoena (PP, Vox eta Ciudadanos) gainditzeko modua izatea. Aizpuruak uste du horretarako «aukera» badagoela. Estebanentzat, jokaleku posible horrek «estatu mailakoaren antzeko gobernu bat» ekarriko luke, eta «Ayusoren moduek galtzeko bidea» hartu lukete. «Pablo Casado libreago sentituko litzateke [Santiago] Abascalen kontrako hitzaldian esandakoei eusteko eta Ayusoren inguruaren eragina gutxitzeko».

Moduak aipatuta, bi bozeramaileen iritziz, joan den ostiralean SER irratiko debatean gertatutakoak —Rocio Monasteriok (Vox) ez zuen gaitzetsi Pablo Iglesiasek (UP) pairatutako heriotza mehatxua, eta zalantzan jarri zuen— balio izan du kanpaina aldatzeko, nolabait. EH Bildukoaren aburuz, ezkerreko alderdiak «bloke gisa» ari dira agertzen orain, eta hori «garrantzitsua» delakoan dago; are, horrela jokatzeak hirurei mesede egin diezaiekeela pentsatzen du: «Oraintxe baietz uste dut, eta hori egin behar da: faxismoaren kontrako kanpaina bat». EAJkoarentzat, PSOEk «koalizio moduko bat» onartu du. «Beste biderik ez zegoen».

Aizpuruak nabarmendu du, bide batez, debatean gertatutakoa baliagarria izen dela ikusarazteko«benetan» zer gertatzen ari den. «Bestela, badirudi politika fikzio batean gaudela, eta zuzentasun politikoaren barruan hainbat gauza onartzen direla. Hori ezinezkoa da». Estebanentzat, gertatu zenak, «arriskuak», ezkerra gehiago mobilizatzera bultzatuko du, «beharbada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.